‘Maravillas’ eta ‘Partisanas’, emakume izena duten faxismoaren aurkako kontakizunak

‘Maravillas Lamberto’ eta ‘Partisanas’ liburuak aurkeztu ditu Xabier Susperregik Bilbon larunbat honetan, faximoaren aurkako emakumeen borroketan inspiratutako poemak, gertaerak erakusteko eta memoria historikoari emakumeen istorio hilezkorrak emateko.

Xabier Susperregiren «Maravillas Lanberto» liburua, aurkezpenean.
Xabier Susperregiren «Maravillas Lanberto» liburua, aurkezpenean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

‘Maravillas Lamberto’ eta ‘Partisanas’ liburuak aurkeztu ditu Xabier Susperregik larunbat honetan Bilbon, faxismoaren aurkako borrokaren ikur diren emakumeen hainbat istorio hilezkor bilakatzen lagunduz.

Lehenak Larragako gaztearen istorioan sakontzen du, bigarrenak 20 emakume baino gehiagoren kontakizunak biltzen ditu, Karel Destovnik ‘Kajuh’ olerkari partisanoaren poemen ondoan.

Louis Michelle liburu-dendan izan da aurkezpena, Euskal Herriko Talde Errepublikanoak (EHTE-CREH) antolatuta. Mahai txiki baten inguruan, Xabier Susperregi eta EHTEko Pedro Maria Fernandez aritu dira historiak sarritan isilarazi dituen ahots horiei aurpegiak eman eta haien borrokei testuinguru historikoa jarriz.

Tere Villalobos, Angelica Zubiran eta Maitane Azurmendiren ilustrazioek laguntzen dute ‘Larragako loretxoari’ eskainitako lana, prosa eta poesia uztartzen dituena. Xabier Susperregik berak azaldu duenez, garrantzitsua izan da berarentzat emakume guzti horiei aurpegia jartzea, eta halaxe egin du aurkezpenean, protagonista bakoitzaren iraganaren ondoan haien irudiak jarriz.

Bi hitz zituen lagun baten mezu batek –«Maravillas Lamberto»– balio izan zuen makineria martxan jarri eta «gazte ausart» hari buruzko istorioa berreskuratzeko, kontatu du egileak. Larragarra da protagonista nagusia, baina herrian izan ziren 60tik gora errepresaliatuentzat omenaldia ere izan nahi du liburuak, nabarmendu duenez. Maravillasen istorioak, gainera, Nafarroan lehen unetik frankisten ezarri zuten heriotza eta izuaren legea ere erakusten duela azaldu du.

Errepublikaren aurkako 1936ko matxinada militarretik hilabete eskasera, Larragan frankistak Maravillas Lambertoren etxetan azaldu ziren; aitaren bila zihoazen, UGTko kidea zen Vicente Lamberto atxilotzera. 14 urteko alabak atxilo eramaten zuten aitaren ondoan egotea eskatu zuen. Behin eta berriz bortxatu ondoren, aitarekin hil zuten.

Beste protagonista nagusi bat eman dio Susperregik istorio latz horrri beste istorio batzuk gogorarazteko, ‘mila istorioen mutila’ da, adin eta garai bereko «zortzi urteko haur bizkaitar errefuxiatu bat» eta  kontatzeko hamaika istorio dituena». Maravillasen ondoan elkarrizketarako hari moduko bat sortzen du liburuak.

Poesia dago istorio horien berreskurapenean, baina tresna gisa erabilitako lengoaia baino ez da, gertaerak «erakusteko arma bat». Bizkaiko ume errefuxiatua bezala, hitzek eta tresnek memoria ematen diete gertakariei, eta testuinguru horretan, aipatu du Susperregik berreskuratutako beste zenbait pasadizo dagoela, Lodosako zirkuarena edota Larrabetzun eroritako pilotu alemaniarrarena, esaterako. «Orain ezagutzen hasi den istorioa da. Antza denez zirkuko hainbat kide, umeak tartean, hil zituzten. Horregatik liburuak erreferentzia egiten dio Lodosako zirku horri», aipatu du egileak liburuan ageri diren istorioen inguruan.

Auschwitcheko labe bat leherrarazi zuen emakumea

Emakume partisanoak dira Xabier Susperregik memoria historikoari emandako bigarren lanaren protagonistak. Nazien okupazioan, «bazterrean geratzeari uko egin» eta «kemena eta ausardia» erakutsi zuten hainbat emakumeren profilak berreskuratzen dituen liburua da, Errepublikazaleen kolektiboko Fernandezen hitzetan.

Hilabete luzeetako ikerketa sakonaren emaitza da lana, herrialde eta hizkuntza ezberdinetan, historiaren une erabakigarri batera itzuli eta faxismoaren aurkako borroken kontakizun berriak lantzeko, «une batean non askatasunaren aldeko borroka bizitza askoren zutabe nagusia izan zen».

Poesia historiko sorta horren ilustrazioen artean Angelica Zubiran, Tere Villalobos era Rodrigo Damianena lanak ere badaude, eta profilen artean, Auschwitzeko labe bat leherrarazi zuen emakumearen istorioa edota ehun nazi pozoitzea lortu zuen harena, bizitzekin bakarrik ordaintzen ez zuten une batean, «nazien errepresaliak familietara eta are herri osoetara heltzen zirenean».