«Bertsio ofiziala garaiko bala zorro, ke poto eta pilotek deuseztatzen dute»
Urtebete falta da Martxoaren 3ko sarraskiaren artxiboen desklasifikaziorako. Egia jakiteko «falta den informazioa» handik jasotzea espero du Julen Diaz de Argotek. Hala ere, Martxoak 3 eta Memoria Gara elkarteek abian duten ikerketa prozesuaren berri eman du NAIZ Irratian, urtemugaren bezperan.

Herritarrei dei egin diezue, testigantzak eta materialak eman ditzaten. Erantzunik jaso duzue?
Bai, hasi dira gurekin kontaktuan jartzen. Jadanik bi pertsona gurekin harremanetan jarri dira haien testigantzak emateko.
Hala ere, lan honek dagoeneko badu ibilbidea, eta zenbait hedabidetan ikusi dugu bala bat eta zauritu baten txostena jaso duzuela. Zer dio dokumentu honek?
2024an memoria datu basea sortzeko proiektua abian jarri genuen, elkarrizketa ezberdinak eginez. Iaz 70 bat baino gehiago egin genituen. Objektuak biltze aldera ere lana nahiko aurreratu dugu.
Objektu deigarrienetako bat medikuaren txostena eta honi itsatsita dagoen bala da. Zauritu batengandik ateratako bala da. Lepotik sartu zitzaion eta bizkarrezurraren ondoan gelditu zen. Santiago ospitalean, ebakuntza egindakoan, medikuak bala eta txostena eman zizkion zaurituari.
Pentsatu duzue balaren azterketa balistikoa egitea?
Printzipioz ez dugu halakorik pentsatu. Baina krimenaren eszena moduko bat egitea aurreikusi dugu. Zauritu askoren testigantzak ditugu, eta bakoitzak azaltzen du elizatik nondik atera zen edo zehazki non zauritu zuten. Beste batzuek nondik tirokatu zituzten ikusi zuten. Gure asmoa halako eszena bat erreproduzitzea da.
Tiro bat lepoan jasota, posible zen Martxoaren 3ko sarraskiak seigarren hildakoa izatea. Objektu hau entregatu duen pertsonak eman du bere testigantza?
Egun hartan bost pertsona erail zituzten, baina askoz gehiago izan zitezkeen. Halako kasu asko daude. Adibidez, Josu Ormaetxea aurpegian tirokatu zuten. Gasteizko suhiltzaileen burua zenari ere beste tiro bat eman zioten aurpegian. Zortea izan zuten batzuek. Zentimetro bat eskuinera edo ezkerrera eta ez ziren gure artean egongo seguruenik, edo tetraplegiko geldituko ziren egun hartan bertan.
Bertsio ofizialaren arabera, poliziak inguratuta sentitu ziren eta orduan hasi ziren tiroka. Jakina da ez zela hala izan, baina jasotako materialak laguntzen al du gezurtatzen?
Hori Poliziak berak deuseztatu zuen. Audioetan entzuten da: «No nos interesa irnos de la iglesia, porque entonces se van a escapar». Argi dago agindu batzuk jaso zituztela, eta nolabaiteko lezioa eman nahi zutela. Greba prozesu horrek indar handia hartu zuenez, hori izan zen agindua. Zapuztea eta greba mugimendu indartsu horrekin amaitzea. Objektuek greba prozesu horretaz eta sarraskiaz hitz egiten digute. Garaiko bideo, bala zorro, bala, ke poto eta pilotek bertsio ofiziala deuseztatzen dute.
San Frantzisko eliza bera errepresioaren lekukoa da. Berriki jakin dugu egoera aski kaskarrean dagoela. Baina badu sarraskiaren arrastorik?
Nahikoa kezkatzen gaituen kontua da hau. Azken urteetan aditzera eman dugu elizaren atal batzuk erortzen ari zirela. Orain dela urte batzuk arbel zati batzuk erortzen ari zirela esan genuen. Gaur beste termino batzuetan hitz egiten dugu. Azken haizeekin plaka osoak erori dira. Bereziki kezkatuta gaude elizaren hego-mendebaldeko zonarekin. Hor izan dira erorketa handienak, eta bertan daude bala zulo gehienak.
