
Laboral Kutxaren jarduna 2024 ekitaldian «ezin hobea izan da errentagarritasunari dagokionez; negozio arlo nagusiek ekarpen orekatua izan dute eta arriskuaren gestioa egokia izan da». Horren ondorioz eta urteko bigarren seihilekoan puntu bat jaitsi bada ere gordailutzeko erraztasuna, «goranzko joera sendoa erakusten duen emaitza» lortu du Mondragon taldeko kooperatibak, «azken urteotan efizientzia handiz jokatu izanari esker». Horrenbestez, zerga ondorengo irabazi garbia 274,5 milioi eurokoa izan da eta %23,3 hazi da aurreko urtearekin alderatuta.
Ohar batean eman ditu Laboral Kutxak iazko emaitzak. Azaldu duenez, 2024an ere berretsi egin ditu banku jarduera gauzatzeko «bere eredu desberdin, kooperatibo eta eraldatzailearen ezaugarriak» eta «finantza osasun sendoa» erakutsi du. Hala, entitatearen sendotasuna, CET1 kaudimenaren bidez neurtua, %24,85era iritsi da ekitaldiaren amaieran; LTD likideziaren ehunekoa «nahiko handia» da, %64,16koa, eta, negozioaren errentagarritasunari dagokionez, ROEa %12,32ra iristea lortu du.
Bere emaitzak ohiko banku negozioan oinarritu ditu. Interes marjina, kredituzorroaren ekarpenak eta entitatearen altxortegiaren handizkako jarduerak bultzatuta, 642 milioi eurokoa izan da; hau da, %14,9ko hazkundea izan du 2023ko itxieraren aldean.
Bestalde, zerbitzu komisioen sarrera garbiak %4,6 hazi dira, eta 137,2 milioira iritsi, batez ere ordainketa zerbitzuei eta inbertsio zerbitzuen eta aurreikuspen eta pentsio planen aurrerapenari esker. Horien ekarpena %15 handitu da, eta urtearen erdialdetik aurrera entitateak bere bezero guztientzat egindako komisioen salbuespen orokorraren eragina orekatzea lortu du.
Horren guztiaren ondorioz, oinarrizko marjina 779,2 milioira heldu da; hau da, urtetik urtera %12,9ko hazkundea izan du erakundeak.
Marjina gordinak %25,7 egin du gora urtetik urterako konparazioan, eta 753,5 milioira heldu da, nahiz eta finantza eragiketen emaitza negatiboa izan, zor publikoko zorroen salerosketa eragiketetan (hurrengo ekitaldietan sarrerak bermatzeko egindakoetan) kontabilizatutako minusbalioen ondorioz.
Gastu eta amortizazioen erregistroa 311,3 milioikoa izan da, %13ko gorakada izan ostean. Administrazio gastuak, oro har, %13,4 hazi dira, pertsonal gastuen eta erakundearen «agenda eraldatzailean egindako inbertsio handiaren ondorioz»; hor sartzen da, halaber, bulego eredu berria hedatzearen eragina.
«Zuhurtzia handiz» jokatzearen ondorioz Laboral Kutxaren kreditu zorroak narriadura zantzurik agertu ez badu ere, horniduretarako, saneamenduetarako eta bestelako narriaduretarako atala 117,9 milioi eurokoa izan da.
Aurreko atal guztiak batu eta gero, 2024ko ekitaldiko zerga aurreko irabazia 324,3 milioi eurokoa izan da, eta, zergetan 49,7 milioi euro ordaindu ostean, kooperatibaren gizarte ekintzako funtsetan zuzkidura egin aurreko irabazi garbi bateratua 274,5 milioi eurokoa izan da.
Bestalde, kreditu zorroaren kalitatea hobetzea lortu du, hondatutako zorroak saltzeko eragiketarik egin beharrik gabe. Berankortasun tasa oinarrizko 14 puntu jaitsi da azken ekitaldian, eta %2,46an kokatu. Nabarmendu duenez, ratio hori «oso positiboa da, «banku sektore osoak erregistratu duen berankortasunarekin alderatzen badugu» (%3,26koa izan da, azaroko azken datuaren arabera).
Aurrezkiaren bilakaera eta inbertsio zerbitzuak
Laboral Kutxaren baliabide bitartekotuak 31.452 milioi eurora iritsi ziren 2024aren amaieran, eta 2.247 milioi euro hazi ziren ekitaldian, %0,77.
Atalen arabera, familien eta enpresen balantzearen barruko baliabideak –ageriko kontuak, aurrezki kontuak eta eperako gordailuak– %5 handitu dira. Epe finkoko gordailuetarako ordainsari erakargarrien eskaintzari eutsi dio entitateak, eta bezeroen aurrezkiaren zati handi bat bereganatzen jarraitu du. 2.150 milioitik gorako hazkundea metatu du urtean: %59,8ko igoera urtarriletik abendura.
Balantzetik kanpoko baliabideei dagokienez, nabarmendu du bezeroek «gero eta konfiantza handiagoa dutela» Laboral Kutxaren inbertsio zerbitzuetan eta, horri esker, inbertsio funtsen atalak bilakaera nabarmena izan duela: ekitaldian zehar, gestiopeko ondarea 1.040 milioitik gora handitu da; hau da, %20,2 urtetik urtera.
«Datu horrek berretsi egiten du azken hiru ekitaldietako goranzko dinamika bizia –%20tik gorako hazkundea lortu da beti–, bai eta Laboral Kutxak inbertsio zerbitzuak bultzatzen jarraitzeko duen helburua ere», adierazi du.
Balantzetik kanpoko figuretan –BGAEa, pentsio planak eta bizitza aurrezkiko aseguruak barne direla–, bultzada handia izan da: %15,5eko hazkundea lortu dute.
Kreditu inbertsioei dagokienez, bolumen osoak %0,9 egin du gora aurreko ekitaldiaren aldean, eta 15.124 milioi euroan kokatu da.
Bezero gehienak, digitalak
Bezeroen profilari dagokionez, profil digitala duten bezeroak gehiengoa dira, %64 inguru, eta, eskatutako zerbitzuaren tipologiaren arabera «argi eta garbi ikusten da bezeroen arteko bereizketa».
Bulegoetan transakzioak gutxitzen ari dira, eta aholkularitza zerbitzua, berriz, areagotzen. Hori dela eta, Laboral Kutxak bulego eredua egokitu du, «apurka-apurka, funtzio anitzeko eremu zabal eta atseginagoak jarriz, bezeroei erabakiak hartzen aurrez aurre edo urrunetik laguntzen dieten espezialistek lekua izan dezaten».
Bestalde, Seguros Lagun Aro SA konpainiaren bitartez, aseguruak eskaintzen dizkie 1,2 milioi pertsonari baino gehiagori. Horien leialtasun tasa «oso handia da, jasotzen duten zerbitzuaren kalitatea dela eta».

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

La jueza decreta el sobreseimiento de la causa por el pelotazo a Xuhar Pazos
