
2023ko urriaren 7tik orain arte 48.459 hildako zenbatu ditu Osasun Ministerio palestinarrak Gazako Zerrendan; hondakinen artean desagertutakoak, berriz, milaka dira. Hamasen erakundeak zehaztu zuenez, azken aste honetan 69 herritar hil dira, horietatik 24 israeldarren erasoetan eta 45 zabor artean harrapatuta. Zaurituei dagokienez, gutxienez 111.860 dira.
Joan den urtarrilaren 19an Gazan su-etena indarrean sartu zenetik Babes Zibileko taldeak gogorrago ari dira lanean hondakinen artetik gorpuak erreskatatzeko. Israeli makinaria astuna sartzea eskatu diote, lan hauek egin ahal izateko.
Azken zazpi egunetan osasun agintariek 84 zauritu zenbatu dituzte gutxienez.
Zerrendan ez da borrokarik izan hilabete batean, Israelen bonbardaketen intentsitatea ere jaitsi da; toki arriskutsua da oraindik gazatarrentzat, ordea, hondamen, mina eta lehertzear dauden artefaktuz beterik baitago.
Igande honetan, bi hildako
Tropa israeldarrek gazatarren aurka erasotzen segitzen dute su-etenean egon arren, Israelek eta Hamasek zeharka negoziatzen duten bitartean, armak gehiago isil daitezen.
Igande honetan bertan israeldarrek bi palestinar hil dituzte, eta beste bi zauritu, dron baten bidez, Gaza hirian, jakinarazi dio Osasun Ministerio palestinarrak Efe agentziari. Israelgo armadak agiri batean azaldu du «zenbait terrorista» hil dituztela «lurrean lehergailu bat jartzen saiatzen ari zirela».
Israelgo tropak Gazako mugan eta Filadelfiako korridorean zabalduta daude, eta ehundik gora palestinar hil dituzte, tartean haurrak.
Igande honetan Zafaranako gunean, Maghaziko errefuxiatuen kanpamenduaren ondoan, eraso dute israeldarrek dron batekin; Zerrendaren erdian, Wafa berri agentzia palestinarrak kontatu duenez. Momentuz ez da biktimarik izan.
Izututa
Oraindik su-etenari segida emateko akordiorik ez dagoenez, gazatarrak Benjamin Netanyahuren gobernuak gerrara itzultzea aginduko duen beldur dira, hau da, hondakin bihurtutako herriaren gainean eguneroko bonbardaketak bueltatuko ote diren.
Su-etenaren lehen partea duela aste bat bukatu zen, jarraitzeko adostasunik lortu gabe. Bigarren faseak indarrean behar luke dagoeneko, jatorrizko testuaren arabera. Lehen fasearen amaieran, Hamasek 33 bahitu askatu zituen eta agintari israeldarrek, aldiz, ia 1.800 preso palestinar.

Evacuados los pasajeros del Metro en Leioa tras explotar la batería de un móvil

Pello Reparaz y Amaia Romero, juntos como ‘dantzaris’ en el último mural de LKN en Madrid

Buscan en el río Bidasoa a un hombre de Irun de 32 años tras una persecución de la Ertzaintza

«Las pantallas están agravando las enfermedades mentales y haciéndolas más comunes»

