
Larunbat honetarako elkarretaratzea deitu dute Elizondo Lanbide Eskolak, Eskualdeko Lanbide Eskola Orain plataformak eta Berako Toki Ona Institutuak, 17.30ean, egitasmoa gehiago luzatu gabe gauza dadila eskatzeko, «premia handia» dago-eta.
Oroitu dutenez, 2015ean jada Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordeak Elizondo Lanbide Eskola bisitatu zuenean «egoera tamalgarrian» zegoela baieztatu zuen. Hurrengo urtean, eskualdeak erabaki bat hartu zuen: eskola berria eginen zen Oronozen. Handik bi urtera, 2018an, etorkizuneko hezkuntza eskaintza adostu zuten, eta 2020an, lizitazioa iragarri eta 2023rako egina egonen zela erran zuten. Obren baimena ere eman zen.
Baina 2024ko martxoan piztu ziren alarma gorriak: obraren esleipena hutsik gelditu zen. Zergatik? «Diru gutxiegi eskaini zutelako», plataformaren hitzetan. Uztailean proiektua bertan behera gelditu zen, PSNk finantzazioa kendu baitzion.
Azaroan, bertze ahalegin batean, proiektua berrabiarazteko akordioa sinatu zen, eta aurtengo urtarrilean, eskualdeak hezkuntza eskaintza berri bat adostu zuen. Hezkuntzak ez zuen onartu baina.
Orduan, otsailean, eskualdeak hezkuntza eskaintzaren bigarren proposamen bat aurkeztu zuen. Orain, ohartarazi dutenez, proiektua lizitaziora ateratzen ez bada, obrak ez dira legegintzaldi honetan hasiko.
«Hamarkada galdua» izan da honakoa protesta deitu duen plataformarentzat, eta «gezurra» erratea leporatu dio, gainera, Carlos Gimeno PSNko Hezkuntza sailburuari.
Egoera «tamalgarria» da
2015ean Elizondo Lanbide Eskolaren egoera «tamalgarria» bazen, gaur egun ez da hobea. Azaldu dutenez, tailerretako makineria zaharkitua dago eta espazio faltak segurtasun arazoak sortzen ditu. Berokuntzan ere gabeziak daude. Sistema zaharkitua egoteaz gain, amiantoa duela salatu dute. Elektrizitate instalazioa ere zaharra gelditu da, eta mantenurako giza baliabide gehiago behar dira.
Hutsarazte bideekin ere arazoak daude, ez dago zaintzarako gelarik eta eskola garbitzeko ordu eskasia dago. Horretaz gain, ez dago biltegi orokorrik, komunak zaharkituak daude, tailatuan behin eta berriz agertzen dira itaxurak, eta abar luze bat.
Ez dago lekurik
Erantsi dutenez, ikasle kopurua bikoiztu egin da azken bost urteetan, eta ez dago lekurik eskolan.
Arrazoi horiengatik guztiengatik, «landa eremu euskaldunean eta D ereduan soilik iznaen litzatekeen Nafarroako Lanbide Eskolarik modernoena» egiteko aukera alferrik ez galtzeko dei egin diote Nafarroako Gobernuari.

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

Ertzainas del ‘caso Zabarte’ dicen que los proyectiles prohibidos «se les cayeron de una bolsa»


