Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Sorgin-ehiza, injustiziak, izaki misteriotsuak... gauaren beltzean Paul Urkijoren film berrian

Igartubeiti baserri ederra XVII. mendera itzuli da, eraiki zen garaira. Bertako ganbarak hartu du astelehen honetan Paul Urkijoren film berriaren grabaketa. Gauaren beltzean murgildu eta filmaketa bertatik bertara ikusteko aukera izan dugu.

Igartubeiti baserrian filmatu duten sekuentziaren irudiak.
Igartubeiti baserrian filmatu duten sekuentziaren irudiak. (David HERRANZ)

XVII. mendea. Euskal Herria sorgin-ehiza betean da. Kattalin, senarrarengandik ihesi, gauaren erdian bere baserritik irten eta baso beltzean galduko da. Bapatean, bere atzetik segika duen presentzia bat sentituko du. Ihesean dabilela hiru emakume maitagarri aurkituko ditu. Arropa garbitzen ari dira. Bitartean, beldurrezko ipuinak eta herriko esamesak kontatzen dizkiote elkarri. Kattalin zur eta lur geratuko da. Izan ere, bera da kontakizunen protagonista.

Hauxe Paul Urkijo zuzentzen ari den ‘Gaua’ filmaren sinopsia. Igartubeiti baserrian dabiltza egunotan. Bertako ganbaran harrapatu ditugu zuzendaria eta bere lantaldea. Hotz egiten du. «Zirrikitu horietatik sartzen da eta ikaragarria da», esan dio lantaldeko kide batek besteari. Ilunpean, ahal bezala, mugitzen dira teknikariak eta ekipoko kideak. Nahiko komeria kableen artean estropezu ez egiten. Kanpoko hego haizearekin eta eguerdiko argiarekin kontrastea handituz.  

Familia baten etxean sartu gara. Maritxu (Erika Olaizola) ohean etzanda dago, gaixorik. Gaueko izaki misteriotsuren baten eraginpean. Eugenia ama (Laura Iturregi) alboan du, bera zaintzen. Kezka nabaria du aurpegian. Alaba gaizki dago, izerditan, eldarnio betean. Mateo apaiza (Manex Fuchs) errezuan ari da, logelan.

Inork baino hobeto daki Paul Urkijok (Gasteiz, 1984) euskal mitologia pantaila handira eramaten. Horren adibide dira ‘Errementari’ eta ‘Irati’. Badaki euskal zinemazaleak nola erakarri. Izan ere, zinema aretoetan orain arte gehien ikusi den euskarazko filma da azken hau. Langa goian utzi du aurreko lanetan.

Aurrekoek bezala, fantasia eta errealitate historikoa ditu ardatz ‘Gaua’ filmak. Hirugarren film honetan euskal mitologiaren gaueko mundura eramango gaitu zuzendariak.

«Sorginen mito eta gezur asko»

Pantailari adi dago Urkijo. Entseguaren ostean grabaketari ekin diote. Ondoan du Ane Muñoz, script lanetan ari dena. Xehetasun txikienari ere adi, biak.

Izango du beldurretik eszenek, baita «gure herrian ahoz-aho transmititu diren gaueko kondairen edertasuna» ere. Horixe du asmoa Urkijok.

Behin goizeko lanak amaituta, kazetariokin egoteko tartea hartu du. Pozik dago, bere saltsan. «Generozko filma izanik teknikoki gauza asko zaindu behar ditugu. Historikoa denez eszenaratzea oso landua da, eta akzio sekuentziak ere badaude... Bestetik, negua da, eta gauez kanpoko sekuentziak ditugu...», kontatu du.

Irrikitan zegoen ‘Akzioa!’ oihukatzeko. «Pelikulen artean dauden denbora tarteak terrorifikoak dira. Gu honetatik bizi gara, nik istorioak kontatu nahi ditut eta errodajean egiten dugu hori».

Era honetako proiektu bat altxatzeak dakartzan zailtasunak aipatu dizkiogu. «Beti da zaila, generozkoa izan ala drama errealista izan. Pelikula altxatzea beti da konplikatua. Kasu honetan generozkoa esanda, diru gehiago behar dugu eta Irusoinekin, ibilbide inportantea duen ekoiztetxearekin lanean gustura. Segurtasuna ematen die inbertsoreei. Ekipoa polita da eta filma ere bai», esan du.

XVII. mendera egin du salto oraingoan zuzendari gasteiztarrak. «Inkisizioaren ehiza izan genuen. Bertan sortu ziren gaueko eta sorginen mito eta gezur asko. Fikziozko istorioak gauzatu egingo ditugu. Errealitatearen eta fikzioaren artean nabigatzen joango da. Gaur egunetik begiratuta egingo dugu filma», gaineratu du.

Iluntasunak berarekin dakartzan arriskuei errespetua izateko asmoz haur eta gaztetxoei transmititu zaizkie hainbat ipuin, mendez mende. «Mundu ilun eta era berean magiko hura islatu nahi dugu».

