Kazetaria / Periodista

Migratzaileak, beldurrez baina zuhur Trumpen agintaldiko lehen astean

Jakina zen Donald Trump indartsu eta energiaz sartuko zela Etxe Zurian. Eta ez da inongo ezustekoa izan immigrazioa jartzea jomugan lehen diskurtsotik. Argi esan zuen hilabetetan eta bere jarraitzaileek ere AEBetako puntarik punta zabaldu zuten mezua: deportazio masiboak nahi dituzte orain bertan.

AEBetako Immigrazio eta Aduanen Kontrolerako Zerbitzua (ICE) Little Villagen (Chicago) dagoela ohartarazten duen kartela.
AEBetako Immigrazio eta Aduanen Kontrolerako Zerbitzua (ICE) Little Villagen (Chicago) dagoela ohartarazten duen kartela. (S. OLSON | GETTY/AFP)

Estatu Batuetako presidenteak dozenaka babes kendu ditu, arau berriak sortu, 1.500 militar bidali ditu mugara, Kongresuaren lehen lege bat lortu du etorkinak atxilotzeko (demokraten zati baten laguntzarekin), eta migratzaileentzat «santutegi» izendatutako hiri eta estatuei laguntza federalak kendu nahi dizkie.

Alexandria Ocasio-Cortezek diskurtso indartsua egin du Kongresuan Riley Lake legearen aurka, iristear dagoenari buruz: «Atxilotze gune pribatu bat zabaltzen dutenean zuen herrian, Ameslari bat (haurtzaroan ekarritako ume bat, AEBak baino ezagutzen ez dituena) desagertzen denean ikasgelatik eta zuen ordezkariek esaten ez zekitela hau gertatuko zela, jakin ezazue bazekitela, eta hala ere baietz bozkatu zutela».

Egoera berriaren ondorioz bolo-bolo dabilen gaiari heldu zion New Yorkeko kongresistak: Texasko mugan eta beste dozenaka lekutan azpikontrata pribatuen bidez antolatutako diren segurtasun zerbitzuak eta atxilotze guneak. Denak pribatuak, denak diru publikoz hornituak. Milioika dolar horien arrastoa jarraitzea komeni da: «Begira ezazue Kongresuko zein ordezkarirengan ‘inbertitzen’ duten konpainia horiek, eta erreparatu zer bozkatzen duten. Izugarria da jendeak patrika betetzea tragedia beldurgarri baten kontura. Guztiz lotsagarria da».

Normaltasun itxura

Washington hiriburuko Deal eskola ertainean (11-14 urteko ikasleak) normal antzean doaz gauzak Trump aroko lehen astean. Ikasleak gelara doaz, hutsune gehienak egunotako hotzak eta katarroek eragindakoak dira. Gainerakoan, ikasle guztiak daude gelan. Zuriak, beltzak, asiar jatorrikoak, baita latinoamerikarrak ere. Venezuelakoak, Honduraskoak, Guatemalakoak, El Salvadorrekoak, Kolonbiakoak, Nikaraguakoak... Ezin da berehalakoan jakin gurasoek aparteko neurririk hartu duten, sarritan oso modu intimoan lantzen dira gai hauek, eta beldurrak ez dio berdin eragiten mundu guztiari.

Venezuelar familia batek diosku berdin-berdin ari direla bizitzen, autoarekin Uber-en lanean janaria banatzen eta jatetxe batean lanean. Badituzte paperak, behin-behinekoak izan arren, asilo eskatzaileak dira, eta horrekin badute lanerako baimena. Amerika Erdialdetik iritsi diren pertsona gehienentzat egoera desberdina da.

Josue deituko dugun 14 urteko Guatemalako mutil batek dio inbidia diela legezko paperak dituztenei. Mutil bizkorra da, 12 urteko mutiko lotsatia zela iritsi zen eta nerabe bihurri ari da bihurtzen, baina ezin nahiko lukeen maliziarik atera. «Beldur pixka bat daukat, baina uste dut ez dela gurekin sartuko, okerkerietan dabiltzanak kanporatuko dituela uste dut. Nire familia jende ona da».

Babes handieneko leku batean ere bizi da Josue. Washington hiriko Gobernuak ez du bere Polizia deportazioen menpe jarriko. Beste leku batzuetan agertu diren salataririk ere ez da bazterrotan ageri, mundu guztiak argi du elkartasuna eta babesa behar diren uneak direla. Baina horrek beti ez du funtzionatzen. Aski da pertsona bakar baten salaketa, bestalde. Bidenabar, desobedientzia zibilera hurbiltzen den ekimen batek herritarrei ICEren (Immigrazio eta Aduanen Kontrola) auzune zaintzako taldeetan izen ematera animatzen ditu jarraitzaileak. Hau da, salatarien taldeetan sartzea migratzaileen aldeko ekintzaileak, auzunean ibil litezkeen agenteen berri izateko, eta sareen bidez banatzeko. Ipar Carolinan Trumpen lehen agintaldian ere egin zituzten halako ekimenak.

