
Gailurra egin dute Kieven, Ukrainako gerraren hasieratik hiru urte bete direla eta. Bertan, Zelenskiri babesa agertu diote europar agintariek, Europar Batasunera batzeko bidea egiten ari den honetan. Ursula Von der Leyen Europako Batzordearen buruak uste du balitekeela atxikimendua bost urteren buruan egikaritzea. Gailurrean batu diren agintarien artean ez da AEBtako ordezkaririk izan.
Gaur egun, Ukraina Europar Batasunera sartzeko hautagaia da. Berez, epe finkorik gabeko prozesu bati egin beharko dio aurre. Gitanas Nauseda Lituaniako presidenteak gailurrean prozesua «azkartzeko» deia egin du, 2030. urtea hastearekin batera bukatzea helburu bezala zehaztuta. Von der Leyenen ustetan, atxikimendua gauzatzeko beharrezko erreformak erritmo «txundigarrian» ari dira aurrera egiten eta harekin bat egin du Antonio Costa Europako Kontseiluko presidenteak. Hala ere, biek ala biek azpimarratu dute merituetan eta baldintzatan oinarritzen den prozedura dela, aditzera emanez Ukrainarekin ez dutela salbuespenik egingo.
Gailurra batasun irudia emateko baliatu dute europar agintariek, bake negoziazioen inguruko eztabaida puri-purian den honetan. Bertaratu dutenek adierazi dute Ukraina ez ezik, Europa ere izan behar dela Donald Trump Estatu Batuetako presidenteak abiatu berri duen prozesuan. Izan ere, Costak, Trumpen «esfortzua» txalotu badu ere, esan du Ukraina dela negoziaziorako beharrezko baldintzarik baden erabaki dezakeen bakarra.
Zelenskik, ildo beretik, baieztatu du Ukrainan jokoan dagoena kontinente osoaren etorkizuna dela, eta harekin bat egin du Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak, adierazi baitu ukrainar tropek «balio amankomunak» defendatzen dituztela, hala nola, «subiranotasuna, independentzia eta lurralde-osotasuna».
Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea ere zentzu berean mintzatu da. Izan ere, eskatu du bai Errusia eta baita Ukraina ere, «bidezko eran ordezkatuta egon daitezela» negoziazioetan.
Bertaratu ez bada ere, telematikoki parte hartu du Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak eta hark ere Ukrainak negoziazioetan parte hartu dezala galdegin du. Halaber, Errusia presionatzearen alde agertu da.
Zigor gehiago
Hain zuzen ere, egunean zehar onartu ditu Erresuma Batuak Errusiaren aurkako zigor gehiago, bereziki petrolio-ontzien ‘flota fatasma’ delakoari eragiten diona. Beste horrenbeste egin du Europar Batasunak, hamaseigarren zigor paketea onartu baitu. Gainera, Errusiak «bakearen aldeko pausorik eman ezean» presioa areagotzeko asmoa agertu du.
Horrez gain, 3.500 milioi eurorekin lagunduko du Ukraina. Bide beretik, Pedro Sanchez espainiar Estatuko presidenteak mila milioi euroko balioa duen laguntza militarra helaraziko dio Kievi aurten.
Negoziazioak aurrera
Olga Steganishina Ukrainako presidente ordeak gailurra baliatu du Estatu Batuekin izandako negoziazioetan aurreratutakoaren berri emateko. Telematikoki bildu ziren igandean Trumpekin eta negoziazioa «azken fasean» dela baieztatu du, xehetasunik zabaldu ez badu ere.
Trumpek, Ukraina presionatu izan du dauzkan baliabide naturalen erdira sarbidea eman diezaion, Washingtonek gerran eman dion laguntzaren ordainetan. Kievek, orain arte behintzat, ez ditu Estatu Batuek proposatutako baldintzak onartu nahi izan.
NATOra sarbidea
Horrez gain, AEBek argi utzi nahi izan dute Ukraina NATOn sartzea ez dela eztabaidagaietako bat, Michael Waltz Estatu Batuetako Segurtasun Nazionaleko aholkulariaren hitzetan. Zelenskiren aburuz, ordea, Ukrainak Europar Batasunean zein NATOn sartu beharko luke eta adierazi du hori gertatu dadin dimititu behar badu, egin egingo duela.
Trump eta Macron, Ukraina hizpide
Emmanuel Macron frantziar presidenteak Donald Trump AEBko presidentearekin batera agerraldia egin du Washingtonen. «Bakea lortzeak ez du esan nahi Ukrainak amore eman duenik. Ez du bermerik gabeko su-etena suposatu behar. Ukrainaren subiranotasuna ahalbidetu behar du, eta eragiten dioten gaien inguruan interesa duten beste alderdi batzuekin negoziatzen utzi behar dio», esan du Macronek Etxe Zurian egindako bileraren ostean.
Bestalde, Donald Trump AEBko presidenteak astelehen honetan aurreratu duenez, Ukrainako gerrari amaiera emateko akordioa «zuzenean» lortzea da bere lehentasuna, baina su-etenari irekita agertu zen negoziazio sakonagoen aurretik. «Akordio batera zuzenean joatea gustatuko litzaidake, baina su-etena beti gertatzen da pixka bat lehenago», adierazi du Etxe Zurian.
«Zelenski presidentearekin bilduko naiz. Izan ere, aste honetan edo datorren astean etor daiteke akordioa sinatzera. Berarekin bildu nahi nuke Bulego Obalean. Akordioa lantzen ari gara, azken akordio batetik oso gertu gaude, lur arraroak eta beste gauza batzuk barne hartuko dituena. Sinatzera hona etortzea gustatuko litzaidake», esan du Trumpek.
Gauzak horrela, AEBko presidenteak atea irekita utzi die Ukrainan bakea mantentzeko misioei, behin Moskuren eta Kieven arteko akordioa lortuta. «Behin bakea sinatuta, Errusia bere negozioetara itzuliko da, eta gauza bera egingo dute Ukrainak eta Europak», azpimarratu du.
Ameriketako Estatu Batuek, gainera, arratsaldean lortu dute NBEko Segurtasun Kontseiluak Ukrainako gerrari buruzko ebazpen bat onartzea. Ebazpen hori atzera bota dute goizean, Batzar Nagusian bozkatu dutenean. Ebazpenak hamar herrialderen babesa jaso du, horien artean Errusia, Txina eta Kontseiluko Afrikako eta Asiako herrialdeak; Europako bost herrialdeak abstenitu egin dira, eta frantziar Estatuak eta Erresuma Batuak uko egin diote beto eskubidea erabiltzeari, aurka bozkatuz erabil zezaketelako.
Ebazpenak, gogoratzen den laburrenetako bat, «Ukrainaren eta Errusiako Federazioaren arteko gatazka» aipatzen du, «gatazkari amaiera azkarra ematea eskatzen du» eta «bake iraunkorra premiazkoa dela».

Insultan a una esquiadora italiana por hablar ladino en una entrevista

La sanción a un mando por tocamientos a una cantinera desata una reacción machista en Irun

La Audiencia Nacional ordena el ingreso en prisión de Arantza Zulueta y Jon Enparantza

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