Gorka Lazkano du bidaide beste behin Urkijok hizkuntza aholkulari lanetan. «Laguna da eta sekulako lana egin du aurreko lanetan. Baztan aldeko euskara erabili dugu, beti ere ulergarritasuna zaintzen. Beti ematen dio testura eta sinesgarritasuna errealitate hartan murgiltzeko tresna da», adierazi du.

Kattalin, «goxokia»

XVII. mendean girotua, Yune Nogueiras aktorea du protagonista. Ondoan, kulturgintzan arnas luzeko bidea egin duten Iñake Irastorza, Ane Gabarain eta Elena Irureta. Xabi Jabato, Erika Olaizola, Manex Fuchs eta Elena Urizek osatzen dute aktore taldea.

Hiru aktore beteranoak «garantia» dira Urkijorentzat. «Hasieratik oso garbi izan nuen hirukotea, jendea harrituko du paper hauetan ikusteak».

Nogueirasek Kattalinen larruan egin beharreko lanaren nondik norakoak adierazi dizkigu bazkalostean lanean hasi aurretik. «Erruaren bidez mugitzen da. Pelikulan zehar bera nolakoa den ezagutuko da», esan du, ‘spoiler’-ik ez egiteko, tentuz. Gustura pertsonaiak filman duen pisuarekin?, galdetu diogu. «Oso gustura. Goxokia da pertsonaia, denbora osoan tentsioan dago. Ardura handia sentitzen dut, hori ere egia da, baina Paulekin dena erraz doa. Zuzendari handia eta pertsona ona da eta asko eskertzen da».

Luxua Irastorza, Gabarain eta Iruretarekin eszena partekatzea. «Oso jatorrak dira eta oso erraza da euren alboan lan egitea. Ikasten eta ahal dudan hoberena ematen». Hainbat ikasgai ematen ditu filmak, protagonistaren esanetan. «Oso beharrezkoa da justu momentu honetan hau kontatzea. Sorgin-ehiza, bizi izan diren injustiziak...», nabarmendu du. 

Esperientzia intentsoa ari da izaten. «Gauez ari gara asko lanean, hotza, euria, lokatza... Lo egin ezinda egoten naiz egun askotan lanetik bueltan. Baina mereziko du», aitortu du.

Elorrion errodatutako beste eszena bat.

Filma euskaraz errodatuko da zazpi astez Euskal Herriko hainbat tokitan. Urtarrilaren 20an Araban hasi, Bizkaian jarraitu eta Gipuzkoan daude orain. Martxoaren hasieran dago aurreikusita amaiera. Erdibidera iritsiak dira.

«Film konplexua»

‘Irati’ filmak bezain besteko aurrekontua izango du ‘Gaua’-k. Honek erakusten du lan anbiziotsua dela. Urkijok eta Irusoin ekoiztetxeak elkarrekin ondu duten lehen proiektua da. Ikusgarri Films, Vilaüt Films eta Gaua AIE dituzte bidelagun. Xabier Berzosa, Ander Sagardoy eta Ander Barinagarrementeria dira Irusoinen kideak. Azken biekin egon gara filmaketan.

Oiartzungo Zinealdeako platoak hartuko ditu filmaketaren beste egun batzuk. Basoaren zati bat bertan sortu dute. Baina ez da bakarra, beste bi guneekin osatuko dute basoa. «Filmaketaren azken zatia oso ikusgarria izango da», dio Barinagarrementeriak.

‘Gaua’ proiektuak ez du ‘Irati’-ren epikotasunik, baina horrek ez du esan nahi filmaketa erraza denik. «Ez du zaldi gaineko eszena baten bezain besteko atentzioa pizten, eta itxuraz eman lezake ez dela hain proiektu handia, baina film konplexua da. Hainbat erronka ditugu. Sekuentzia konplikatuak dira eta eszena batzuetan ehunka figurante beharko ditugu. Jatorrizko hizkuntza euskara duen proiektu handi baten aurrean gaude», azaldu du.

Bere esanetan, «filmaketa garrantzitsua da baina horren aurretik eta ondoren ere lan handia dago. Efektu berezi asko ditu, muntaian eta posprodukzioan lan asko eskatuko du. Hainbat lokalizazio ditu eta horrek ere zaildu egiten du», kontatu du.

Filmaketan utzi ditugu Igartubeiti baserrian. Oraindik ez dute zehaztu estreinaldia noiz eta non izango den. «Gure asmoa ahalik eta azkarren amaitzea da, nazioarteko jaialdiren batean erakutsi ahal izateko. Espero dugu aurrekoak bezala jendeak bere egitea eta disfrutatzea. Horretarako egiten ditugu azken finean pelikulak, jendeak goza dezan», esan du Barinagarrementeriak. Bitartean, zaleak Urkijoren azken zinema emaitzaren zain geratuko dira.