Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Iraganari buruz hausnartu, oraina ulertzeko

VERMIGLIO
Italia, 2024. 119’. Zuzend eta gidoia: Maura Delpero. Akt: Tommaso Ragno, Giuseppe De Domenico, Roberta Rovelli, Martina Scrinzi. Musika: Matteo Franceschini. Argaz.: Mikhail Krichman.

‘Vermiglio’ filmeko une bat.
‘Vermiglio’ filmeko une bat. (Versus Production)

Maura Delpero zinegile italiarrak zuzendutako ‘Vermiglio’ filmak aitorpen ugari jaso ditu 2024an estreinatu zenetik. Venezian Epaimahaiaren Sari Nagusia eta Europako Zinema Sarietan gidoi onena irabazteaz gain, Urrezko Globoetan ere izendapenak lortu ditu.

Bigarren Mundu Gerraren amaieran, Italiako Alpeetako mendiko herri urrun batean, Vermiglion, girotutako garaiko drama da. Bertako maisuaren familian barneratuko gaitu istorioak; soldadu desertore baten etorrerak bere bizitza aldatu eta familiako kide guztiak ustekabeko patu batera eramango ditu.

Istorio honek gerra pairatzen zuten pertsonengan jartzen du arreta, baina batailetatik kanpo geratu ziren horiengan: alargun geratzeko beldurrez etxeetan geratu ziren emakumeak, hotzaren ondorioz hiltzen ziren jaioberriak, beldurtuta, seme-alaben itzuleraren zain zeuden gurasoak eta abar. Film honetan ez dago ez batailarik ezta bonbarik ere, gerrari buruzko istorio honetako protagonistak pertsona horiek dira.

Garaiko film bat filmatzeko motibazioari dagokionez, Maura Delpero zuzendariak zera esan du: «Ez nuen mundu jakin bati begiratzeko eta hura berreraikitzeko desio exotikorik. Beldurra ematen zidan horretan erortzeak, nahi nuena norberaren sentimenezko bizipen batzuen gainean lan egitea zelako. Eta, zehazki, gerraren azken urtea interesatzen zitzaidan, sentitzen dudalako han badela pasarte bat antzinakoaren eta modernoaren artean. Oraindik gurekin asko hitz egiten duen iragana da, oso urrun dirudiena, baina oraindik gauzak erakutsi diezazkigukeena». Eta gaineratu zuen: «Iraganari buruz hausnartzea da kontua, orain non gauden ulertzeko eta etorkizunera begiratzeko».