NAIZ

EITBk zuzendaritzarako lan-eskaintzaren oinarriak «manipulatu» dituela salatu du LABek

«Hautaketa prozesuan egindako urraketa ezkutatzeko asmoz», EITBko zuzendaritzak eitb.eus eta EITBren Sozial Mediako zuzendari izateko lan-eskaintzaren oinarriak «manipulatu» egin dituela salatu du LAB sindikatuak.

Salaketa irudi honekin lagundu du LAB sindikatuak.
Salaketa irudi honekin lagundu du LAB sindikatuak. (LAB)

EITBko zuzendaritzari eitb.eus eta EITBren Sozial Mediako zuzendari izateko lan-eskaintzaren oinarriak «manipulatzea» leporatu dio LABek. Ohar baten bidez egindako salaketari irudi bat gehitu dio. Bertan ikusi daitekeenez, eitb.eus-eko eta EITBren Sozial Media arloko zuzendari izateko ezinbesteko baldintzak 2025eko urtarrilaren 8an, Nagore de los Rios, pertsona hautatua lanean hasi zenean, euskaraz C1 maila izatea zen lehen baldintza. Aldiz, urtarrilaren 28tik zuzendari berriak euskara menperatzen ez duelako polemika lehertu eta gero, jada itxita zegoen deialdi horretatik desagertu egin da C1 euskara eskakizuna.

«Nork kendu du? Zergatik? Zer ezkutatu nahi dute?», galdetu du sindikatuak. Sindikatuak gogora ekarri duenez, abenduaren 17an jakinarazi zitzaien izendapena, De los Riosek euskaraz ez zekiela azalduz. Lanpostuaren hizkuntza eskakizuna betetzen ez zuela ikusita, LABek eta baita ELAk ere hautaketa prozesua salatu zuten.

Horrez gain, LABetik kexa aurkeztu eta eskuhartzea eskatu diote Hizkuntz Eskubideen Behatokiari eta Lakuaren Euskararen Aholku Batzordeari, hautaketa horretan bi urraketa egin direla salatuz: «lanpostuaren hizkuntza eskakizuna ez betetzea eta EITBren 2023-2027 Euskara Plana urratzea».

Bide beretik, Andoni Aldekoa EITBko zuzendari orokorrarekin bilera eskatu zuten, baina gaur gaurkoz ez dute erantzunik jaso eta horren ordez, Behatokiari eman dion erantzun bera igorri dio sindikatuari idatziz: «Hautatutako hautagaia ondoen baloratua izan zen enpresa espezializatu batek egindako hautaketa prozesu ireki batean. (...) Zehazki, hizkuntzen mailari dagokionez, hautagai finalistek antzeko ezagutzak zituzten. EITBko zuzendaritza ziur dago hori ez dela eragozpena izango Interneteko plataformarik aurreratuena eta modernoena garatzeko, Taldeko edukiak eta, bereziki, euskarakoak, Internet ingurunean hazteko», dio erantzunak. Prozesua auzitegietara eraman du LABek.

Eta orain, baldintza hori, euskararena, desagertu egin da lanpostuaren plegutik. «Noiztik? Nork erabakita? Nork ezabatu du? Zergatik? Galdera asko daude eta denak epaitegian azaldu beharko dituzte», gaineratu du sindikatuak.

«Oso larria da gertatu dena, baldintzak betetzen ez dituen pertsona bat hautatzea, eta gertatzen ari dena, urraketa ezkutatzeko baldintzen-agiria manipulatzea. Zintzotasunak eta zuzentasunak izan behar lukete edozein ardura karguren lehen oinarriak», adierazi du LABek.

Era berean, astearte honetan bertan, EITBren Administrazio Kontseiluan gai honi buruz galdetuta, Aldekoaren erantzuna hau izan zela adierazi du LABek. «Gu saiatzen gara euskaldunak lortzen zuzendaritzarako, baina beti ezin da», adierazi zuen Aldekoak, «erabakietan oreka izan behar dugu profil profesionalaren eta hizkuntzaren artean», gehituz.

«Alegia, PP, Vox eta ultraeskuinaren tesiekin bat egin eta “Zer nahi duzu mediku ona ala mediku euskalduna?” teoriari heltzen dio EITBko zuzendari nagusiak ardura postuetan erdaldun elebakarrak jartzea justifikatzeko. Pentsatzen du, antza denez, ez dagoela profesional erdaldun bat baino aukera hoberik euskara eta euskal mass-media unibertsoa bultzatzeko», arbuiatu du sindikatuak, gaia «azken muturreraino» eramateko prest dagoela gehituz.