NAIZ

Udal Legeari buruzko ebazpena epez kanpo errekurritzeagatik azalpenak eskatu ditu EH Bilduk

EH Bilduk azalpenak eskatu dizkio Lakuako Gobernuari, Udal Legearen hainbat artikulu baliogabetu dituen Auzitegi Gorenaren ebazpenaren aurkako helegitea zergatik aurkeztu zuen epez kanpo argitu dezan.

Euskalgintzako eragileen manifestazioa 2023ko azaroan Bilbon, oldarraldi judizialen aurka.
Euskalgintzako eragileen manifestazioa 2023ko azaroan Bilbon, oldarraldi judizialen aurka. (Aritz LOIOLA | FOKU)

EH Bilduk Lakuako Gobernuko bozeramaile eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburu Maria Ubarretxenaren premiazko agerraldia eskatu du Gasteizko Legebiltzarrean, «bertan argitu dezan zein izan den Jaurlaritzaren jokabidea Udal Legea euskararen arloan garatzen duen dekretuari buruzko auzi juridikoan».

Izan ere, indar abertzaleak gogoratu duenez, EAEko Auzitegi Nagusiak dekretu horren hainbat artikulu baliogabetu zituen 2023an, udaletan euskara ohiko hizkuntza izatea ahalbidetzen zutenak, eta orain Auzitegi Goren espainiarrak ere baliogabetu egin ditu, «Jaurlaritzak epez kanpo aurkeztu zuelako erabaki horren aurkako helegitea».

Josu Aztiria legebiltzarkideak azaldu duenez, Lakuako Gobernuak «dekretuaren defentsa egingo zuela esan zuen, baina helegitea ez zuen garaiz aurkeztu eta, ondorioz, baliogabetutako artikuluak atzera bota izana ontzat eman berri du Auzitegi Gorenak».

«Autogobernuaren eta euskararen biziberritze prozesuaren aurkako oldarraldi judizial, politiko eta mediatiko betean, geure erakunde publikoek eta hizkuntzak berak inoiz baino segurtasun juridiko eta babes handiena behar dutenean, larria eta ulertezina da Jaurlaritzak Udal Legearen defentsarako oinarrizko prozedura judizialak ez betetzea eta epez kanpo aurkeztea egoera honetan hain garrantzitsua zen helegitea», nabarmendu du.

Horrenbestez, EH Bilduko legebiltzarkideak «premiazkotzat» jo du Ubarretxenak azalpenak ematea, «Gobernuak arduragabe eta zabar jokatu duelako, EAEko Udal Legearen eta autogobernuaren defentsa egoki ez egiteagatik eta euskara udaletan ohiko hizkuntza izateko gutxieneko defentsa juridikoa ez egiteagatik».

Bere esanetan, horren ondorioa izan da Auzitegi Gorenaren ebazpena, udalei euskaraz jarduteko aukera ematen zieten artikuluak baliogabetu dituena, eta «erabaki horrek EAEko udal guztiak eta beren herritarrak kaltetuko ditu, bereziki euskara nagusi den eremuetakoak, eta, era berean, euskararen biziberritze prozesurako eta administrazioen euskalduntzerako oso erabaki kaltegarria da».