
Joxemari Mitxelena buru zuen Pilota 7 haizetara hautagaitzak irabazi ditu Euskadiko Euskal Pilota Federazioko hauteskundeak. 47 boto jaso ditu oiartzuarrak eta 30 Enaitz Olaetak, Euskal Pilota Mundura hautagaitzakoak.
Gotzon Enbilen testigua hartuko du Joxemari Mitxelenak Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidente gisa. Garai historikoa dator aurretik, zumaiarraren zortzi urteko agintaldia balentria handi batekin itxi baitzen: Nazioarteko Federazioaren onarpenarekin. Aurrerantzean, Euskadiko Federazioa nazioarteko kide izango da eta erronka mardulei egin beharko die aurre zuzendaritza talde berriak.
Mitxelenaren ‘Pilota 7 Haizetara’ hautagaitzak irabazi du larunbat honetan, Abadiñon –Federazioaren egoitzan– egindako hauteskundeetan. %80,2ko parte-hartzearekin –deituak zeuden 96 klubetatik 77k bozkatu zuten–, botoen %61 jaso ditu Mitxelenak (47 boz, alegia). Beste hautagaitzak, Enaitz Olaetaren ‘Euskal Pilota Mundura Taldea’-k, 30 boto jaso ditu.
Fase berri eta historiko honetan, Mitxelenaren alboan, presidenteorde izango da Asier Amondo Gorostiza, idazkari lanetan arituko da Eder Urresti eta diruzaina izango da Eduardo Agirre. Gainontzeko hamar batzordekideen zerrenda honakoa da: Oier Zearra, Aritz Erkiaga, Itsaso Erasun, Ibon Taberna, Peru Egurbide, Ion Eskudero, Alaitz Badiola, Itsaso Zubizarreta, Aimar Amondo eta Koldo Uribe.
Gainera, talde honetara batuko dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako federazioetako presidenteak. Hauek behin lurraldeetako federazioetako hauteskundeak ospatzen direnean ezagutuko ditugu
Euskal Selekzioaren erronka mardula
Hauteskundeen atarikoan, Mitxelenak NAIZ Irratian xehetu zituen beraien bide orriaren ildo nagusiak. Noski, Euskal Selekzioa txapelketa ofizialetan lehiatzen ikustea izango da erronka nagusi bezain mardulena. Munduko Pilota Konfederazioan jada berme osoz lehiatzen du Euskal Selekzioak, zazpi lurraldeetako pilotariekin osatuta. Bada, «gauza berbera gustatuko litzaiguke Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatzen dituen txapelketetan ere», Munduko txapelketak, kasu. Hurrengo txapelketa handia Argentinan jokatuko da, hurrengo urtean, eta 2030ean Bizkaian lehiatuko da: «Pilotariek nahi badute gurekin jokatzea, hori izango litzateke ere guk nahiko genukeena».
Hain zuzen ere, ildo horretatik, ‘Euskal Selekzioa Orain’ ekimena sortu zen duela aste batzuk. Makean egin zuten aurkezpena eta lehen biltzarra, Euskal Herria bere osotasunean ordezkatuko duen selekzio bat sortzeko sustatzaile gisara. Amaia Larralde pilotaria da kideetako bat eta NAIZi onartu zion Jakitun zirela ‘Pilota 7 Haizetara’ hautagaitzak ere ideia berberak zituela. Hauteskundeen emaitzen arabera jakingo zutela «zer bilakatuko» diren; alegia, elkarlanerako zubi edo Euskal Herriko selekzioaren sortzaile.
Diruzainketatik presidentera
Joxemari Mitxelena diruzain moduan ibili da azken lau urteetan. Federazioaren egoera ekonomikoa larria zela-eta jo zuen Enbilek oiartzuarrarengana, 40 urte banketxe batean lan egina baitzen. Aurretik ere Euskadiko Federazioarekin harremana zuen, Joko zuzeneko arduraduna zen heinean.
Orain, aipatu ofizialtasunaren atakaren garai historikoaz gain, aro oparoa da elkartearentzat, zor guztiak kitatzea lortu baitute. Hain zuzen ere, bi hautagaiek, Mitxelenak zein Olaetak, nabarmendu nahi izan zuten Gotzon Enbilek arazo askori aurre egin behar izan ziela eta beraz, zumaiarraren lana goraipatu nahi izan zuten. Oso egoera kritikoan hartu baitzuen Federazioa eta aro historiko bat abiatzeko osasunez beteta utzi baitu.
Mitxelena buru izango duen zuzendaritza taldearen erronka nagusia Nazioarteko Federazioan indartzea eta Euskal Selekzioa ofizial izatea izango da baina badaude «indartu» nahi dituzten beste hainbat atal ere: «kluben kluba» izatea, alegia klubak indartu eta babestea; euskararen presentzia areagotzea –«euskara eta pilota gauza bera direlako»–, emakumeen presentzia frontoietan handitu eta sustatzea, Euskal Herriko txapelketak indartzea –Espainiako Federazioarekin harremanak hobetu eta bi txapelketak denboran ez kointziditzea– eta komunikazioan ere hobetzea, izan prentsarekin eta sare sozialetan.

‘El Inhumano’ de ‘La infiltrada’, señalado por torturas en Via Laietana y en Gipuzkoa
Fermin Muguruza pone Madrid en ebullición con su akelarre antifascista

Operación «preventiva» de la Ertzaintza contra un torneo de fútbol de calle en Gasteiz

Elkarrekin y Elorza unen fuerzas para convertir San Bartolomé en «el Waterloo» de Eneko Goia
