Asier Robles
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Beste bost greba egun deitu dituzte EAEko hezkuntza publikoan martxorako eta apirilerako

Hezkuntza publikoko irakasleen eta sukalde eta garbiketako kolektiboek urtarrila eta otsailean zehar egindako lanuzteek segida izango dute beste 5 greba egunekin, martxoaren 25, 26 eta 27an eta apirilaren 1 eta 2an. Hezkuntza Sailaren proposamen berria oraindik eskasa dela diote sindikatuek.

LAB, Steilas, ELA eta CCOOko ordezkariak, Bilbon.
LAB, Steilas, ELA eta CCOOko ordezkariak, Bilbon. (Monika DEL VALLE | FOKU)

LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleen eta sukalde eta garbiketako kolektiboetan greba dinamikarekin aurrera egingo dute eta beste bost greba egun deitu dituzte martxoaren 25, 26 eta 27 eta apirilaren 1 eta 2rako.

Bilbon egindako agerraldian sindikatu horietako ordezkariek azaldu dutenez, urtarril eta otsailean eginiko greba egunek «behartu» egin dute Hezkuntza Departamentua lan hitzarmenerako proposamen berriak aurkeztera, baina «oraindik urrun» daudela ziurtatu dute sindikatuek, bai sukalde eta garbiketako kolektiboarenak, bai irakasleenak ere.

Gogoratu dutenez, indarrean dagoen sukalde eta garbitzaileen lan hitzarmena 2009koa da eta irakasleena 2010ekoa, eta urtarrileko eta otsaileko mobilizazioetan langileek «argi eta garbi» adierazi zioten Hezkuntza Sailari hitzarmen horiek «orain eta hemen negoziatzeko beharra, benetako edukiak mahai gainean jarriz».

«Sailak komunikabideen aurrean negoziatzeko atea irekita duela esan du, hitzarmen berria negoziatzeko mahaietan jarrera itxia duen bitartean, negoziazioa etengabe luzatzen duenean edo gatazka desitxuratzen saiatzen denean», salatu dute sindikatuak.

Aldarrikapenak

Badira sukalde eta garbitzaile eta irakasleen aldarrikapenetan bat egiten duten puntuak: «Geroz eta handiagoak diren lan zamak arintzeko neurri zehatzak adostea; erretiroa hartzeko baldintzak hobetzea eta plantillen gazteberritze plana garatzea; galdutako erosahalmena berreskuratzea; eta jaiotza tasaren jaitsierak aprobetxatuz aldebakarrez erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusio eta itxieren aurrean enplegu publikoa bermatu eta lanpostuak egonkortzea».

Soldata hobekuntzen kasuan, sindikatuak bereziki kritiko agertu dira Hezkuntza Sailarekin: «Sailak dio ez dagoela dirurik eta ez duela beharrezko eskumenik soldatak igotzeko eta galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeko, eta orain ikusten dugu dirua badagoela, beste kolektibo batzuetara bideratzen delako», adierazi dute Ertzaintzako agenteentzat hitzartutako soldata igoerari erreferentzia eginez.

Era berean, «Hezkuntza publikoko sistema osoa euskaldunduko duen hezkuntza politikak abiaraztea, langileon lan osasuna zaindu eta kalitatezko berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatu ahal izateko baliabideak jartzea eta baita azken urteetan inposatutako atzerapausoak kentzea» aldarrikatu dute sindikatuek.

Oraingoz, adierazi dutenez, ez dago data berririk Hezkuntza Sailak eta sindikatuek hitzarmenen negoziazioari berriro ekiteko.

Hezkuntza saila, «harrituta»

Blanca Guerrero Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea «harrituta» agertu da sektoreko greba iragarpenarekin «sindikatuekin negozioazioak irekita jarraitzen dutelako». Azaldu duenez, bost mahai sektorialetan elkarrizketak daude, eta horietako hirutan akordioak lortu dituzte.

«Ez ditugu ulertzen defendatzen ari diren interesak, baina inola ere ez hezkuntzaren kalitatea, ikasleak eta familiak», adierazi du Guerrerok.