NAIZ

Bidasoa Irunek aukera txikiena baliatu nahi du Espainiako Kopan Barçari gailentzeko

Lanzaroten jokatuko da txapelketa asteburu honetan. Larunbateko finalerdian talde ahalguztidunaren aurka jokatu beharko dute irundarrek, baina aukerak dituztela adierazi dute Alex Mozas entrenatzaileak eta Gorka Nieto kapitainak.

Iñaki Cavero, atera jaurtitzeko prest.
Iñaki Cavero, atera jaurtitzeko prest. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Eskubaloiko denboraldia nahiko arraroa izaten da. Asobal Liga irailean hasi eta abenduan eten zen, Munduko Txapelketa jokatu ahal izateko. Behin hau lehiatuta eta Danimarka txapeldun aterata, berriro jarri da martxan Espainiako Koparekin. Bertan lehiatuko da Bidasoa Irun taldea, eta aurkaria ez du edozein izango. Gipuzkoarrek Barça ahalguztidunaren aurka neurtuko dituzte indarrak larunbat honetan, Lanzaroteko Tias Udal Pabiloian jokatuko den bigarren finalerdian (17.15).

Denek dute argi Bartzelonari irabazteko katalanek egun txarra eta besteek egun biribila izan behar dutela. Hala ere, bidasotarrak baikor dira eta uste dute euren aukerak izango dituztela.

Alex Mozas Bidasoako entrenatzaileak osteguneko prentsaurrekoan adierazi zuenez, hilabete gogorra izan da lehiaketarik gabe –lagunartekoak bai jokatu dituztela–, baina jokalariek erantzun ona eman dute. «Munduko txapelketako lau jokalarien bajak izan ditugu –Salinas anai txiletarrak, Dariel Garcia kubatarra eta Leo Maciel argentinarra–, baina bigarren taldeko jendearekin egon gara, eta egia esan, oso ondo egon gara», azpimarratu zuen.

Gainera, lesionatuta egon diren Theodoro Boskos greziarra eta Matheus da Silva brasildarra osatuta daude dagoeneko. Ez, ordea, Jakub Skrzyniarz atezain poloniarra.

Irundarrak «beste edozein» bezala prestatzen ari dira Barçaren partida. «Zozketa egin zenetik beste edozein baten kontra finalerdi bat bezala hartu dugu. Munduko talderik onenetako bat da, baina gure aukerak izan ditzakegu partida ona eginez gero», adierazi zuen Mozasek.

Neurketako gakoak zeintzuk izango daitezkeen ere azpimarratu zuen prestatzaileak: «Trantsizioetan golak lortzen dituen taldea da. 300 gol baino gehiago sartu dituzte Asobal Ligan kontraerasoetan. Hori izango da partidaren zati nagusia. Bere atezainak ondo ez egotea ere garrantzitsua izango da guretzat».

Zentzu honetan, kontuan izan behar da Barçak jokalari ugari izan dituela Munduko Txapelketan, eta nekearen faktorea baliagarria litzatekeela Bidasoaren alde.

Kasualitateak kasualitate, larunbat honetako partidaz gain, hilaren 15ean Palau Blaugranan arituko dira aurrez aurre bi taldeak berriro ere, kasu honetan Asobal Ligan. Honen aurrean, Mozasek espero du «horietako bat aurrera ateratzea».

Gorka Nieto, «ilusioarekin»

Bestalde, Gorka Nieto kapitainak berriki kontratua 2028ra arte berrituta ekingo dio txapelketa honi, eta ilusioarekin dagoela adierazi zuen. «Nahiko erraza izan zen erabakia hartzea. Hitz egin genuen lehen alditik oso argi neukan. Klubari eskerrak eman nahi dizkiot nigan jarri duen konfidantzagatik. Oso gustura nago hemen Irunen, hiriak, klubak eta jendea oso ondo hartu ninduten eta hemen jarraitzea har nezakeen erabakirik onena da», azpimarratu zuen.

Barçari irabazteko aukerak izateko «talde bat bezala» egon behar dutela azpimarratu zuen zentralak. «Barçari aurre egiteko talde bezala ondo egon behar dugu, defentsan elkarrekin gertu, agian beste partidetan baino gehiago. Barçaren aurka jokatzen dugun bakoitzean, ondo lehiatu dugu eta partida batzuetan hor egon gara», gaineratu zuen.

Denboraldi honetako Asobal Ligako lehen itzulian, adibidez, Bidasoak 30-36 galdu egin zuen Artalekun; baina iaz, 26-26 berdindu zuten Irunen eta 30-23 galdu zuten Bartzelonan.

Larunbat honetako beste finalerdia Torrelavegak eta Granollersek jokatuko dute, 15.00etatik aurrera. Finala igandean jokatuko da, 12.00etan.

Kamiseten erretiratzea

Bidasoa Irunek lehiaketaren martxa azkar hartu beharko du. Espainiako Kopa ondoren, EHF European Leagueko Main Roundeko konpromisoa izango baitu datorren astean. SL Benficaren aurkako partida horretako atsedenaldian, kamisetak erretiratzeko omenaldia egingo du klubak. Miguel Angel Zuñiga (12. zk.), Fernando Bolea (13. zk.) eta Aitor Etxabururen (18. zk.) kamisetak erretiratuko dira.

Miguel Angel Zuñigak 1978. urtean hasi zuen bere ibilbidea klubean (Teka Kantabrian bi denboraldi egon zen), 1978-79 denboralditik 1983-84 denboraldira eta 1985-86 denboralditik 1990-91 denboraldira Bidasoaren elastikoarekin jokatuz. 1996an amaitu zuen bere ibilbidea, Galdarren.

Halaber, Fernando Bolea jokalari gisa egon zen 1990eko denboralditik, 1996ra arte. Ondoren, entrenatzaile bezala, 2012 eta 2016 artean egon zen, taldea Asobal Ligara azken aldiz igotzea lortuz, 2016ko ekainaren 5ean.

Azkenik, Aitor Etxaburu 1993-94 denboraldian hasi zen eta 2000-01 denboraldian jokalari bezala amaitu zuen. Ondoren, bederatzi denboraldi egon zen entrenatzaile gisa, harrobian eta lehen taldean, 2010. urtera arte. Geroago, klubean entrenatzaile izan zen azken aldia bigarren taldeko entrenatzailea izan zen, IlCapo Hondarribia Bidasoan, 2021-2023 urteen artean.