
«Azken ikasturtetan aktibatutako greba dinamikak akordio hobea merezi zuen Haurreskoletan», adierazi du ELA sindikatuak ohar baten bidez, astelehen honetan LABek iragarritako hitzarmenaren harira. Bide beretik jo du Steilasek, «gabeziak» nabarmenduz. Biek uko egin diote akordioa sinatzeari, baina datozen egunetarako deituta zegoen greba bertan behera utzi dute.
Hezkuntza publikoko greba zikloaren barruan, bi greba egun egin dituzte urtarrilean Haurreskoletako langileek ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek deituta. Bi greba egunek jarraipen oso zabala izan zuten, %85etik gorakoa, deitzaileen arabera. Otsailaren 12 eta 13rako beste bi greba egunetara deituta zeuden langile hauek.
Astearte honetan ohar banatan adierazi dutenez, hainbat «gabezia» identifikatu dituzte. «Grebetan aldarrikatutako eduki nagusiak ez ditu jasotzen sinatutako akordioak. Horrela, erosahalmena berreskuratzeko neurririk ez dago, lan zamak modu eraginkorrean arintzeko ratio hobekuntzarik ere ez, erretiroa hartzeko baldintzen hobekuntzarik ez dago, ez eta enplegua egonkortzeko eta bermatzeko neurririk ere», azpimarratu du ELAk.
Azken honen ustez, akordio honekin Haurreskoletako langileei «iruzurra» egin diete. «Haurreskoletako langileak grebetera deitu dituzte eduki jakin batzuk lortzeko eta eduki horiek lortu gabe akordioa sinatu dute nahiz eta langileak mobilizatzen jarraitzeko indartsu egon. Aipagarria da, otsailaren 10ean sinatu den akordioak urtarrileko greben aurretik jadanik proposatuta zeuden edukiekiko ez duela hobekuntza esanguratsurik».
Era berean, ELAk adierazi du sinadura honekin «hezkuntza publikoko gainerako sektoreetako negoziaketak baldintzatzen saiatzeko tresna ere eman zaiola Eusko Jaurlaritzari».
Ratioak eta erosahalmena
«Administrazioa aurrera pausoak ematen hasi da», azken asteetako protesta eta negoziazioen ondorioz. Hala ere, Steilas sindikatuarentzat «eduki horiek ez dituzte grebara eraman gaituzten aldarrikapenak asetzen, horregatik, lan hitzarmena ez sinatzea erabaki dugu».
Besteak beste, «plantilak esleitzeko irizpideak (ratioak) beranduago negoziatuko direla; lan zamak arintzeko bi hezitzaile gelan momentu oro eta prestakuntza eta koordinazio orduak ordezkatuko dituen lanpostua sortzea neurri zehatzi gabe ezarri dela edo Gazteberritze planaren inguruan administrazioak ez duela ezer proposatu».
Erosahalmena berreskuratzeko neurrien harira ere kexu agertu dira: «60€ko igoera eman digute, %0,17ko igoera urtean, %23a galdu dugun bitartean». Era berean, urteko eta eguneko lanaldien inguruan ere «aurrera pausoak» aitortu dituzte, «baina ez dira nahikoak izan», nabarmendu dute. batez ere txanda egunen galera etorri delako administrazioaren proposamenarekin
«Egindako grebetako aldarrikapenetan Steilasen ekarpenak erabakiorrak izan dira eta horregatik, amaierara arte defendatu ditugu. Administrazioak hasieratik proposatutako zirriborroa asko hobetzea lortu bada, Steilasek egindako ekarpenei esker izan da, gureak izan baitira ordezkoon eskubideak eta eguneroko arazoak ekiditeko baliabideak txertatzen dituzten proposamenak», gehitu dute.

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Mikel Zabalza gogoan: «Memoriaren herria gara, ezkutuan gorde nahi dutena argitaratuko duena»

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Ocho de los Filton24 mantienen la huelga de hambre como protesta por el genocidio en Palestina

