NAIZ

EHUko Arabako campuseko irakasle baten mezu «faxistak» salatu ditu Ikamak

Ikasturte hasieran geratu zen moduan, EHUko irakasle batek polemika piztu du. Ikama antolakundeak salatu duenez, Gasteizko Farmaziako fakultateko irakasle batek iruzkin «faxista, transfobo, arrazista eta frankistak» idatzi ditu bere sare sozialetan. Errektoretza taldeak barne prozedura abiatu du.

EHUko irakasleak zabaldutako mezuak partekatu ditu Ikamak.
EHUko irakasleak zabaldutako mezuak partekatu ditu Ikamak. (GASTEIZ UNIKO IKAMA)

Ikama ikasle antolakundeak salatu du EHUko Arabako campuseko «irakasle faxista» bat klaseak ematen ari dela. Bere sare sozialetan ikus daitekeenez, ohikoak dira «iruzkin faxista, transfobo, arrazista eta frankistak».

«Irakasle honek iruzkin faxista, transfobo, arrazista eta frankistak zabaltzen ditu sare sozial desberdinen bitartez, bai eta Israel estatu genozidaren aldeko publikazioak ere: ‘Hit it hard Israel, the world with you!’, ‘con un señor vivíamos mejor’, ‘grande, Abascal, tienes mi voto’, ‘las bolleras que votan a la izquierda, que tienen menos luces que una vela’…», adierazi du ikasle antolakundeak ohar batean, Farmaziako fakultateko irakasle horri buruz.

Ikamak gogoratu du ikasturte honen hasieran EHUk beste irakasle bat apartatu zutela zabaldutako iruzkin matxista eta arrazisten ondorioz. «Bagenekien irakasle horrena ez zela kasu isolatua izango, eta horrelako bestelako egoerei aurre egitea egokituko zitzaigula», azaldu dute.

Leioako irakaslearen kasuan, ikasleen mobilizazioa gakoa izan zen kasua salatzeko. Eta oraingoan ere iragarri dute kanpaina bat ipiniko dutela martxan Gasteizko irakaslea kanporatzeko: «Leioako kasuan egin genuen bezala, ikasleok ez gara isilik geratuko eta irakasle hau kanporatua izan arte erantzun irmo bat ematera goaz. Faxismoak ezin du hezkuntza sisteman kabidarik eduki». Horretarako, jakinarazi dute asteotan «faxismoari aurre egiteko» deialdiak egingo dituztela.

«Urtarrilaren hasi genuen dinamikan argi utzi genuen: hau ez da kasu isolatu bat, hau gaur egun ematen ari den olatu faxista eta balore erreakzionarioen gorakadaren ondorio zuzenetako bat da. Mundu mailan gertatzen ari da, eta hemen, Euskal Herrian, honen zantzu nabarmenak ikusi ditzakegu. Mundu ikuskera aurrerakoi eta ezkertiar bat defendatzen dugunok, ordea, eraso gisa ulertu behar dugu, honen aurka irmo jokatu eta alternatibak mahaigaineratu behar ditugu. Horretarako, ikasleen artean saretu, eta indarrez erantzun kolektibo bat ematea dagokigu», aztertu dute.

Barne prozedura martxan

EHUk jakinarazi duene, ostiral honetan jaso du Ikamaren eta Ikasle Kontseiluaren kexa formala, eta horrenbestez Errektoretza taldeak barne prozedurak eta lantaldeak martxan jarri ditu, «ahalik eta lasterren erantzun bat emateko, kolektibo guztien eskubideak eta interesak babesteko».