
«Ez da posible, ez da posible», oihukatu du Xabier Azpirozek, Imanol Ansak enegarrenez, sakez, tanto egin dionean. Uitzikoak lehen sakea alde izan du, baina ezin izan dio eutsi, Ansak, maisutasunez, atzean sartuta, partida bere eremura eramaten jakin baitu. Urnietarrak min handia egin dio hasierako txanpan, errebantxa bilatu nahi zuen nafarraren aurrean. Nahi eta ezinean aritu da Azpiroz eta, atsedenaldiaren ostean, hankak soltatu eta konfiantzan hazi bazen ere, ez da nahikoa izan markagailua iraultzeko.
Iazko edizioko finala errepikatu da aurten Mastersean. Azpiroz konfiantzaz ikusten zen partidaren atarian. Ansari mina emateko erremintak badauzka, baina hauek larunbat honetan berandu kantxaratu dira, jada partida kasik apurtuta zegoenean. Izan ere, partida hasi eta berehala, 10-2ko markagailua ezarri du Ansak, eta tarteak are gehiago zabaldu dira hortik gutxira 13-4koarekin. Tartean, lau tanto sakez kateatu ditu urnietarrak, nafarraren frustraziorako. Hortik etorri dira «ez da posible» eta zenbait madarikazio.
13-6koan egin du lehendabiziko tantoa sakez Azpirozek, eta 15-6ko markagailuarekin iritsi dira atsedenaldi luzera. Partidak erabakita zirudien, kalapita handirik ezean. Eta tartean Ansa egonda –partidak ongi kontrolatzen dituen pilotaria–, ez zirudien ezustekorik egongo zenik.
Azpiroz borrokalari
Hala ere, Azpirozek ekinean jarraitu du, borrokalari senarekin. Atsedenalditik bueltan, 1-7ko partziala bere alde osatu dueta, publikoaren gozamenerako, partida apur bat estutu da. Tanto zoragarriak ere egon dira jokoan –oro har, piloteo askorik gabekoa izan da– eta konfiantza asko berreskuratu du Uitzikoak 16-8koa egin duenean. Errebotea eraman du –Ansak atzean nahi zuen arerioa– eta oldarkor urrats bat aurrera egin du, tantoa menderatu eta azkenean bere alde erortzeko.
Azpirozen hauspoak Ansaren makalditxoarekin kointziditu du eta aldea sei tantora murriztu da (16-11). Hori horrela, gogotik ospatu du txapa goian jarritako sake errestoa Ansak, 17.ena egin eta Azpirozen susperraldia eteteko. Finala bukatu bezain laster, urnietarrak aitortu du «tanto gako batzuk» egin dituela «entrenamentuetan landutako gauzekin».
Gorantz begira jarraitu du Ansak, Mastersean bere hirugarren txapela irabazteko prestu. Bazirudien hartutako dinamika behin betikoa izango zela, baina Azpirozek, ekinaren ekinez, gauzak konplikatu dizkio bere «lagun» eta aurkariari. Berriro seira murriztu ditu aldeak (25-19) eta gogotik izerdi egitera eraman du 28-20koan. Nekearen nekez, partida gelditu behar izan du urnietarrak, baina akidurak ez dio begirada lainotu eta 30-20 markagailuarekin bukatu da partida.
«Zenbat disfrutatzen ari naizen, horri ematen diot garrantzia. Hasieran bai nengoen zentratuago lorpenetan, baina txipa aldatu nuen, partidetara kontzentratuago etortzen saiatzen naiz, alderdi fisikoa eta mentala uztartzen», eta modu honetan, bere erremintaren zorroztasunez, onenen artean sendotu da.
FITXA TEKNIKOA
ANSA II 30
AZPIROZ 20
Partidaren iraupena: 52:07 minutu. Pilotakada kopurua: 154 pilotakada (82 Ansak eta 72 Azpirozek). Egindakoak: 25 Ansak eta 15 Azpirozek. Galdutakoak: 5 Ansak eta 5 Azpirozek Markagailua: 21-0, 1-1, 2-1, 2-2, 3-2, 6-2, 10-2, 10-3, 11-3, 11-4, 12-4, 13-4, 13-5, 13-6, 14-6, 16-6, 16-7, 16-8, 16-11, 17-11, 19-11, 19-12, 19-13, 23-13, 23-14, 23-16, 24-16, 25-16, 25-17, 25-19, 26-19, 27-19, 27-20, 28-20, 30-20. Gertaerak: Masterseko finala (txapelketaren 15. edizioa izan da aurtengoa), Hernaniko Galarreta pilotalekuan jokatuta. Sakea, urdin.

«Pequeña y con algo de caña, ron y música, ¿el peligro es que Cuba no se arrodilla?»

Errastiko Eskola, landa eta elikagaiak umetatik maitatzen

La Federación Navarra de Pelota ve «legítima» y con respaldo la postura de la Federación Vasca

Persecución, derechos humanos y dobles estándares
