NAIZ

Oronozko Lanbide Eskolaren aldeko atxikimendu zabala aurkeztu du hezkuntza komunitateak

Elizondoko Lanbide Eskolan bilduta, ekimen bat plazaratu du eskualdeko hezkuntza komunitateak. Izan ere, Baztan-Bidasoko eta Hezkuntzako ordezkariak eskaintza berria adosten aritu diren bitartean, enpresa eta ikastetxeen babes handia jaso baitute Oronozko Lanbide Eskolaren alde.

Oronozko Lanbide Eskolaren aldeko atxikimenduak aurkeztu dituzte Elizondon emandako prentsaurrekoan.
Oronozko Lanbide Eskolaren aldeko atxikimenduak aurkeztu dituzte Elizondon emandako prentsaurrekoan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Oronozko Lanbide Eskola Orain plataformak ekimen baten berri eman du asteazken honetan, Elizondoko Lanbide Eskolan emandako prentsaurreko jendetsuan. Baztan-Bidasoko eta Hezkuntzako ordezkariak hezkuntza eskaintza berria adosten aritu diren bitartean, eskualdeko hezkuntza komunitatea atxikimendu bilketa batean aritu da. Beraz, 2024ko urrian Baztan-Bidasoko udal guztien atxikimendu mozioei gehitzen zaizkien atxikimendu eta eskaerak dira.

Oraingoan, eskualdeko enpresa eta ikastetxeen txanda izan da, eta erantzun «bikaina» eman dute, adierazi dute esker onez.

Gorabehera anitz bidean

Hamarkada bat baino gehiago da Baztan-Bidasoa eskualdearen garapen sozioekonomikorako Lanbide Eskola bateratu, euskaldun, erreferente eta indartsu baten beharra aldarrikatzen ari direla. Urte hauetan guztietan proiektuak gorabehera anitz izan ditu aurrera egiteko, eta bost enpresak interesa azaldu arren, 2024ko martxoan obren lizitazioa hutsik gelditu zen.

Uztailean, berriz, Europak administrazioei gastu sabaia jarri izanaren arrazoipean Nafarroako Gobernuak proiektuari finantziazioa kendu zion, Lanbide Eskola berria arriskuan jarriz.

Ondotik, Nafarroako Gobernuaren eta EH Bilduren aurrekontuen akordioaren ondorioz proiektua berrabiarazi zen. Berrabiarazi diote, hezkuntza eskaintza eta proiektua birdefinizio prozesu batean sartu zelako. Bitartean hezkuntza komunitatea aktibatu da eta hainbat ekimen egin ditu, kontzentrazioak, itxialdiak, asanbladak eta informazio kanpainak tartean. Nafarroako Parlamentura ere eraman zuten auzia zenbait alkatek eta zentrok azaroan.

«Animoz eta arduraz»

Momentu honetan, hezkuntza eskaintza adosten ari dira eskualdeko ordezkariak eta Hezkuntzako arduradunak. Datozen asteetan, aldiz, proiektuak lizitaziora atera beharko luke baldin eta 2025ean obrarentzat finantziazioa ziurtatuko bada, ondotik 2026an obrak hasi daitezen. Fase hauetan guztietan «orain arte bezala animoz eta arduraz» arituko direla erran dute, egoeren arabera dinamika berriak irekiz.

Honakoak dira Oronozko Lanbide Eskolaren aldeko atxikimendua eman duten enpresak: 3 kide, AMTP Zalain, Arcelor, Aroz Berri, Berrobide, Bilan, Composites Gurea, Construcciones Mariezkurrena, Funvera, Grayco, Harrilan, Ingenieria Navarra Mecanica, Goshua, Martiko, Pevi, San Migel aroztegia, Savera, Sedenort, Talleres Olloki, Talleres Zelaieta, Zabala Group, BKZ, Xaraka, Almaco, Esteban Igoa Hosteleria, Fontanería Honesto Lopez, Garaje Sansiñena, Lorpen, Lerin agropecuaria, Mañonea, TUV Rheinland, Venta Peio eta San Jose zahar etxea.

Eskolak, aldiz, ondorengoak dira: Elizondo, Almandoz, Amaiur, Arantza, Arizkun, Arraioz, Azpilikueta, Erratzu, Irurita, Oronoz, Ziga, Zugarramurdi, Lekaroz, Igantzi, Ituren, Ricardo Baroja, Toki Ona, San Miguel, Larraintzar, Amazabal, Irain, Mukixu, Askin eta Xinbili Xanbala.

Sinatu dutenek Nafarroako Gobernuari eskatzen diote «eskualdeko enpresek eta eskolek behar duten tamainako lanbide eskola duina» errealitate bihur dezala.