NAIZ

Auzitegi Gorenak udaletxeetan euskaren erabilerari lehentasuna emateko aukera ezeztatu du

Espainiar Estatuko Auzitegi Gorenak bertan behera utzi ditu EAEko Udal Legea garatzen zuen dekretuko hainbat artikulu eta, horrela, udaletxeetan euskararen erabilera lehenesteko aukera baliogabetu du. PPk eta Voxek egindako eskaerari men egin dio auzitegiak.

Kontseiluak Donostiako Udalaren aurrean oldarraldi judizialaren aurka egindako mobilizazioa.
Kontseiluak Donostiako Udalaren aurrean oldarraldi judizialaren aurka egindako mobilizazioa. (Jon URBE | FOKU)

Espainiar Estatuko Auzitegi Gorenak EAEko Udal Legea garatzen zuen dekretuaren hainbat artikulu baliogabetu ditu, PPren eskaerari jarraiki. Ezeztatutako artikuluek udaletxeetan euskararen erabilera lehenetsi beharra ezartzen zuten eta, beraz, aurrerantzean udalek ezin izango dute haien jarduera euskara hutsean burutu, ezta bertan lanean ari diren guztiak euskaldunak izanda ere.

Lakuako Gobernuak epez kanpo errekurritu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epaia, dekretuaren zenbait atal baliogabetzen zituena, PPk eta Voxek jarritako helegiteari men eginez. EAEANak neurri batean errekurtsoak onartu zituen, eta 2023ko urriko bi epaitan dekretuaren artikulu batzuk baliogabetu zituen, toki-erakundeetan euskararen erabilerari lehentasuna ematen ziotenak.

Lakuak bi epaiak errekurritzeko asmoa agertu zuen orduan, baina PPren helegiteak eragindako epaiaren kasuan, Auzitegi Gorenak emandako epetik kanpo egin zuen. Lakuako Gobernuak erabaki horren aurka egin zuen, iritzita 30 eguneko epea auzitegiak zioena baino beranduago hasi zelako, baina Gorenak apirilaren 2ko auto batean atzera bota zituen argudioak, eta ezetsi egin zuen errekurtsoa onartzea.

Erabakiaren aurka agertu dira UEMA, Euskalgintzaren Kontseilua eta LAB sindikatua, besteak beste. Kontseiluak lehen epaia jakitera eman zenean adierazitakoa berretsi du, erabakia «oldarraldi judizialaren» baitan kokatuta.

Halaber, azpimarratu du sententzia honek «udalak erabat babesgabe utzi dituela hainbat jarduera euskara hutsean egin ahal izateko». Gaineratu dute sententzia irmoak Udal guztiei eragingo badie ere, bereziki kaltetuko dituela euskara nagusi den eremuetako udalak, UEMAkoak, esaterako.

Hain zuzen, UEMAk eta UEMAko kide diren udalek argi adierazi nahi izan dute epai horiek «marra gorri guztiak gainditzen ari direla», eta «ezinbestekoa» dela euskarak behar duen lege-babesa benetan artikulatzea, auzitegien menpe ez egoteko. Era berean, euskaraz jarduten jarraitzeko konpromisoa agertu dute, «udalei eredu izatea dagokielako eta euskararen biziberritzeak ezinbestekoa duelako udalerri euskaldunen aitzindaritza eta eredugarritasuna».

Ildo beretik mintzatu da LAB eta «irmoki» salatu du espainiar Estatuko Auzitegi Gorenak hartutako erabakia. Kontseiluak adierazitakoarekin bat eginez, azpimarratu dute epaiek «babesgabe» uzten dituztela udalak, euskara normalizatzera bidean: «Beste behin, epaitegiek gazteleraren hegemonia babestu eta euskara mendekotasunera zigortzen dute». Horrez gain, sindikatuak Lakuari «arduragabekeriaz» jokatzea leporatu dio, EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiari helegitea jartzeko epea iraungitzen utzi duela eta.