NAIZ

Jauregi sailburua Izaskun Goñi Pasaiako Portuko lehendakari berriarekin bildu da

Mikel Jauregi Lakuako Industria sailburua Izaskun Goñi Pasaiako Portu Agintaritzaren presidente berriarekin bildu da, ongietorria emateko.

Mikel Jauregi Industria sailburua eta Izaskun Goñi Pasaiako Portuko presidente berria.
Mikel Jauregi Industria sailburua eta Izaskun Goñi Pasaiako Portuko presidente berria. (IREKIA)

Mikel Jauregi Lakuako Gobernuko Industria sailburuak bilera labur bat izan du Pasaiako Portu Aguntarintzaren egoitzan Izaskun Goñi presidente berriarekin eta Joakin Telleria presidente ohiarekin. Azken horrek 2021etik izan du kargua erretiroa hartu duen arte eta sailburuak eskerrak eman nahi izan dizkio azken urteotan egindako lanagatik.

Izaskun Goñi Razquin (Iruñea, 1972) Pasaiako Portuko presidentea izango den lehen emakumea da. Nafarroako Unibertsitatean Ekonomian lizentziaduna, lehendakari berriak ibilbide profesional luzea du, bai esparru publikoan, bai pribatuan. Curriculumean, 2015 eta 2023 artean Nafarroako Gobernuan Enpresa Politikako, Nazioarteko Proiekzioko eta Laneko zuzendari nagusi izan zela nabarmentzen da.

Gainera, 2024ko urriaz geroztik, NHOD Industries Frantziako start-up delakoaren presidente ez exekutibo kargua betetzen zuen, eta iaz SRT Automotive enpresarekin bat egin zuen aholkulari gisa.

Azken zortzi urteetan Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko Batzorde Betearazlean ere aktiboki parte hartu du, lankidetza logistikoko mugaz gaindiko proiektuetan lan eginez eta Europako funtsak bereganatuz.

Izaskun Goñik bere gain hartu du Pasaiako Portuko Agintaritzaren etapa berri hau, «Gipuzkoako ekonomiarentzat funtsezkoa den enklabe baten hurrengo erronkei aurre egiteko, nazioarteko merkataritzan nodo estrategiko gisa eta euskal industriaren lehiakortasunerako funtsezko azpiegitura gisa jarduten baitu», Lakuako Gobernuaren arabera.