NAIZ
Brusela

Euskara EBren Kontseiluaren agendan dagoela baieztatu du Antonio Costa presidenteak

EBko Kontseiluko presidente Antonio Costak Imanol Pradalesi esan dionez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoak «paper garrantzitsua joka dezakete Europaren lehiakortasun eta berrindustrializazio politiketan». Estatuenak ez diren «beste errealitate batzuk» EBren politikan presente egotearen alde agertu da.

Antonio Costa EBko Kontseiluko presidentea eta Imanol Pradales EAEko lehendakaria, asteazken honetan Bruselan egindako bileran.
Antonio Costa EBko Kontseiluko presidentea eta Imanol Pradales EAEko lehendakaria, asteazken honetan Bruselan egindako bileran. (IREKIA)

Europar Batasuneko Kontseiluko presidentearekin, Antonio Costarekin, izandako ordubeteko bileraren ostean Imanol Pradales EAEko lehendakariak azaldu duenez, euskara EBren Kontseiluaren agendan dago eta etorkizunean ofiziala izateko irekitako aukeraren aurrean zer egin aztertzen ari dira.

«Gai delikatua da 27 Estatu daudelako, bakoitza bere iritziarekin, eta batasuna lortu behar delako. Horrenbestez, poliki-poliki egin behar dira gauzak eta zuhurrak izan egiten ari diren maila goreneko kudeaketa diplomatikoetan», aipatu du Pradalesek.

EAEko lehendakari gisa, Europako erakundeetan «etengabe» euskararen ofizialtasuna eskatzen dabilela baieztatu du.

Hala ere, esan du Europako Parlamentuko plenoan, «Europako herriaren subiranotasuna gauzatzen den lekuan, euskara bezalako hizkuntza bat normaltasunez erabili beharko litzatekeela» eta oraindik ez dela hori gertatzen.

«Maila goreneko bilera»

Bruselara egindako bigarren bidaia ofizial honetan, EAEko lehendakariak Makroeskualde Atlantikoa, kohesio funtsak, Estaturik gabeko nazio eta eskualdeek Europako politiketan duten papera edota gobernantza berria izan ditu hizpide Costarekin.

Pradalesek EAEk «Europarekin duen konplizitate politikoa» defendatu du, «datozen garaiei aurre egiteko». Bere iritziz, «ikuspuntu politikotik oso garrantzitsua da maila politiko goreneko bilera hau izatea, bi aldeetakoa», eta Bruselako EAEren agendari eragiten dioten kontuak eztabaidatzea.

Bere ustez, beharrezkoa da «EBk gauzatuko dituen politiken norabidea ezagutzea, azkenean 27 estatuburu esertzen diren Kontseilu baten presidentea baita Costa».

Costak erakutsi duen «sentikortasuna» nabarmendu du Pradalesek, baita «euskal errealitateari buruz duen ezagutza eta ematen dion balioa» ere.

Lehiakortasuna eta berrindustrializazioa

Halaber, EAEko lehendakariak oroitu du «munduko ordena berrosatzen ari den une historiko bati aurre egin beharrean» dela Europa. «Txina eta AEBen blokeek Europa indartsu eta batu bat eskatzen dute, segurtasuna emango duena bere zentzurik zabalenean: teknologian, elikaduran, energian zein defentsan. Hau da, Europaren lehiakortasunean eta berrindustrializazioan jarri behar da indarra nolabait», adierazi du. Eta horretan, EAEk «paper garrantzitsua joka dezakeela» uste du Antonio Costak.

Pradales Europako Garraiobide Jasangarriaren komisarioarekin, Apostolos Tzitzikostasekin, eta Trantsizio Garbi, Justu eta Lehiakor baterako batzordeko presidenteordearekin, Teresa Riberarekin, ere biltzekoa da asteazken honetan.