
Europa Leagueko sistema berria ezarri zenean –hau da, multzo fasea alde batera geratu zenean–, denak ziren dudak. Ikuskizuna areagotzeko pentsatutako eredua da aurten finkatu nahi izan dutena, eta azken jardunaldian gauzak nola dauden ikusita, badirudi hurrengo urteetan ere sistema bera mantenduko dutela.
Txapeldunen Ligan ikusi zen atzokoan. Europan dagoen txapelketarik handiena irabazteko diren edo ziren faborito batzuk asko sufritu eta beste batzuk kanpoan geratu ziren. Athleticen egoera, zorionez, guztiz ezberdina da Europa Leaguen. Zuri-gorriek puntu bakar bat behar dute, San Mamesen (21.00), Viktoria Plzen txekiarren aurka zuzenean final-zortzirenetarako sailkapena lortzeko –eta beste kanporaketa bat saihesteko– eta hurrengo fasean, gainera, zelaiaren faktorea alde izateko.
Ez hori bakarrik. Gero eta estuagoa den futbol egutegi honetan, atseden hartzeko tarte gehiago izango lukete bizkaitarrek hurrengo kanporaketa jokatzeko, nahiz eta Kopatik kanpo dauden jada.
Pentsa, galduta ere, beste emaitzen arabera zuzenean sailkatuta gera litezke. Lehenengo zortzietatik kanpo geratzeko, galdu eta Lyon, Tottenham, Anderlecht, Galatasaray eta Bodo Glimten garaipenak gertatu beharko lirateke. Hori bai, kontuan izan beharko du ere Steaua Bucarest-Manchester United partida; zuri-gorriek galduz gero, hauetako talderen batek gaindituko baitio. Beraz, nahiz eta Istanbulen Besiktasen aurkako azken neurketa galdu, dena edo ia dena dute alde bilbotarrek.
Alde negatiboak
Alde negatiboak bi izan daitezke. Alde batetik, etxean bertan egon daiteke. Azken asteetan Iñigo Cabacas Herri Harmailak (ICHH) animatzea uztearen erabakiak hutsune handia sortu du zelaian. Hauen arabera, klubak arazoa konpontzeko pausoak ematen ez dituen bitartean, honela jarraituko dute. Jokalariek animoak behar dituzte, baina besteek protesta egiteko baimena ere.
Bigarren arazoa da Viktoria Plzenek ere bere aukerak dituela Top8-an egoteko. Honek gauzak konplikatu ditzake, aurkaria ahal duen guztia ematera etorriko baita motibatuta San Mamesera.
Ernesto Valverdek aipatzen zuen aurreko jardunaldian, Besiktasen aurkako partidaren atarian, non txartela eskura zezaketen jada: «Oso txarrak gara espekulatzera joaten garenean». Istanbulen jipoia jaso zuten (4-1) eta gaurkoan prestatzaileak ez du aitzakiarik nahi izango.
Hala, ikusi beharko da zer nolako hamaikakoa zelairatzen duen, baina jakinda Ligako hurrengo partida igande gauean izango dela, baliteke titularrak erabiltzea. Gainera, zentzu honetan, Oihan Sancet guztiz osatuta dagoela dirudi. Kontrako aldean, Iñigo Ruiz de Galarretak ezingo du jokatu, lesionatuta baitago, eta bera izango da baja bakarra.
Argi dagoena da atean Julen Agirrezabalak jokatuko duela. Hala jakinarazi du asteazken honetako prentsaurrekoan Ernesto Valverdek. Duda handienak, beraz, eskuin hegalean –De Marcos edo Gorosabel– eta zelai erdian –Vesga edo Prados Jauregizarri laguntzeko– egon daitezke.
Gainera, ikusi beharko da ea Berenguerrek titular bezala ospa dezakeen bere 200. partida Athleticekin, edo bere ordez guztiz osatuta dagoen Djalo ipintzen duen. Bestalde, hamaikakoan espero dira Iñaki eta Nico Williams anaiak, «gainkarga txiki bat» duen Yuri eta Guruzeta.
Jokatzen dutenek jokatuta, asteazken honetako prentsaurrekoan Valverdek argi utzi du «irabaztera» aterako direla ostegun honetan. «Gurera egon behar dugu zentratuta, eta hori asko da. Zortzi onenen artean sailkatzeko aukera dugu, hasierako helburua besterik gabe sailkatzea zenean», gogoratu du prestatzaileak.
Aurkariari dagokionez, ohartarazi du «Slaviaren oso antzekoa» dela, txekiarra ere, eta San Mamesetik pasa den talderi onena ziur aski. «Oso Deseroso egiten du jokoa, defentsan borroka asko eta gizonari markaketa eginda. Baloi geldietan talde indartsua da eta goiko borroketan mina egin dezaketen jokalariak ditu; eroso sentitzen dira partidak jaberik ez badu. Multzo fase oso ona egin du, Manchester Uniteden aurka bakarik galdu du eta kanpoan ez du galdu», azpimarratu du valverdek.
Defentsa sendoa
Eta zer espero da Viktoria Plzenengandik? Hurrengo kanporaketarako txartela eskuratuta dute jada eta Miroslav Koubek prestatzaileak ontzat ematen du egoera hori. Baina kontuz, aurreko jardunaldian Anderlecht talde belgikarra menperatu baitzuten, eta Realaren aurka ere irabazi zuten.
«Jokalariek denbora asko daramate elkarrekin jokatzen. Jokoa beti atzetik eraikitzen da eta gure atzeko lerroak asko laguntzen digu. Errendimendu eta osasun egonkorrak mantentzen ditu», adierazi zuen Koubekek. Ea gaur apurtzen den.

La Ertzaintza deja impune la desaparición del test de drogas del hijo de un jefe policial

Mueren tres esquiadores, uno vasco, por un alud junto a los ibones de Brazato (Panticosa)

El actor Sambou Diaby, expulsado de un bar de Bilbo acusado de mantero: «Aquí no puedes vender»

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia


