Xabier Zabalori ezarritako gradu erregresioa salatu dute Urretxu eta Zumarragako bizilagunek

Urretxu eta Zumarragako bizilagunek gogor salatu dute ostiral honetan Xabier Zabalori ezarri dioten gradu erregresioa, espetxera itzuliaraziz. Nahikoa dela adierazi dute, «Auzitegi Nazionaletik harturiko erabaki honek etxerako bidea oztopatu ez ezik sufrimendua areagotu ere egiten duelako».

Zabalori elkartasuna adierazi diote herrian.
Zabalori elkartasuna adierazi diote herrian. (Gorka Rubio | Foku)

Ehunka lagun bildu da ostiral honetan Potros plazan, Zumarraga eta Urretxuren arteko mugan, Xabier Zabaloren gradu erregresioa salatzeko. Sarek jakinarazi zuenez, Zabalo espetxera itzuli zen astelehenean bigarren gradurako erregresioa jasan ondoren. Lakuak eta Zaballako Espetxe Zaintzako Batzordeak hirugarren gradua onartu zioten, baina Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen.

«Urtebete igaro da Auzitegi Nazionaleko fiskalak espetxeko tratamendu batzordeak hartutako erabaki bati azken aldiz helegitea jarri zionetik. Urtebete ondoren, Urretxu-Zumarragan tokatu da oraingoan, Xabierri tokatu zaio oraingoan. Tokatu esaten dugu Auzitegi Nazionaleko fiskalak aurkeztutako helegiteak ez duelako oinarririk, ez duelako arrazoirik egin duena egiteko, ezta eskubiderik ere», adierazi dute.

Eta ozen esan dute «nahikoa dela, Auzitegi Nazionaletik harturiko erabaki honek etxerako bidea oztopatu ez ezik sufrimendua areagotu ere egiten duelako, batzuen konpromezu eta aurrera egiteko gogoaren aurrean iraganeko politiken zantzua nabarmendu delako beste behin. Xabierrek hainbat irteera programatu eta baimen gauzatu dituelarik, etorkizunera begiratzeko konpromezua erakutsia du behin baina gehiagotan. Zentzu horretan izan da Xabierren 3. graduaren proposamena».

«Auzitegi Nazionalari ardura eskatu nahi diogu, errespeta dezala egoera hobekien ezagutzen duten horien erabakia eta onar dezala lehenbailehen aurkeztutako errekurtsoa. Eusko jaurlaritzari eta espetxeetako tratamendu batzordeei orain arteko bidean jarraitzeko eskatuko diegu, jarrai dezatela etorkizunari begira modu eraikitzailean lanean, jarrai dezatela egoerak eskatzen duen arduraz etxerako bidean hurratsak ematen», gaineratu dute.