Irati Esparza--Guimon eta Maite Ubiria Beaumont

EEPk eta Eusko Jaurlaritzak emendatzerik gabeko buxeta aurkeztu dute

EEPk eta Eusko Jaurlaritzak 2025-2029 hizkuntza politikari buruzko lankidetzaren irizpide eta erronkak finkatzen dituen hitzarmena izenpetu dute, apirilaren 4an, Baionan. Iazko xifra bera atxikiko duen buxeta ere jakitera eman dute, hau da, 1.930.000 eurokoa.

Erakundeetako ordezkariek Baionako Departamendu Kontseiluan aurkeztu dute 2025eko programa eta 2025-2029 esparru-hitzarmena.
Erakundeetako ordezkariek Baionako Departamendu Kontseiluan aurkeztu dute 2025eko programa eta 2025-2029 esparru-hitzarmena. (Guillaume FAUVEAU)

Maider Behoteguyk, Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) lehendakaria, eta Ibone Bengoetxeak, Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburua, euskara elkarlanean sustatzeko erakunde bien engaiamendua berretsi dute gaur, apirilaren 4ko goizean, Baionan egindako ekitaldiaren bidez. 

Elkarlanari segida emanez, 2025-2029 eperako hizkuntza politikari buruzko lankidetzaren irizpide eta erronkak finkatzen dituen bosgarren hitzarmena izenpetu dute. Lankidetzaren lan-ildoak ezagutzera ematearekin batera, erakunde bien diru ekarpena zehaztu dute: EEP-k 1.530.000 euro ezarriko ditu, eta Eusko Jaurlaritzak, berriz, 400.000 euro. 

Ibone Bengoetxea lehendakariordeak adierazi duenez, «jauzi kualitatiboa eman nahi dugu euskararen erabileran, eta helburu horretan, ezinbetekoa da zubiak erakitzea eta lurraldeen arteko harremana sendotzea. Harremanak estutuz, informazio eta jakintza trukatuz, baliabideak bateratuz, proiektuak partekatuz… eraginkorragoak izango gara euskararen sustapeanean». Hitzarmenak «komunitate sentipena sorraraztea» helburu duela adierazi du gaineratu du. 

Emendatu gabeko buxeta

Orotara 1.930.000 euroko buxeta adostearekin, hizkuntza politikaren aktoreak eta jarduerak sustatzeko inbertsioa ez da emendatuko, nahiz eta euskara garatzeko lanean diharduten eragile esanguratsuek aspalditik jauzia emateko galdetu duten.  

Oroitzearren, 2024an aurkezturiko buxetari buruz haserre bizia agertu zuten jadaneko Euskal Konfederazioaren pean jarduten duten ordezkariek. Gauzak horrela, gaur aurkezturiko hitzarmenak ezingo du kezka hori baretu.

Hain zuzen ere, aurrekontua bi multzotan banatuko da: 1.793.500 euro ezarriko dira Iparraldeko eragile jakin batzuk diruz laguntzeko, eta 136.500 euro beste edozein eragile pribatuk aurkeztutako proiektuak diruz laguntzeko, Hizkuntza Jarduera Proiektu Deialdiaren bidez. 

Aurrekontuaren blokatzea

Hitzarmen berriaren aurkezpena Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) biltzar nagusiaren biharamunean heldu da. Hala, apirilaren 3an iragan zen biltzarrean baieztatu zen aurrekontua ez emendatzeko erabakia.

Iazko abenduan, urte bateko epea aitortu zion bere buruari EEPk aurrekontuen blokeoak sorturiko krisia gaiditzeko. Baina, lau hilabete ondotik ikus daitekeenez, egoera ez da aldatu

Euskal Hirigune Elkargoak izan ezik, erakunde gehienek ez dute diru-laguntza emendatzeko asmorik hizkuntza politika aitzina eramateko. Elkargoak 650.000 euroko ekarpena mahaigainean eman badu ere, beste eragileek ez zuten emendaketarik babestu. Blokeo iturri nagusia Estatuan kokatzen da. 

Estatuak bere posizioa aldatuko balu, beste eragileek mugimendua babestuko luketela uste dute EPPko ordezkariek. Zentzu horretan, Behotegik «esperantza atxikitzen» duela adierazi dio KAZETAri.

Borondate hori neurtzeko, lehen aukera izanen dute apirilaren 10ean, egun horretan EEPko ordezkariak frantziar Estatuko Hezkuntza Ministerioko ordezkariekin bilduko direla iragarri baitute gaurko prentsaurrekoan. Hitzordu horretan Seaskarekin baieztatzekoa duten hitzarmenaz gain, aurrekontuaren gaia ere mahaigainean ezarriko dute. 

Ministerio arteko bilkura ere egin beharra dute EEPko ordezkariek, egitura honen geroari buruz erabakiak hartzeke baitira.