Kazetaria / Periodista

Donald Trump: «AEBek Gaza bereganatuko dute, gurea izango da»

Estatu Batuetako presidenteak Gazatik palestinarrak kanporatu behar zirela esan zuen bart, eta lurraldea AEBen menpe geratu behar dela. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa aldamenean zuela egin zituen adierazpenak Washingtonen. Hamasek «arrazistatzat» jo du eta plana ez du onartuko.

Donald Trump eta Netanyahu, bart Etxe Zurian.
Donald Trump eta Netanyahu, bart Etxe Zurian. (WHITE HOUSE)

«Estatu Batuek Gaza bereganatuko dute, bertan lan egiteko. Gurea izango da, eta ardura hartuko dugu lehertu gabeko lehergailuak eta beste gailu arriskutsu batzuk indargabetzeko, dena eraitsi, suntsitutako eraikinak kendu, dena lautu, eta garapen ekonomikoa sortu, eskualdeko jendearentzako lanpostu ugari eta etxeak eraikiz». Palestinarrik gabe, hori bai. «Ezin da lehengora itzuli. Atzera eginez gero, ehun urtetan gertatu dena berriz gertatuko da».

Zehazki, Ekialde Hurbileko ‘Riviera’ eraikitzeko asmoa adierazi du Trumpek. ‘Riviera’ horretan «munduko jendeak» etxea izango lukeela esan zuen AEBetako buruzagiak. Aurretik ere iradoki izan ditu antzekoak, baina gehienak presidente izan aurretik izan dira, eta presidentzia hartu ostean egindako adierazpenetan ez du atzo bezalako zehaztasunik erabili palestinarrak lurgabetzeari buruz.

Gazako palestinarrak etxerik eta lurrik gabe uztea dakar Trumpen asmoak, eta ez du ezkutatu hala denik. «Denak bai, 1,7 edo 1,8 milioi lagun birkokatuko lirateke, leku eder batera, bizitza eder bat izango duten leku batera, etengabe hilko ote diren beldurrez ibili gabe». Jordania edo Egipto, «edo beste herrialderen bat» aipatu zituen Estatu Batuetako presidenteak. Bi herrialdeek eta gainerako arabiar herrialdeek argi eta garbi utzi dute behin eta berriz onartezina dela hori eta ez dituztela Gazako biztanleak hartuko.

Etxe Zurian zeuden kazetariek estu eta zorrotz hartu zuten Trump. Ea palestinarrak itzuliko ahalko diren galdetuta, «nire itxaropena da han zerbait ederra egitea, eta zergatik nahiko lukete itzuli? Txikituta dago lurraldea, infernua da» erantzun zuen. Beste kazetari batek oihu egin zion «baina haien etxea da, jauna». Trumpek jarraitu zuen: «Ikusi ditut irudiak, inor ezin da han bizi, baina herrialde aberatsak milioiak inbertitzeko prest daude, izan liteke Jordanian, izan liteke Egipton, beste lekuren batean, ez derrigor gune bakar batean, bost edo sei izan litezke». Leku hori baina, ez litzateke Gaza izango, «hilko ez diren bermea izango duten leku bat» jarraitu zuen Trumpek, Netanyahu aldamenean zeukala eserita, «Gazan segurua da hilko direla, behin eta berriz gertatuko da gauza bera».

Estatu Batuak noiz arte geratuko liratekeen galdetuta, «epe luzeko jabetza» ikusten zuela esan zuen Trumpek. Benjamin Netanyahuri Trumpen asmoez galdetutakoan, ados etorri zen, «historia alda dezakeen zerbait dela uste dut. Merezi du bide hori jorratzea».

Aurkako erreakzioak

Palestinak NBEn duen enbaxadoreak gogor kritikatu du Trump. «Gure lurraldea gure lurraldea da. Palestinarrek Gaza berreraiki nahi dute, eskolak, ospitaleak, azpiegiturak, hangoak direlako eta han bizitzea maite dutelako. Eta liderrek palestinarren borondatea errespetatu beharko lukete» esan du Riyad Mansourek New Yorken, eta gogora ekarri «bi ordutan laurehun mila palestinar Ipar Gazara itzuli ziren». Trumpek esan bezala «lur zati on, berri eta eder batera» bidali nahi baditu palestinarrak, egun Israelen lurraldean dauden jatorrizko etxeetara itzultzen uzteko esan dio palestinar ordezkariak.

Rashida Tlaib AEBetako kongresista palestinar-estatubatuarrak, berriz, «garbiketa etnikoaren aldeko aldarrikapena» egotzi dio Trumpi. «Estatubatuar langileei funts federalak kentzen dizkien bitartean, Israelgo Gobernua finantzatzen jarraitzen» duela leporatu dio Michiganeko ordezkari demokratak.

Chris Van Hollen Marylandeko kongresista demokratak ere gogor kritikatu zuen Trump: «Esan berri du AEBen politika izango dela indarrez bi milioi palestinar Gazako Zerrendatik desplazatzea. Hori garbiketa etnikoa da, beste izen batekin. Eta gero dio AEBek Gazaren jabetza izango luketela hura garatzeko, eta beste herrialde batzuek hartuko lituzketela palestinar horiek. Presidente hau poxpolo bat botatzen ari da lehen ere egoera oso hauskorra den leku batean».

