NAIZ

Elkarrekin Podemosek «euskal fiskalitate justu eta progresiborako» proposamenak aurkeztu ditu

Miren Echeveste, David Rodriguez eta Eneritz Madariaga Elkarrekin Podemosen Batzar Nagusietako bozeramaileek agerraldia egin dute astelegen goiz honetan, fiskalitatearen inguruko beraien proposamena azaltzeko. Etxebizitzaren alorra ere lehentasunezkotzat jo dute.

Echeveste, Madariaga eta Rodriguez, Elkarrekin Podemoseko ordezkariak.
Echeveste, Madariaga eta Rodriguez, Elkarrekin Podemoseko ordezkariak. (Elkarrekin Podemos)

Elkarrekin Podemosen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileek, Miren Echeveste, David Rodriguez eta Eneritz Madariagak beren proposamenak aurkeztu dituzte astelehen goiz honetan foru gobernuei aurkeztuko dizkieten proposamenen berri emateko: «Fiskalitate progresibo bat lortze aldera, aberastasuna birbanatzea, aukera berdintasuna bermatzea, gehien behar duten herritarrei mesede egitea eta zerbitzu publikoak zabaltzeko eta hobetzeko gehiago eta modu bidezkoagoan jasotzea ahalbidetuko duena».

EAJk eta PSEk hiru lurraldeetarako egindako proposamenak «ez du benetako erreforma fiskalik adierazten» salatu dute. Eta adibide gisara, zehaztu dute karga fiskal handiena «langile klasearen eta errenta baxuenen bizkar egongo dela, eta errenta txikienek ez dute inolako laguntzarik jasoko».

«Sistema bidegabea, atzerakoia eta aberastasuna birbanatzeko funtzioa betetzen ez duena» dela adierazi dute, eta Elkarrekin Podemosen proposamenek, aldiz, desberdintasun sozialak murrizten dituztela eta gizartea kohesionatzen dutela defendatu dute, «eskubideak bermatuz eta unibertsalizatuz, diru-bilketa handitzen dute gehien dutenek eta irabazi handiak dituzten enpresek ekarpen handiagoa eginez, eta etxebizitzarako eskubidea gauzatzen laguntzen dute».

Etxebizitza lehentasunen artean

Bestalde, etxebizitzaren auziaren inguruan ere hitz egin dute. Neurri nagusi gisa etxebizitza erosteko etorkizuneko hobari guztiak ezabatzea proposatu dute: «Etxebizitza erosteagatiko kenkariak ezabatu behar dira. Alokairu eskuragarria bultzatu behar dugu, euskal merkatuan ia eskaintzarik ez duena eta salerosketa-merkatuan negozio espekulatiboaren alde egiten ez duena».

Etxebizitzaren alorrean bestelako proposamenak ere mahaigaineratu dituzte: erabilera turistikoko etxebizitzak fiskalki zigortzea, alokairuko ohiko etxebizitzetarako kenkari itzulgarriak eskaintzea, eraginkortasun energetikoa hobetuko duen etxebizitza birgaitzeagatiko kenkaria mantentzea, eta alokairuko etxebizitzen jabeentzako hobaria aldatzea eta prezioak Etxebizitza Ministerioak ezarritako erreferentziazko indizeetara edo horretarako sortutako beste indize batera doitzen dituztenei soilik aplikatzea. Era berean, etxebizitza Lakuaren alokairu babestuko programen esku (Bizigune edo ASAP...) jartzen duten errentatzaileei % 90era arteko murrizketak eskaintzea proposatu du, eta edukitzaile handiei tasak handitzea (jabetzako bost etxebizitzatik gora).

«Guretzat funtsezko gai bat da, negoziazio fiskal orotan kontuan hartu beharrekoa. Etxebizitzaren arloko neurri fiskal asko egin daitezke etxebizitzaren arazoari benetan heldu nahi bazaio», baieztatu dute.

Aberastasunaren birbanaketa

Gizarte-aurreikuspenaren arloan, Elkarrekin Podemosek BGAEetarako ekarpenen pizgarri eta murrizketa guztiak kentzearen alde egin du. Ordezkarien ustez pentsioen sistema publikoa indartzeko «funtsezko» gaia da, BGAEak sustatzeko filosofiak sistema horren aurka egiten baitu beraien iritziz.

Progresibitateari eta aberastasunaren birbanaketari dagokienez, deitoratu dute EAJren eta PSEren berrikuspen fiskalean ez dela «aldaketa esanguratsurik» gertatzen errenta altu eta oso altuek egiten dituzten ekarpenetan, eta hori ia osorik geratu dela, «aberatsak ez dira ukitzen» baieztatu dute.

Astelehen honetako agerraldian proposatu dute aurrezkairen errentek lan-errenten tasa berean tributatu behar dutela: «Ezin da gehiago atzeratu aurrezkiaren eta lanaren zerga-oinarrien bateratzea». Era berean, progresibitatea hobetu behar da, eta errenta-maila guztietan PFEZaren tasak egokitu behar direla esan dute, tarte berriak sartu eta eskala altuenetan tasak handituz. «Tasa igoera hori aberatsenei Ondarearen eta Oinordetzen gaineko zergetara ere eramaten diegu, Europarekin bat egiteagatik behintzat», azaldu dute. Horri dagokionez, euskal enpresa sareak ere «ekarpenak» egin behar dituela gaineratu dute, «bere ahalmen ekonomikoaren arabera».