Beldurra

Chicagon jatetxe batzuetan kexu dira langileak ez direlako joan lanera, beldurrez. Kalifornian ere etxalde baten jabeak dio fruta sailetan diharduten beharginen %75 ez zirela agertu. Gizarte zibileko eskubide zibilen elkarteek oharrak argitaratu dituzte denek jakin ditzaten beren eskubideak. ICEko migrazio funtzionarioak ezin dira etxeetan sartu epailearen agindurik gabe. Poliziaburuaren sinadurak ez du ahalbidetzen miaketa, epailearen onespenik ez badago. Zurrumurruak ere zabalduz doaz sare sozialetan, ostalaritzan batez ere, polizia operazioen berri ematen hiri bateko edo besteko jatetxeetan.

Neurri batean, beraz, badago beldurra, badago ezinegona. Bestetik, Tom Homanek Foxen egindako lehen elkarrizketan esan zuen aurreko 24 orduetan 308 atxiloketa egin zituela ICEk. «Batzuk hiltzaileak ziren, beste batzuk bortxatzaileak...». Bidenen agintaldian 300 eta are 400 atxiloketa egin izan dira eguneko mugan.

CNNko Kyung Lah ikerketa kazetariak Hego Dakotako abeltzain bat elkarrizketatu du. Oso estatu eskuindarra da, eta abeltzainak ere Trumpen alde bozkatu du. Bere esplotazioan lanean ari direnen erdiak atzerritarrak direla dio gizonak, eta ez dakiela zein estatus daukaten. Baina ez du uste etorkinak atxilotzera agertuko denik Polizia. «Bi egunetan janaririk gabe geratuko ginateke, nork beteko lituzke gure supermerkatuetako apalak?». Haatik, hori bera da Trumpek agindu duena. Hori eskatzen diote boto-emaileek, horretarako bozkatu dute bere alde.

Paradoxaren neurria gaur eguneko politika berriaren paradigma izan liteke: muturreko mezu populistak, neurririk estremista eta gogorrenak aldarrikatu, jarraitzaileek mezuok errepikatu, haren alde bozkatu, irabazi, boterea lortu eta esandako hori egingo duela iragarri... eta hala ere, norberari dagokion neurrian halakorik ez gertatzea itxarotea. Abortuaren gaian ere oso aspaldikoa da hipokrisia aldarrikatzen denaren eta norbere etxean gertatzen denaren artean, eta behar bada eskuin muturraren diskurtsoaren adibide berria da.

Eliza Ebanjelikoko gotzain batek presidenteari errukia eskatzen dionean ikusten da. Estatubatuar ebanjelikoen zati handienak Trumpen alde bozkatu zuen. Teorian, oso sinestunak dira, erlijioak eragin handia dauka haien botoan. Baina Marian Buddek, haien elizako ministro batek, gizarteko baztertuenen aldeko hitz xume bat izatea aski da sektore erlijioso hori amorrarazteko.

Zalantzarik gabe, puztuago eta indartsuago sentitzen dira poliziarik eta herritarrik xenofoboenak, gustuko ez duten auzoa salatzeko. Teresa Leger Fernandez Mexiko Berriko kongresistak salatu du ICEko agenteak indigenei jazarri zaizkiela. «Trumpek esan zuen immigrante gaiztoak erraz bereiz zitezkeela haien ‘itxuragatik’. Herri indigenetako kideak lehen amerikarren itxura dute. Amaitu jazarpena».

Normaltasun itxuran joan da astea AEBetako leku gehienetan. Mundu guztiak aipatzen du egoera berria, baina ezer ez balitz legez dihardute. «Astea Bostongo etorkinen auzuneetan eman dut eta albistea zen hotz handia egiten zuela. Auzuneak ohiko erritmo eta errutinetan ziharduen. Aldea da Bidenek ez zuela kamerarik erabiltzen eta Trumpek bai» dio kazetari latino batek. Besterik dira sare sozialetan zabaldutako zurrumurruak, eta familia askotan horrek daukan eragina.

Berehalakoan, ez da iragarritako atxiloketa olderik gertatu, baina tantaka egiteak ere psikosia pizteko balio du. Ostegunean, ICEko agenteek Newarkeko (New Jersey) establezimendu batean egin zuten operazioa, epailearen agindurik gabe. Hainbat lagun galdekatu, paperak eskatu eta hiru pertsona gutxienez atxilotu zituzten. «Newark ez da egonean geratuko bertako herritarrak legez kanpo izutzen dituzten bitartean. Giza eskubideak eta eskubide zibilak defendatuko eta babestuko ditugu», esan zuen Ras J. Barakas alkateak. Ez da lehen operazioa, ez da azkena izango.