
Binakako Txapelketako lehen fase luze hau amaitzeko hiru jardunaldi falta direnean, bikoteek azken esprinta egin behar dute finalerdietarako edo play-offetarako sailkatu ahal izateko. Eta asteburu honek gauza asko argitu ditzake, ostiralean Oñatin hasi eta igandean Bilbon amaituko den jardunaldian hain zuzen ere.
Bi partida horietarako material aukeraketa egin dute astearte honetan. Oñatin, Ezkurdia-Rezusta liderrak eta hiru punturekin azken-aurreko postuan dauden Peña II.a-Albisu elkartu dira. Aspeko bikoteak, orain ate ikusi denagatik, oso bideratuta du finalerdietarako txartel zuzena lortzea. Baina aurrean izango dituzten aurkariak «arriskutsu» bezala deskribatu ditu Ezkurdiak.
Izan ere, aurrelari nafarrak gogoratu du Peña II.a-Albisu Peio Etxeberria-Martijaren aurka galtzetik iritsiko direla Oñatiko pilotalekura. «Partida konplikatua dugu. Aurreko astean ez zuten bere mailarik onena eman, baina ematen dutenean oso bikote arriskutsua da, maila handikoa. Gainera, Hendaiako porrota zuzentzeko gogotsu iritsiko dira eta horrek arrisku gehiago ematen die», azpimarratu du materialarekin gustura geratu den Ezkurdiak. Aspekoek 105.4, 105.2 eta 104.2 gramoko hiru pilota aukeratu dituzten bitartean, Peña II.a-Albisuk 105.3, 105.4 eta 105.7 gramokoak aukeratu dituzte.
Arbizukoak oso argi du zer egin behar duten berak eta Rezustak bidea egiten jarraitzeko: «Guk gure bide-orriarekin jarraitu behar dugu: erritmo altua jarri hasieratik jokoaren iniziatiban agintzeko».
Oñatiko pilotalekuan jokatuko duen hirugarren aldia izango da beretzat eta, «nahiz eta urtean behin bertan jokatzen dugun, ona eta oso polita da», adierazi du.
Bilbon, denak goraka begira
Peña II.a-Albisuren sailkapena ez da ona, baina ez da askoz ere hobea Altuna III.a-Arangurenena. Lau puntu dituzte, Jaka-Imazekin berdinduta. Gogoratu behar da azken asteetan bi pilotariak gaixorik egon direla; Altunak pisua galdu du eta guzti. Hala ere, aurreko igandean Laso-Iztuetaren aurka lorturiko garaipen itzelak bide onera ekarri ditu, eta Amezketako aurrelaria tartean egonda, edozer gerta liteke.
Arangurenek berak onartu du Bilbon egindako material aukeraketan igandeko garaipenak «moralez indartzeko balio izan digu». Hala ere, honakoa gaineratu du: «Oraindik bi puntu atera behar ditugu play-offetarako sailkatzeko aukerak izateko. Gainera, azken bi neurketetan aurkari zuzen aurka ikusiko dugu elkar».
Igandeari begira, Aginagako atzelariak argi du zer egin behar duten: «Bi jotzaileren aurka arituko gara. Astelenako bide beretik jarraitu behar dugu: ni atzean aguantatzen saiatu eta Jokin, aukera duenean, aprobetxatzea».
Artola-Mariezkurrena II.ak zazpi puntu dituzte, Elordi-Zabaletarekin berdinduta, eta txapelketako partidarik luzeena eta gogorrena jokatzetik datoz. Izan ere, larunbatean Elordi-Zabaletaren aurka, hain zuzen ere, 22-18 irabazi zuten 734 pilotakada eta ordu bete eta 23 minutuko neurketa jokatu ostean. Bertan, Jon Mariezkurrenak mina hartu zuen belaunean, baina badirudi ez dela ozptopo izango.
Beraz, ikusi beharko da ea atseden ona hartu duten lehen fase honen azken txanpari aurre egiteko. Gaurko material aukeraketan, Aspekoenak baino pilota azkarragoak eta irteera gehiagokoak aukeratu dituzte Baikokoek. Hala, Altuna III.a–Arangurenek 104,4, 104,2 eta 104,8 gramoko pilotak aukeratu dituzte; eta Artola–Mariezkurrena II.ak 105,7. 104,7 eta 105,7 gramokoak.
Finalerdietarako sarrerak, salgai
Pilotari guztien helburua da Binakako Txapelketako finalerdietarako txartel zuzena lortzea. Eta hain zuzen ere astearte honetan jarri dira salgai fase horretarako sarrerak. Bilbok (martxoaren 1ean), Gasteizek (martxoaren 2an), Iruñeak (martxoaren 8an), Eibarrek (martxoaren 9an), Iruñeak (martxoaren 15ean) eta Donostiak (martxoaren 16an) jasoko dituzte finalerdiak.
Sarrerak webgune honetan eros daitezke, 30 –merkeenak– eta 55 –garestienak– euroren truke.

‘El Inhumano’ de ‘La infiltrada’, señalado por torturas en Via Laietana y en Gipuzkoa
Fermin Muguruza pone Madrid en ebullición con su akelarre antifascista

Operación «preventiva» de la Ertzaintza contra un torneo de fútbol de calle en Gasteiz

Elkarrekin y Elorza unen fuerzas para convertir San Bartolomé en «el Waterloo» de Eneko Goia
