Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Euskal Herria ordezkatuko duen selekzioaren lehen pilotakada eman dute Makean

Egun osoko egitaraua eta ‘Euskal Selekzioa Orain’ ekimenaren lehen biltzarrarekin, Euskal Herriaren ordezkari izango den pilota selekzioa aldarrikatu dute Makean. Honen hurrengo urratsak estuki lotuta egongo dira Euskadiko Pilota Federazioko hauteskundeekin –hilaren 25ean egingo dira–.

Eñaut Etxeberria, Amaia Larralde eta Jon Larrondo pilotariek eman dute prentsaurrekoa Makean.
Eñaut Etxeberria, Amaia Larralde eta Jon Larrondo pilotariek eman dute prentsaurrekoa Makean. (Guillaume FAUVEAU)

Azken hilabeteetan pilotaren bitartez piztu da Euskal Selekzioaren aldeko sugarra. Zerikusirik ere izango du 2022an Estatu Espainoleko Kongresuan onartu zen kirol legeak. Ofizialtasunerako ate bat ireki zitzaien lurraldean sustraituta dauden kirolei edo federazio estatala baino lehenago sortutako erakundeei (pilota eta surfa, kasu).

Orduztik, eszeptizismoa lagun, zalantzan jarri zen ataska bat ireki bai baina beste asko ez ote zituen itxiko lege honek. Apenas eman dira urratsik lege hori onartu zenetik, stand by egoera nagusi izan da, pilotari amateurrek otsoa belarrietatik hartu duten arte. Herriaren sugarra berriro piztuta, Euskadiko Federazioa ere serio aritu da, eta 2024 urtea bukatzearekin batera, Nazioarteko Federazioan onartua izan zen. Ezinbesteko urratsa Euskal Selekzioa ofizial izateko.

Urrats bat ematen den aldiro, ordea, galdera asko mahai-gaineratzen dira: ze Euskal Selekzio izango da ofizial? EAEko pilotariek osatuta, Hegoaldekoek, Euskal Herria bere osotasunean ikusiko al dugu ordezkatua? Bada horri erantzun bat eman asmoz eta Euskal Selekzioak Euskal Herria ordezkatu behar duela eragiteko helburuz, “Euskal Selekzioa Orain” ekimena aurkeztu dute larunbat honetan Makean (Lapurdi). Amaia Larralde, Jon Larronde eta Eñaut Etxeberria pilotariek eman dute prentsaurrekoa.

«Euskal Herriko selekzioa sortzea» du xede, Amaia Larralde pilotariak NAIZi aurreratu dion legez. Zazpi lurraldeetako pilotariekin osatutako selekzio baten alde egingo dute borroka baina horretarako, Euskadiko Pilota Federazioaren hauteskundeen zain egon behar dute. «Jakiteko gu zer bilakatuko garen».

Euskal Pilota Federazioan hauteskundeak egingo dira hilaren 25ean. Bi hautagaitza aurkeztu dira: Joxe Mari Mitxelena buru duen ‘Pilota Zazpi Haizetara’ eta Enaitz Olaetaren ‘Euskal Pilota Mundura Taldea’. Bestalde, Nafarroako Federakuntzako presidente izendatu berri da Andrea Lusarreta pilotaria.

Hain zuzen ere, Euskadiko Federazio berrituak izango dituen ildoek markatuko dute ‘Euskal Selekzioa Orain’ ekimenaren bidea. Larraldek azaldu du bi hautagaitzeko batek –Pilota Zazpi Haizetara– gehiago militatzen duela Euskal Herri osoko selekzioarekin baina oraindik ez dakitela «deus». Irabazten duenak irabazten duela, dinamika honen helburua izango da zazpi lurraldeetako selekzioa sortzea.

‘Euskal Selekzioa Orain’ ekimenaren lehen bilkura egin dute. (Guillaume FAUVEAU)

2026an Argentinan jokatuko da Munduko txapelketa eta 2030ean Euskal Herriak hartuko du berriro ere, kasu honetan Bizkaian. Larraldek ohartarazi du Argentinako Munduko txapelketara selekzio propio batekin iristea helburu kapitala den arren –edota 2030ekora, ‘Gu ere Bai’ elkarteko kide Patxi Gaztelumendik GAUR8n esan legez–, bitartean badaudela beste txapelketa batzuk ere, eta horietan euskaldunek ez Espainia ez Frantziako elastikoa defendatzean indarra egitea ere funtsezkoa dela.

Espainia eta Frantziari uko egin dutenei babesa

Pilotari gazte asko biltzen dira horrelako txapelketetan eta pasa den urteko ekainean pilotari talde batek uko egin zion Espainia eta Frantziako selekzioekin jokatzeari, honek euren ibilbidean ekar diezazkieken traba eta oztopoak bere eginda. Iruñeak hartu zuen 22 urtez azpiko Munduko txapelketa abuztuan eta 2023an Biarritzen gertatu bezala, kirol euskaldun batean, etxeko pilotalekuan, selekzio propiorik gabe lehiatu zen.

Euskal Selekzioaren sorkuntzan eragile nagusia izateko intentzioa argia den arren, Larraldek indarra jarri du baita ere Frantzia eta Espainiako selekzioei uko egin zien pilotari horiei babesa eskaintzean ere.

Momentuz, lehen pilotadaka eman dute Makean –prentsa agerraldi eta egitarau oparoarekin–, aurretik lan egin duten eragileen hauspoa hartuta –izan Euskal Herriko Pilotako Euskal Selekzioaren Aldeko Mugimendua edo ESAIT–. Lapurdin du sorrera “Euskal Selekzioa Orain” ekimenak, Ipar Euskal Herriko 15 pilotarien indarrarekin, baina Larraldek gogorarazi du «elkarte ireki bat dela» eta Bidasoaren bi aldeetako eragile zein elkarteekin elkarlanean arituko direla.

Larralde, pilotaria izaki, biziki motibatua dago fase berri honekin. Pilotak piztu du berriro ere Euskal Selekzioaren aldeko sugarra eta bereziki, Iparraldean «20 bat pilotari gazte mugimendu honetan borrokan» egoteari garrantzia eman dio. Hain justu, belaunaldi aldaketa ere eman da eta ireki den ataska hori guztiz zabaltzeko indarra egingo dute, Bidasoaren alde banatan, elkarrekin. Hurrengo hitzordu garrantzitsua, hilaren 25ean, Euskadiko Federazioko hauteskundeetan.