NAIZ

Urrezko Ligaren lidergoa egongo da jokoan igande honetan Urdulizen

Goiuri Zabaletak, gaixorik, ezin izango du Iparralde Pilotalekuan egon, eta bere ordez Ibarrola arituko da Osesekin batera eta urdinez jantziko diren Etxegarai-Arrillagaren aurka. Gorriak 22ra iristen badira, fase honetako lehen postua eurena litzateke, jokatutako bi partidak irabazita.

Igandeko jaialdiko kartela.
Igandeko jaialdiko kartela. (EMAKUME MASTER CUP)

Binakako Txapelketa Nagusia gori-gori dago eta igande honetan Urdulizen Urrezko Ligaren lidergoa egongo da jokoan, formatu berri honen azken aurreko jardunaldian. Urdulizeko Udalak apustu irmoa egin du emakumeen esku pilotaren alde eta babes horren baitan, lehen mailako pilotariak bilduko dituen jaialdia jokatuko da eguerdiko 12.00etatik aurrera Iparralde Pilotalekuan.

Binakako Txapelketa nagusiari dagokion lehian, Ibarrola-Osesek Etxegarai-Arrillagaren aurka jokatuko dute eta estelarraren aurreko partida ere ez da nolanahikoa izango, Arrizabalaga-Bertizek Aldai-Capellanen aurka neurtuko baitituzte indarrak txapelketatik kanpoko norgehiagokan eta bi aurrelari bizkaitarren arteko demak beti suertatzen dira ikusgarriak.

Urdulizeko Binakako Txapelketa Nagusiko partida azken orduko baja batek baldintzatuta dator, Goiuri Zabaletak, gaixorik, ezin izango baitu Iparralde Pilotalekuan egon, leitzarrari eta Osesi Urrezko Ligako lehen postua eman diezaiekeen lehian. Nafarraren ordez Ibarrola arituko da, maila handiko eta berme osoko beste aurrelari bat eta 22ra heltzea lortzen badute, fase honetako lehen postua eurena litzateke, jokatutako bi partidak irabazita. Aldiz, garaipena Etxegarai eta Arrillagak lortuko balute, Urrezko Ligako lau bikoteak puntu banarekin berdinduta geratuko lirateke eta dena azken jardunaldian erabakiko litzateke.

Argi ikusten denez, lehia estua da Urrezko Liga honetan finalerdietarako posturik onena eskuratzeko eta faborito argirik gabeko partida ikusgarri bat espero da igande eguerdi honetan Urdulizeko pilotaleku goxoan.