
Dozenaka lagun bildu dira asteazken honen goizean Donostiako Auzitegiaren aurrean, Piztu ekimenak deituta, Eñaut eta Joseba Alvarezi elkartasuna adierazi eta hiriko Udalak abiatutako auziari erantzuteko. Bi hitzetan laburbildu dute aldarria: ‘Adierazpen askatasuna’. Izan ere, ‘Etxera’ zioen pankarta iazko danborradan hasieran eskegitzeko saiakeraren aurkako jazarpenak eragin zuen istilua, orain epaiketa atarira heldu dena.
Une hartan tirabira arin batzuk baino ez ziren gertatu, ez zen inor identifikatzera behartu, baina aste batzuk geroago Eñaut eta Joseba Alvarez, semea eta aita, seinalatu zituen Donostiako Udaltzaingoak. Hortik abiatu den auzian urte eta erdiko kartzela eskaera emana zegoen semearen aurka, eta bi urte eta erdikoa aitaren kontra.
Azkenean isun bat ordaindu beharko dute, baina espetxeratuak izateko arriskua saihestu da behintzat. Akordio bidez itxi da auzia. Horretan, akusazio nagusia, «atentatua»rena, baztertua izan da.
Isunak 1.680 eta 2.100 eurotakoak izango dira, hurrenez hurren, Eñaut eta Joseba Alvarezentzat. Kode Penalaren 558. artikuluan oinarritu dira horretarako, hau da, «por haber perturbardo gravemente el orden en la celebración de un evento cultural». Gainera, udaltzain bati lesioak eragin izana gezurtatu den arren, 500 euroko indemnizazioa ere ordaindu beharko diote. Bi urtez, San Sebastian egunean eta bezperan Plaza Berrira sartzea debekatzeko eskatu du akusazio partikularrak, baina hori ere bertan behera gelditu da.
Eñaut Alvarezek epai-aretora sartu aurretik azaldu duenez, «muntai poliziala» baino ez da akusazioa, «guztiz faltsua». «Presoak etxeratzeko pankarta Plaza Berrian egon zedin bermatzen saiatzea izan zen guk egin genuen gauza bakarra, eta beraiek izan ziren gure kontra oldartu zirenak», nabarmendu du. Gauzak honela, «militantzia politikoaren kriminalizazioa» ere ikusten dute honen atzean.
Auzia itxita geratu ondoren mezu hau erantsi du Piztuk: «Prozesu honen aurrean elkartasuna adierazi duten norbanako eta eragileei eskerrak emateaz gain, aurrera begira martxan dauden bestelako kasu errepresiboen aurrean ere antolatzen jarraitzeko deia luzatzen dugu. Bide beretik, propaganda politikoa jartzen, adierazpen askatasuna defendatzen eta bestelako Donostia baten alde borrokatzen jarraitzea dagokigu».

Ikasle etorkinei euskara ikastea errazten dien Eusle programaren arrakasta

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Ocho de los Filton24 mantienen la huelga de hambre como protesta por el genocidio en Palestina

