Asier Robles
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Udalaren diru-laguntza etenda, arriskuan da San Frantziskoko emakumeentzako Koloretxe proiektua

2024ko urrian Bilboko Udal Gobernuan izandako aldaketak direla eta, San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharra auzoetako Koloretxe elkarte feminista urte honetarako diru-laguntzarik gabe geratu da momentuz. Hori dela eta, bi langile kanporatu behar izan dituzte eta elkartearen lana asko murriztu.

Koloretxe elkarte feministak Bilboko Udaletxearen aurrean egindako mobilizazioa.
Koloretxe elkarte feministak Bilboko Udaletxearen aurrean egindako mobilizazioa. (KOLORETXE)

2023. urteko amaieran Bilboko Udaleko Berdintasun Sailak Koloretxe elkarte feministarekin elkarlanerako hitzarmena abiatu zuen. Ondorioz, 2024an Koloretxek 55.000 euro kudeatu ditu bilbotarron diru publikotik San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharra auzoetako emakumeek bizi duten desberdintasun egoerari aurre egiteko.

Koloretxek bost ardatzetan egituratutako plangintza aurkeztu zion Udalari, auzoetan premiazkoak diren beharretan oinarrituta: emakumeen aurkako indarkeriak, bizi baldintzak hobetzeko estrategiak, parte-hartze sozialaren sustapena, aniztasuna eta formakuntza. Adostutako plangintza hau bete ahal izateko Cortes kalean lokal bat martxan jarri zuten eta bi langile kontratatu zituzten lanaldi erdian.

«Koloretxe topagune bat bihurtu da emakume askorentzat. Ekintza ugari antolatu ditugu eta asko izan dira gurera hurbildu direnak»

Urtebeteko lanaren ondoren, ezarritako helburuak betetzen joan direla azaldu dio NAIZi Susana Andino Koloretxeko kideak: «Ezaguna da zer nolako pobrezia tasa eta etorkin kopurua dagoen Bilboko zonalde honetan, eta azken urteetan Koloretxe topagune bat bihurtu da emakume askorentzat. Ekintza ugari antolatu ditugu eta asko izan dira gurera hurbildu direnak».

Hitzarmena berritzeko zain

Baina proiektua arriskuan dago orain, hitzarmena berriztu ez delako eta, momentuz, Koloretxek ez duelako 2025 urterako diru-laguntzarik jaso. 2024ko urte amaieran korapilatu zen dena. Urrira arte Berdintasun, Bizikidetza, Lankidetza eta Immigrazioko zinegotzia zen Kontxi Claverrek kargua aldatu zuen, eta Berdintasun arloa Jaiak arloarekin elkartu zen, Itziar Urtasun zinegotziaren esku. Aldaketa horrek aurrekontua birpentsatzera eraman duela eta hitzarmen asko standby egoeran geratu direla uste du Koloretxek.

Elkarte feminista Berdintasun Sailarekin jarri da kontaktuan baina oraindik ez die zehaztu hitzarmena berriztuko duen ala ez, ezta aurrekontu publikotik proiekturako dirurik egongo den ala ez.

Atzerapen horrek eragin larria izan du jada proiektuan. Diru falta dela eta, duela urtebete kontratatutako langileak kanporatu behar izan dituzte eta horren ondorioz ezin dute lokala ordutegi arruntean irekita izan. «Orain, lokala zabalik izatea militanteen esku dago, baina gure bizitzak ere nahiko prekarioak dira eta ez dugu denbora askorik bertan egoteko», azaldu du Andinok.

Koloretxetik elkarrizketarako deia egin diote berriro Berdintasun Sailari, eta udal gobernu aldaketak egonkortzen direnean 2025erako diru-laguntza jasotzea espero dute.

«Akaso auzo hauetako emakumeek ez dute merezi beren bizitzak hobetzeko diru publikoa inbertitzea?»

«Gogoratu nahi dugu emakumeok orokorrean pairatzen ditugun zapalkuntza ezberdinen gainetik, gure auzoetako emakumeok oraindik egoera lazgarriagoan daudela, eta horrek garrantzi berezia ematen diola 2024an egin diren ekimen guztiei. Horiek guztiek urrats garrantzitsuak ekarri dituztelako: emakumeen arteko sarea sortu (gure auzoan egoera zaurgarrian dauden emakumeek sare falta larria dutelako), auto antolaketa sustatu, elkarri lagundu, sendatu, parte hartu, informazioa eskuratu, desberdintasunaren aurrean gure burua ahaldundu. Akaso auzo hauetako emakumeek ez dute merezi beren bizitzak hobetzeko diru publikoa inbertitzea?», azpimarratu du San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharreko elkarte feministak.