Elizaren argi zuloa ere nahiko kaltetua dago. Uste dugu kristalen bat apurtu egin dela. Ikusi dugu NAIZek egindako erreportajean barruan itoginak eta ur putzuak daudela. Kezkatzen gaitu diru publikoa erabili behar dela, dena konpondu eta bertan memoria zentro bat egin ahalko dela bermatzeko. Apezpikutzaren utzikeriak eragin du hau, eta denon diruarekin konpondu beharko da.
Azken hilabeteetan 70 bat testigantza jaso dituzue. Badago berritasunik?
Pertsona bakoitzak bere istorioa kontatzen du. Berritasunak daude, eta galderak sistematikoki egin izanak ikerketa berriak ekarriko ditu. Elkarrizketatu bakoitzak kontatzen du bere ikuspuntutik zelan bizi izan zituen grebak, nola bizi izan zuen sarraskia. Interesgarria da ikustea Gasteizen zelako indarra hartu zuen greba prozesu horrek. Anitzak izan ziren, eta zelako batasuna zegoen, zenbat jende inplikatu zen, zer sare sortu ziren 76ko Gasteiz hartan greba hauek aurrera atera ahal izateko.
Martxoaren 3an Polizia eliza barruan bortizki sartu izanak erakusten du Estatuarentzat eta boterearentzat greba prozesu honek eta gizarteak hartu zuen indarra.
Ospitaleetatik igaro ziren 84 biktimetatik 64 identifikatu dituzue. Bost hildako daude. Zehaztasunez jakin ahalko da M3ren biktima kopurua?
Zaila ikusten dut kopuru zehatza ematea. 80 pertsona inguru igaro ziren ospitaleetatik, eta badakizkigu hauen izen-abizenak. Oraindik 20 bat gelditzen dira identifikatu gabe. Izen-abizenak ezagutu arren, ez dugu beraiekin harremanetan jartzea lortu. Borrekin, balekin eta modu ezberdinetan zauritutako pertsona asko egon ziren, baina ospitalean identifikatzeko beldurra zuten, edo Polizia bertara joan eta atxilotzeko beldurra. Haien etxeetan, lagunen etxeetan eta ezagutzen zituzten medikuen etxeetan artatu eta zaindu zituzten. Ziurrenik larrien egon zirenen kopurua ezagutzen dugu, baina beste biktima asko egongo dira. Azken hilabeteetan egiaztapen ofizialik ez duen kasuren baten berri izan dugu.
Sekretu Ofizialen Legearen arabera, heldu den urtean desklasifikatuko dira Martxoaren 3ko txostenak. Hasi zarete desklasifikazioa eskatzen? Zer espero duzue?
Iaz, artxibategietara joan ahal izateko eskaera bat egiteko galdegin genion Eusko Jaurlaritzari. Ferroleko artxibategi militarrean informazio judiziala egongo da. 76an hainbat sumario zabaldu ziren biktimak terroristatzat hartuz. Orden Publikoaren Auzitegian, bertatik igarotako hainbaten informazioa egon beharko du, Jesus Fernandez Naves edo Imanol Olabarria, esaterako. Uste dugu ere, Langraiz Okako espetxeko artxibategian informazioa egon daitekeela. Eta gehien interesatzen zaiguna Alcala de Henaresko artxibategia da. Bertan, garaiko Gobernazio Ministerioaren, gaurko Barne Ministerioaren, informazioa dago. Egia jakiteko falta zaigun informazio guztia edo gehiena egongo da hor, Polizia armatuarena, gobernadore zibilarena, eta abar.
La Guardia Civil niega que en Aroztegia hubiera desobediencia civil «porque hubo violencia»

Marea inglesa en Bilbo: cambios en transportes, ‘fan zones’, pantallas, quejas vecinales...

Un Botxo a medio gas observa con inquietud el desembarco inglés

Iñaki Artola, bertsotan: «Irabazi ta galdu, galdu, irabazi, horixe da erronka bitatik ikasi»
