NAIZ

Udaberriko kanpaina berri bat hasi du Errigorak

Errigoraren udaberriko kanpaina berria martxan da dagoeneko. Eskaerak egiteko epea zabalik da hilaren 26ra arte. Produktu sorta berriak eskaintzen dituzte oraingoan (arroza, lekaleak, arbendolak, pasta eta ardoa).

Errigorako erosleek zainzurien ekoizpena gertutik izateko aukera izan dute.
Errigorako erosleek zainzurien ekoizpena gertutik izateko aukera izan dute. (ERRIGORA)

Udaberriko kanpaina berri bat hasi du Errigorak. Eskaerak egiteko epea zabalik da eta hilaren 26ra arte iraungo du. Egindako eskaerak jasotzeko, berriz, apirila bukaera edo maiatzera arte itxoin beharko da. Eskaerak egiteko modurik eraginkorrena webgunea dela azaldu dute.

«Egungo kontsumo ereduaren onuradun nagusiak bitartekariak dira, herritarron elikadura negoziorako tresna erabiliz aberasten direnak. Horrek kinka larrian jartzen gaitu ekoizle nahiz kontsumitzaileak, horien ongizatea enpresarien espekulazio ariketek baldintzatzen dutelarik. Testuinguru ezegonkor honek bestelako eredu bat sortu eta bultzatzeko beharra etengabe azaleratzen du», nabarmendu du Errigorak.

Eredu hori elikadura burujabetza dela azaldu du. «Euskal Herrian kontsumitzen ditugun elikagaiak hemen ekoiztuak izateaz gain, elikagaien ziklo guztiaren gaineko (ekoizpena, banaketa eta kontsumoa) erabakimena ere herriaren eskuetan egotea. Horretarako, ekoizle nahiz kontsumitzaileen parte eta kontzientzia hartzea ezinbestekoak dira. Bide hori sustatuz, denon komunitate osoaren (ekoizle zein kontsumitzaileen) zaintza helburu nagusi bilakatzen da. Horrela, eskematik kanpo uzten ditugu bata zein bestearen miseria elikatzen duten enpresa erraldoien interesak. Bestelako kontsumo bat bultzatzeak, onurak dakarzkigu denontzat», azaldu du. 

Onura ugari

Gauzak horrela, Errigorak bultzaturiko kanpainek onurak dituzte ekoizleentzat. «Agerreko ekoizleei kontsumitzaile konprometituen sare trinko bat jartzen diegu eskura, zeina baloreetan oinarritutako eta bi aldeentzako bidezkoa den harreman bat bultzatzeko prest dagoen. Horren bidez, ekoizleak ekoizten dituen produktuek aterabidea izango duela ziurtatzen dute», azpimarratu dute.

Nafarroarentzat ere onurak diru. «Eskutik Eskuran Nafarroan landatu eta ekoizitako produktuak zabaltzen ditugu Euskal Herri osora. Horrela, bertako produktuak ezagutzera eman eta ekoizpena indartzeko aukera paregabea da», azaldu dute. 

Azkenik, Euskal Herriarentzat ere onurak dituela gogoratu dute. «Elikadura burujabetzaren ildoan zentratutako kanpaina da Eskutik Eskura. Honek Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzat lan egiteko norabidea ematen digu. Bertako beharrei erantzuten dien sareak eta eskaintza bat plazaratzea du helburu. Horren bidez, euskal lurraldeen arteko loturak areagotzen laguntzen digu», adierazi dute.

Udaberriko kanpaina honen berrikuntzen artean, arroz konbentzionaleko 12 kiloko loteaK itzuliko dira. Honekin batera, lekale (dilista eta txitxirioak) lote propioak ere izango dituzte. Arbendolak, pasta eta ardo sortak ere topatu daitezke.