‘Egin nirekin ere euskaraz!’ kanpaina abiatu du UEMAk, beste herrialdeetatik etorri eta ostalaritzan eta merkataritzan lanean ari diren euskaldunak ikusarazteko. Lehen aldiz 2023ko azaroan ekin zion UEMAk kanpainari, euskaldun arrazializatuen inguruko aurreiritziak gainditzeko asmoarekin.
Bateko eta besteko haurrak eta nerabeak izan ziren kanpaina haren irudia, eta ekimenak «oihartzun ederra» izan zuen sareetaen zein hedabideetan. Orduan, beste herrialdeetatik etorri eta ostalaritzan eta merkataritzan lanean ari diren euskaldunak ikusarazteko beharra ere nabarmendu zioten hainbat udalek UEMAri, eta horiek izango dira kanpainaren bigarren aldi honetako protagonistak.
Zehazki, Azkoitia, Mutriku, Ibarra, Tolosa, Arbizu, Etxarri Aranatz, Larrabetzu, Lezo, Lekeitio eta Zaldibiako ostalariak eta merkatariak dira kanpainan agertuko direnak. Kanpainaren nondik norakoak azalduz, udalerri euskaldunetarako kartelak eta diptikoak prestatu ditu UEMAk, eta gaurtik aurrera izango dira ikusgai. Era berean, sare sozialetarako edukia eta bideoak ere gaurtik aurrera zabalduko dituzte, UEMAk eta hainbat udalek. Bideo orokorra lehenik, eta kanpainan parte hartzen duten tabernari eta ostalarien banakako bideoak ondoren, egunez egun.
‘Kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan’
Kanpaina honen abiapuntuan ‘Kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan’ egitasmoa dago. Kulturartekotasuna lantzeko egitasmoa Zaldibian abiarazi zuen UEMAk lehenik, HUHEZIrekin eta Zaldibiako hainbat eragilerekin batera, eta azken urteotan 29 herritara zabaldu dute UEMAk, udalek eta hainbat eragilek.
Parte hartuko duten herrietan kezka adierazi dute, lanketa handia egin arren aurreiritziek indar handia dutelako oraindik, eta beste herrialdeetatik etorritakoei askotan erdaraz egiten dietelako herritarrek, euskaraz jakin arren. Horren aurrean, euskarak kolore asko dituela, eta azalaren kolorea askotarikoa izan arren herritar horiek ere euskaldunak direla nabarmendu nahi du kanpainak.

Tortura jasan eta ozen salatu zuen Susana Atxaerandio gasteiztarra zendu da

Esteban se arrepiente de haber ridiculizado el caso de Getxo pero el PNV sigue minimizándolo

‘Non ote zaude?’ Argazkiko neskatoaren bila, memoria kolektiboaren bidez

Elkar argitaletxeak Hertzainaken errepertorioa baimenik gabe ustiatu zuela ebatzi du epaitegiak
