III. Kongresuaren bukaera ekitaldian, larunbatean Iruñean, hiru ebazpen onetsi zituen EH Bilduk. Horietatik batek oihartzuna izan du, zerrenda bateratuak osatzeko apustua dakarrelako. Maddalen Iriartek irakurri zuen batzar aretoan: «Badira esparruak hauteskunde lehiarako eta bakoitzaren proiektuaren berezitasunak defendatzeko (tokiko eta foru hauteskundeak, baita autonomikoak ere), baina badaude herri gisa azaltzekoak ere, herri gehiengoak islatzekoak: Europako hauteskundeak, zazpi lurraldeetan egun berean egiten direnak, eta Kongresu eta Senatu espainiarretakoak Hego Euskal Herrian».
Horrenbestez, EH Bilduk zerrenda nazional bateratuaren alde egin du kasu horietan, «kontsentsu zabaleko programa bat oinarri hartuta».
Euskadi Irratian elkarrizketa egin diote astelehen honetan Arnaldo Otegi idazkari nagusiari eta balioan jarri du apustu hau: «Sakontasun guztiarekin eta solemnidade osoarekin egin dugu proposamena. Hauteskunde batzuk ez dira izan behar gure artean lehiatzeko. Nazioa garela eta erabakitzeko eskubidea pentsatzen duten guztiei egiten diegu proposamena. Madrilera eta Europara herri ahotsa eramango duen hautagaitza egotea proposatzen dugu, gutxiengoen programa baten inguruan elkartuta», berretsi du.
EAJri buruz, argi utzi du Otegik «alor sozioekonomikoan ez dugula adostunik». Baina, «guk nazio ikuspegiarekin egiten dugu proposamen hau –nabarmendu du–. Gero, han gaudela, bakoitzak bere ikuspegi sozioekonomikoa defendatu dezake».
Eskaintza hori, Madrilera begira modu iraunkorrean egiten duela ezkerreko independentismoak ekarri du gogora EH Bilduko idazkari nagusia denak. «Inbestidura uneetan adibidez» oso baliogarria gerta litekeela aipatu du: «Edozein demokratak sinesten duena nazioa garela eta erabakitzeko eskubidea dugula da eta aukera hau profitatu beharko luke».
«Termino sozioekonomikoetan lehiatzeko udal hauteskundeak eta hauteskunde autonomikoak badaude jada –argudiatu du Otegik–. Baina Estatuen aurrean nazio bezala aurkeztu beharko ginateke», berretsi du.
III. Kongresuak utzitako beste irakaspenei buruz, zera nabarmendu du Arnaldo Otegik, larunbatean egin zuen hitzaldiaren ildo beretik: «Alderdia baino gehiago, mugimendua gara. Programa baten inguruan jendea elkartzea lortu dugu, oso era zabalean. Militante politikoak gara. Eredu konbentzionaletik oso aldenduta gaude. Hori gure arrakastaren arrazoietako bat da. Gu ez gara alderdi konbentzionala, askapen nazionalerako mugimendua gara».

La Ertzaintza deja impune la desaparición del test de drogas del hijo de un jefe policial

Mueren tres esquiadores, uno vasco, por un alud junto a los ibones de Brazato (Panticosa)

El actor Sambou Diaby, expulsado de un bar de Bilbo acusado de mantero: «Aquí no puedes vender»

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

