
Laboral Kutxa erakundeak eta Ikerlan teknologia-transferentzia zentroak Innkia sortu dute, enpresei aplikatutako adimen artifizialaren startup bat. Ikerlanek Mondragon eta Lakuaren laguntza duen konpainia berriari oinarriko teknologia eskainiko dio, eta Laboral Kutxak adimen artifizialaren teknologiak ezarriko ditu bere prozesuetan.
Arrasaten eskainitako prentsaurrekoan adierazi dutenez, Ikerlanek Innkia-ren produktuak eta zerbitzuak «abangoardia teknologikoan» mantenduko ditu, eta Laboral Kutxak, proiektua diruz babesteaz gain, bere irtenbide teknologikoak ezartzeko hainbat erabilera-kasu eskainiko dizkio.
Bestalde, duela gutxi Ikerlanekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren bidez, Mondragonek 10 milioi euro baino gehiago mobilizatu nahi ditu startup kooperatiboak sortzeko. Lakuak, bestalde, Innkia-ren ekimena babesten du Basque Tek Ventures programaren bitartez.
Negozio-lerroak
Arrasaten kokatuta, startup berria Gorka Artola Beobidek zuzenduko du, eta sei milioi euroko inbertsioa izango du datozen lau urteetan. 2030erako 50 pertsonako plantilla eta urtean 10 milioi euro inguruko fakturazioa izatea espero dute. Enpresa berriak bi negozio-lerro izango ditu.
Lehenengoak, adimen artifizial sortzailearen bidezko softwarearen eguneratzean eta garapen automatikoan jartzen du arreta, eta bigarrenak, berriz, enpresen barne-prozesuak optimizatzeko produktu eta zerbitzuetan. Eremu horretan, Innkiak adimen artifizial agenteak garatuko ditu informazio konfidentzialaren erabilera egokia ziurtatuko duten prozesuak eta sistemak automatizatzeko.
«Innkia gaur egun merkatuan ez dauden adimen artifizialeko soluzio egokituak eskaintzeko sortu da, eta dagoeneko gure ideia kontrastatu dugun enpresek zain dute», adierazi du Artolak. «Gure teknologiari esker, enpresek beren software-a eguneratu eta balidatu ahal izango dute, inoiz ikusi gabeko arintasunez eta segurtasunez, arrisku operatiboak murriztuz eta arauak betetzen direla bermatuz», aipatu du.
Innkiak aukera emango du «adimen artifiziala multimodalaren abantailak enpresen prozesuetan txertatzeko, hala nola irudiak ezagutzea edo testuak interpretatzea, eta ‘tokiko burmuinak’ izatea, enpresaren gai partikular guztiei segurtasun eta pribatutasun osoz erantzuteko trebatuta, eta lege- eta arau-baldintza guztiak beteta», gaineratu du Artolak.
«Puntako teknologia»
Ion Etxeberria Ikerlaneko zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, Innkia «apustu estrategikoa da, Euskadi, enpresen behar zehatzei aplikatutako adimen artifizialean erreferente gisa kokatzeko, eta horixe da teknologia horren erronka handienetako bat».
«Startup berri honekin, Orbik Cybersecuruty-rekin abian jarri genuen aktibo teknologikoetan oinarritutako ekintzailetza-eredua indartzen dugu, eta horrek erakusten du posible dela punta-puntako teknologia eta lurraldean errotuta dagoen eredu ekonomiko iraunkorra uztartzea», adierazi du.
Bestalde, Xabier Egibar Laboral Kutxako zuzendari nagusiak azaldu duenez, erakundeak «asmo handiko agenda eraldatzailea» duela teknologiaren, datuen eta zibersegurtasunaren arloetan, eta «adimen artifizialak funtsezko zeregina» izango duela. Erakundeak «bere sektorean erreferente izan nahi du teknologia berrien erabileran, bezeroei ahalik eta baliorik handiena emateko, gure lurraldean errotutako balioa eta ezagutza sortzen jarraitzearekin konbinatuz».

Esteban se arrepiente de haber ridiculizado el caso de Getxo pero el PNV sigue minimizándolo

Zubietarrak eta iturendarrak, joare soinuz naturaren ernatzea irudikatzen

‘Non ote zaude?’ Argazkiko neskatoaren bila, memoria kolektiboaren bidez

Elkar argitaletxeak Hertzainaken errepertorioa baimenik gabe ustiatu zuela ebatzi du epaitegiak
