
Gutxieneko pentsioak Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin (LGS) parekatu arte osatuko dituen sistema propioa garatzeko herri ekimen legegilean (HEL) jasotako proposamena 66.000 emakume pentsiodunen onerako izango litzateke, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko Emakumeek jakinarazi dutenez.
Bilbon astelehen iluntzean egindako ekitaldi batean nabarmendu dutenez, neurri honek orotara 100.000 pentsiodunengan izango luke eragina, 1.134 eurorainoko osagarria eskuratuz. «Horrek bizi-baldintza duinak lortzeko gutxieneko diru-sarrera nahikoak bermatuko dizkie, eta, gainera, genero arrakala murriztuko da».
Eman dituzten datuen arabera, 2023an EAEn 6.000 pertsonak kotizazio gabeko pentsioa zuten, hau da 464,60 euro hamalau ordainsaritan. Horietatik, 4.024 emakumeak ziren, hau da, bi heren. Horien artean 1.055 80 urtetik gorakoak ziren. 2024ko azaroan, berriz, kotizaziorik gabeko pentsioa duten pertsonak 7.859ra igo dira, hilean 518 euro jasotzen dituztelarik. Horietatik, 5.300 inguru emakumeak izango lirateke.
Pentsio txikienak, emakumeenak
«Pentsio txikiena duten emakumeak dira, eta nekez irits daitezke hilaren amaierara. Gaur egun duten zaurgarritasuna ez da kasualitatearen edo zoriaren ondorio, bidegabekeria historiko baten ondorio baizik, feministok patriarkatua deitzen dugun sistema batean sustraituta dagoena. Sistema horrek emakumeei espeziearen zaintza lanak esleitu zizkigun, eta zeregin horiek ez dira lantzat hartu eta, beraz, ez dira ordaindu familia eremuan egin diren bitartean. Hain zuzen ere, zaintza lanetan duten dedikazio nagusiaren ondorioz, emakume horiek lan munduan ez dira sartu, edo sartu badira, kotizazio peko pentsioa jasotzeko eskubiderik ematen ez dien denbora laburrerako izan dira», azaldu dute.
«Eta lan munduan sartu diren emakumeak lanaldi bikoitzaren kontura izan dira, etxean eta etxetik kanpo, eta, horren ondorioz, emakume askok lanaldi partzialeko enpleguak dituzte, eta emakumeek hartzen dituzte, batez ere, zaintzarako eszedentziak. Egoera horiek pentsioaren zenbatekoan eragiten dute, beherantz. Horrek eta lan mundua sexuaren arabera bereizteak, emakumeek soldata baxuagoak izateak, soldata arrakala bat eragin du, pentsioen genero arrakalan islatzen dena», gaineratu dute.
Osagarria bermatzea
Gauzak horrela, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak pentsioen osagarri bat bermatzeko herri ekimen legegilea erregistratu zuen joan den irailean Gasteizko Parlamentuan. Urriaren amaieran eskaria onartu zuten.
Gutxieneko pentsioak LGSarekin parekatu arte osatuko dituen sistema propioa eratzea proposatzen da, Europako Gutun Sozialaren ildotik. «Osagarri hori banan-banan aplikatu nahi dugu hartzaile bakoitzarentzat, haien bizikidetza-harremanak edozein direla ere. 2017ko Eskubide Sozialen Europako Zutabearen eta Europako Gutun Sozialaren arabera, baliabide nahikorik ez duen pertsona orok zahartzaroan bizitza duina bermatuko duen gutxieneko errenta jasotzeko eskubidea du», azaldu dute.
Proposamen honen arabera, EAEko administrazioa izango da ofizioz jardungo dena osagarria jasotzeko eskubidea duten pertsona guztiek jasoko dutela bermatzeko.
Neurri honengandik onura gehien jasoko dutenak emakume pentsiodunak izango dira. Emakumeen eta gizonezkoen arteko erretiro-pentsioen arteko aldea hamar eurotan baino ez da murriztu 2014tik 2024ra, helburu hori lortzeko ezarri diren neurriak ez baitira eraginkorrak izan.
Aspalditik datorren desberdintasuna
«Egia da emakumeek pairatzen duten desberdintasun hori konpontzeko beharrezkoa dela askotariko neurriak hartzea, bai eta zaintza-lanak gizonen eta emakumeen artean ekitatez banatzea ere. Baina argi dago kotizazio gabeko edo kotizazio peko pentsioak dituzten eta zenbateko horretara iristen ez diren emakume guztiei 1.134 euroko gutxieneko pentsioa bermatzeak genero-arrakala nabarmen murriztea ekarriko duela», azpimarratu dute.
«Laburbilduz, esan dezakegu emakumeek aitortzarik ez duten eta ordainsaririk jaso gabe eginak diren zaintza-lanetan ematen duten dedikazioak, lan-munduan duten egoera prekarioa eta diskriminatua ondorioztatu duela. Lan-munduko desberdintasun-egoera horrek pentsio baxuagoak izatea eragin du, kotizazio pekoak edo kotizazio gabekoak izan. Gure ustez, HEL honen bidez, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak arindu egin nahi du, nolabait, bidegabekeria patriarkal gisa katalogatu dugun hori», adierazi dute.

Esteban se arrepiente de haber ridiculizado el caso de Getxo pero el PNV sigue minimizándolo

Zubietarrak eta iturendarrak, joare soinuz naturaren ernatzea irudikatzen

‘Non ote zaude?’ Argazkiko neskatoaren bila, memoria kolektiboaren bidez

Elkar argitaletxeak Hertzainaken errepertorioa baimenik gabe ustiatu zuela ebatzi du epaitegiak