Errepublikanoen artean ere uzkur hartu zuten, besteak beste kanpainako leloetako bat tropa gehiagorik inora ez bidaltzea zelako. Lindsey Graham senatariak esan zuenez, bere barrutiko herritarrak «ez daude animo handiz estatubatuarrak bidaltzeko Gaza hartzeko. Arazoa izan daitekeela uste dut». Era berean, AEBen «lagun arabiarrek» esateko dutena entzun behar zela gaineratu zuen.


Atzerritik, Saudi Arabiak ere berehala erantzun zuen. Palestinako estatu independente baten aldeko jarrera azpimarratu zuen atzerri ministerioaren oharrak: «Gaur egun nazioarteko komunitatearen betebeharra Palestinako herriak jasaten duen giza sufrimendu larria arintzeko lan egitea da; palestinarrek bere lurraldearekin konprometituta jarraituko dute, eta ez dute alde egingo».

Hamas: «Arrazista» eta «gizarteriaren aurkako krimena»

Hamasek ere azkar erreakzionatu du Trumpen asmoen aurrean eta bere plan «arrazista» ez duela onartuko ziurtatu du, «gizateriaren aurkako krimena delako».

«Herri palestinar honek 15 hilabetez tinko iraun du makina militar boteretsuenaren eta Armada kriminalenaren aurrean, eta hura lekuz aldatzeko saiakera zapuztu du; bere lurrari atxikita jarraituko du eta ez du plan hori onartuko kostua kontuan hartu gabe», adierazi du Abdul Latif al Qanou Hamaseko bozeramaileak ohar batean.

«AEBen jarrera arrazista koherentea da Israelgo eskuin muturrak gure herria lekuz aldatzeko eta haren kausa suntsitzeko duen jarrerarekin», jarraitu du Qanouk. Nazioarteko komunitateari dei egin dio Trumpen adierazpenak baztertu ditzan eta palestinarren autodeterminaziorako eskubidea babestu dezan Israelen okupazioaren aurrean.

Sami Abu Zuhri Hamaseko buruzagia ere ildo beretik mintzatu da eta Trumpen adierazpenak gaitzetsi egin ditu eta eskualdean «kaosa eta tentsioa» sortzeko besterik ez dutela balio esan du.

Palestinar Agintaritzako buru Mahmud Abbas ere Trumpen egitasmoaren aurka agertu da eta Gaza «osorik» Estatu palestinarraren parte dela defendatu du.

«Ez dugu onartuko gure herriaren eskubideak urratzea, hamarkadak daramatzagulako borrokan eta sakrifizio handiak egin ditugulako», adierazi du.

Egiptoko Atzerri ministro Badr Abdelatyk Gazako Zerrenda berreraikitzearen garrantzia azpimarratu du, betiere «palestinarrak bertan direla».

Jordaniako errege Abdallah II.ak ere palestinarrak Gaza eta Zisjordaniatik kanporatzearen aurka agertu da eta kolonoak bertan finkatzeko saiakerak geldiaraztearen beharraz mintzatu da. «Palestinarrek beren lurretan egon behar dute».

Saudi Arabiak nabarmendu du ez duela Israelekin harreman diplomatikorik hasiko Estatu palestinar independente bat ez badago.

Hakan Fidan Turkiako Atzerri ministroak «onartezintzat» eta «txartzat» jo du Trumpen proposamena, eta gogorarazi du arazoa palestinarren deportazioarekin hasi zela, eta irtenbide bakarra bi estatuen konponbidea dela, Jerusalem Ekialdea palestinarren hiriburu izanda.

Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideetarako Goi Mandatari Volker Turk-ek ere erantzun dio AEBetako lehendakariari: «Lege oinarririk ez duen pertsonen deportazio edo nahitaezko lekualdatze oro erabat debekatuta dago».

«Nazioarteko Zuzenbidea oso argia da, autodeterminazioa oinarrizko printzipioa da eta estatu guztiek babestu behar dute, Nazioarteko Justizia Gorteak duela gutxi azpimarratu duen bezala», adierazi du Turkek.

Txinak ere gaitzetsi egin du Trumpen plana eta israeldarren eta palestinarren arteko gatazka konpontzeko bi estatuen soluzioa defendatu du, Lin Jian Atzerri Ministerioko bozeramaileak esan duenez.

Europatik, frantziar Atzerri Ministerioak esan du Nazioarteko Zuzenbidearen «oso urraketa larria» litzatekeela palestinarrak Gazatik kanporatzea, «palestinarren asmo legitimoen aurkako erasoa» izango litzatekeela eta «bi estatuen konponbiderako oztopo garrantzitsua eta lehen mailako faktore ezegonkortzailea» Ekialde Hurbil osorako.

«Frantziak berretsi du Gazako biztanleria palestinarraren edozein nahitaezko desplazamenduren aurka dagoela», adierazi du ohar batean.

Italia ere bi estatuen soluzioaren alde mintzatu da eta Trumpen plana gauzatzea «oso zaila» izango litzatekeela adierazi du.