Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Igeldok Toki Entitate Txikiaren ibilbidea abiatu du Batzorde Kudeatzailea hautatuta

‘Zorionak Igeldo’ dio Igeldoko plazako afixa batek, izan ere, ostegun honetan eratu da Igeldoko Toki Entitate Txikiaren Batzorde Kudeatzailea, eta jada abiatu du bere bidea. Aho batez hautatu dute Iker Zinkunegi batzordeko presidente, EH Bilduko ordezkaria.

Dorronsoro, Barandiaran, Zinkunegi, Garmendia eta Galarragak osatuko dute Igeldoko Batzorde Kudeatzailea.
Dorronsoro, Barandiaran, Zinkunegi, Garmendia eta Galarragak osatuko dute Igeldoko Batzorde Kudeatzailea. (Andoni Canellada | FOKU)

Aspaldiko aldarria formalki gauzatu dute igeldoarrek, izan ere, ostegun honetan egin du Igeldok Toki Entitate Txikiaren Batzorde Kudeatzailearen lehen batzarra eta, ondorioz, jada ofizialki bilakatu da Toki Entitate Txikia. Batzorde Kudeatzaileko ordezkariak aukeratu dituzte bilkuran; Iker Zinkunegi izango da presidentea. Horrela, Gipuzkoako hirugarren Entitate Txikia bilkatu da Igeldo, Ereinotzu eta Itziarren atzetik.

Hurrengo udal hauteskundeak bitarte toki erakundea zuzentzeko ardura izango du aipaturiko batzordeak. Alderdi bakoitzari dagokion kide kopurua hauteskunde batzordeak zehazten du. EH Bilduri lau ordezkari zegozkion –Karmele Garmendia, Eneko Dorronsoro, Iker Zinkunegi eta Pedro Maria Galarraga izango dira– eta EAJtik, aldiz, Iñigo Barandiaran izango da ordezkaria. Pasa den urtean egindako bozketan, %84,6k bozkatu zuen baietz, eta abenduan onartu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Igeldo Tokiko Entitate Txiki gisa.

Aho batez izendatu dute Iker Zinkunegi mahaiko presidente; igeldotarrentzat «pauso garrantzitsua» dela aitortu du, baina era berean hurrengo urteetan «gorpuzteko eta benetan erreala bilakatzeko lana biderkatu» egingo denaren jakitun direla esan du. «Hona ekarri gaituen bide bera jarraitzen badugu, elkar ulertze eta adostasunean oinarritutakoa, prozesuari amaiera positibo bat emango diogu», ondorioztatu du.

Batzorde Kudeatzailearen izenean, herritarrak «aitortu eta goraipatu» ditu Zinkunegik, urte guztietan egindako lanarengatik. Bestalde, bereziki EH Bilduk izandako jarrera eskertu du, mahaiko ordezkarien hautaketak herritarren esku utzi duelako. Izan ere, Igeldoko Herri Kontseiluak alderdiei ordezkariak «igeldotarrak eta herriko dinamikan parte hartzen dutenak» izateko eskatu zien, eta EH Bilduk hori errespetatu eta herritarren esku utzi zuen ordezkariak hautatzeko ardura.

Batzarraren ostean Eneko Dorronsoro Herri Kontseiluko ordezkari eta orain Batzorde Kudeatzaileko kideak adierazi du urte luzez aritu direla borrokan «Igeldoko nortasuna eta gure identitatea defendatzen eta mahai gainean jartzen», eta ostegun honetan entitate juridiko berriak nortasun hori onartzen duelako «egun historikoa» dela adierazi du.

Ordezkari politikoek, balorazio positiboa

Igeldoko herri batzarrean izan dira Eneko Goia Donostiako alkatea, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Juan Karlos Izagirre Donostiako EH Bilduko zinegotzia. Alkatearen hitzetan, «lan asko eskatu duen urrats garrantzitsua» izan da ostegun honetan Igeldon gauzatu dena. Ez dela erraza izan aitortu du, baina oso baikor dagola gaineratu. «Helburua igeldotarren izaera errespetatzen jakitea da, Udala gertuago sentitu dezaten, eta hiritarrei zerbitzu hobea eskaintzeko bidea izatea, bidelagun izango gara horretan», adierazi du.

Izagirreren ustez «berri ona» da «Igeldorentzat, Donostiarentzat eta demokraziarentzat», herriaren nahia errespetatu delako. Gogoratu du EH Bildu beti egon dela herrien borondatea errespetatzearen alde, eta beti egongo dela: «Ez duena balio da galdeketa bat egiten denean batzuetan bai errespetatzea emaitza eta besteetan ez; Igeldok beste bi aldiz ere bozkatu du zer nahi zuen izan eta bietan ukatu egin zaio, hirugarren honetan errespetatu egin da eta espero dugu hemendik aurrera ere, sortu daitezkeen galdeketetan, errespetatzea».

Bestalde, urteetan Igeldoren alde lanean ibiltako herritarrak gogoratu eta omendu nahi izan ditu EH Bilduko ordezkariak, «haiei esker Igeldo bizirik dago, Igeldo herri bat da eta Igeldo hobe bat daukagu eta izango dugu hurrengo urteetan».

Mendozak onartu du igeldotarrek «izaera propioa» aldarrikatzen dutela, eta Aldundiak bat egiten duela aldarrikapen horrekin. Elkarlanik gabe ez litzatekeela posible izango esan du, eta aldi berean prozesuan parte hartu duten herritarrak eskertu nahi izan ditu: «Honek erakusten du badugula komunitate sendo bat, elkarlanean bertako balioak eta izaera aldarrikatzen dituena».