
Greba egiten ari diren 9 palista profesionalek mobilizazioak iragarri dituzte datozen asteetarako, enpresarekin izandako azken bileraren ostean. Innpalaren jarrera salatu dute, besteak beste, talde osoarekin hitzarmen kolektiboa adosteko borondaterik agertu ez eta pilotariekin banaka negoziatzen saiatzen ari delako. Hori dela eta, elkarretaratzeak egingo dituzte ostiraletan eta larunbatetan Bizkaiko frontoietan.
ELAren egoitzan agerraldia egin dute Iñaki Urrutia, Iker Gordon, Pablo Fusto, Asier del Río, Jagoba Madariaga, Oier Alkorta eta Roman Maldonado pilotariek; Ibai Perezek eta Esteban Gaubekak ere bat egin dute deialdiarekin, lana dela eta bertan egoterik izan ez badute ere. Hain zuzen, Dan Necol palista ez ezik, enpresako koadro guztia ari da mobilizatzen. Alkortak eta Maldonadok hartu dute hitza prentsaurrekoan.
Enpresarekin izan duten azken bileran Innpalak uko egin dio kaleratutako bi pilotarien egoeraz hitz egiteari, baita apirilaren erdialdetik aurrera kontratua berritu behar duen hirugarren palista baten etorkizunaz mintzatzeari ere. Perez eta Gordon dira kaleratu dituztenak eta Gaubekari aste gutxiren buruan amaituko zaio kontratua.
Salatu dute enpresaren asmoa pilotariekin banaka negoziatzea dela eta horretarako saiakerak egin dituela, baldintza kaskarrenak dituzten pilotariei hobekuntzak eskainita. Horren aurrean, berretsi dute arazoa kolektiboa den heinean, konponbideak ere kolektiboa behar duela izan, eta enpresari mezu argia bidali nahi izan diote, azpimarratuz saiatuta ere ez dutela lortuko taldea banatzea. Horrela, Innpalari ere jakinarazi dioten moduan, pilotariek ez dute kontratu berritzerik izenpetuko kaleratutako kideak berriz onartu ezean.
700 euro hilean
Pilotariek azaldu dutenez, badaude hainbat palista 700 euro gordin kobratzen dituztenak eta, beraz, atxikipenekin, materialarekin, garraio gastuekin, fisioterapiarekin eta abarrekin, palista profesional gisa jarduteko ordaindu behar dutela, hilean 400 bat euroko gastua baitute. Maldonadok azpimarratu du «lotsagarria» ez ezik, egoera hau palaren etorkizunerako mehatxua ere badela.
Horregatik, palisten aldarrikapenen artean daude, besteak beste, anbulantziak eta mediku zerbitzua egotea partiduetan, eta kilometrajea eta bidesariak ordaintzea; baina, enpresak eskaini diena 900 euroko soldata gordina eta urtean 4 pala dira, material kopuru hori hilabete batekoaren baliokidea bada ere. Proposamena «eskastzat» jo dute pilotariek eta gogora ekarri dute kaleratutako palistak berriz onartu ezean, ez dutela akordiorik sinatuko.
Maldonadok azpimarratu du enpresak onartu diela Ibai Perezi kontratua ez berritzeko kirol arrazoirik ez dagoela eta, haien aburuz, Perezen zein Gordonen eta Gaubekaren kasuan, irizpide pertsonalak tarteko hartu du Innpalak erabakia. Hori dela eta, ELAk bide judiziala abiatu du, hiru pilotarien kontratuak ez berritzea langileak kaleratzea dela iritzita.
Izan ere, pilotariek zein sindikatuak adierazi dute ez dutela ulertzen Innpalaren jarrera, egon izan direlako pilotari gehiago soldata altuagoak kobratzen, lizitazioarekin enpresak jasotzen zuen diru kopurua bera izanda. Jose Ramon Garai enpresaren buru zenetik omen dator gatazka, eta Josu Urkijok eta Necol palistak enpresaren kudeaketa bere gain hartu zutenetik ez du hobera egin. Protestak abiatu zituztenetik Innpalak jarrera «harroputza« agertu duela salatu dute, besteak beste, aldageletara eta takiletara sarbidea ukatu baitiete kirolariei.
Foru Aldundia, isilik
Zerbitzuaren azken arduraduna Bizkaiko Foru Aldundia izanik, ELAk bilera eskatu dio hainbat aldiz, eta ez dituzte hartu nahi izan. Izan ere, bitartekari lana egin dezan nahi dute, Diputazioa baita zerbitzua lizitatzen duena, baita apirilaren bukaeran jokatzekoak diren Open Bizkaia torneoaren antolatzailea ere.

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca

«Dirigiremos Venezuela hasta que haya una transición», proclama Trump tras secuestrar a Maduro

El bombardeo en Venezuela y el secuestro de Maduro desatan la desinformación en redes sociales


