NAIZ

Naroa Elizalde pilotari zubietarra hil da, 27 urte zituela

Naroa Elizalde pilotari nafarra hil da asteazken honetan, 27 urte zituela. Ados Pilota elkartearen sortzaileetako bat izan zen, emakumeen lehen talde profesionala.

Naroa Elizalde, 2021ean Labriten jokatutako partida batean.
Naroa Elizalde, 2021ean Labriten jokatutako partida batean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Naroa Elizalde Etxekolonea pilotari zubietarra hil da asteazken honetan, 27 urte zituela, gaixotasun baten ondorioz.

Elizalde txikitan hasi zen pilotan jokatzen, 6-7 urterekin, bere herriko plazan, baina 12-13 urterekin utzi egin behar izan zuen, garai hartan beste neskarik ez zelako aritzen eta ez zegoelako haientzat txapelketarik. Hala ere, Gasteizen ikasten zuen bitartean, astean zehar entrenatzen jarraitu zuen. 17-18 urterekin ekin zion berriro pilotan jokatzeari, Emakume Master Cup txapelketan parte hartuta.

Zubietarra 2021ean Ados Pilotako sortzaileetako bat izan zen, Maite Ruiz de Larramendi eta Iera Agirrerekin batera; emakume pilotarien lehen talde profesionala izan zen. Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako hamahiru emakume biltzen zituen hasiera hartan.

Azken urteetan elkarte horrek antolatutako txapelketeta aritu zen Elizalde, gaixo jarri zen arte.

2019. urtean elkarrizketa eskaini zion Iruindarra Telebistari eta gizon eta emakume pilotarien artean dauden desberdintasunen inguruan mintzatu zen.

Emakumeentzat urteen poderioz egoera hobetu zela zioen orduan, baina hala ere oraindik gizonekin aldeak «nabarmenak» zirela. Hala, gizonak pilotatik bizi ahal diren bitartean, emakumeen kasuan «ofizioa baino gehiago afizioa» zela esaten zuen, eta pilotaz gain «beste lanbide bat izan beharko» luketela.

Emakumeen artean pilota sustatzeko maila ezberdinetako txapelketan antolatzeko beharra ikusten zuen Elizaldek. Telebistan ere emakumeen pilota partidu asko ez zirela emititzen kexu zen elkarrizketa hartan. «Neska asko daude partida asko jokatzen dituztela, maila onean ere bai, eta horietara ez dira etortzen ez telebista ez beste komunikabideak», zioen.

Etorkizunari begira, hala ere, baikor mintzatu zen eta emakumeen pilota «gero eta indartsuago» izango zela aurreikusten zuen. «Lana egin beharko da, hori bai», onartuta.

Elizalderen gorpua Doneztebeko Baztan Bidasoa beilategian izango da asteazken honetan, 16.00etatik 20.00etara eta ostegunean, 09.00etatik 12.00etara.

Ados elkarteko bere lagunek bertso batekin gogoratu dute sare sozialetan.