NAIZ

Ernai: «Ez dago gure herriaren askatasunaren alde lan egitea baino ezer ederragorik»

‘Gazteon eskutik independentziara’ topaguneak mugarri nagusia jarri du Berriozarren. Duela mende erdia hil zuten ‘Txiki’ren lekukoa hartuta, egungo agertoki nahasian «ez gara begira geldituko» adierazi dute: «Euskal Herri aske sozialista eta feminista eskuratzea da gure egitekoa».

Ernairen gazte topaguneko ekitaldi nagusia.
Ernairen gazte topaguneko ekitaldi nagusia. (Iñigo URIZ | FOKU)

Ekitaldi jendetsuak borobildu du Berriozarren eginiko gazte topaketa, nahiz oraindik zer gozatu baden eta igandean partehartzaile askok Iruñeko Aberri Egunarekin luzatuko duten jarduna. ‘Gazteon eskutik independentziara’ topagunearen ekimen nagusian, Euskal Herria askatzeko eta bestelako mundu bat lortzeko borrokatzeko prestutasuna berretsi dute ehunka gaztek (4.000 inguru antolatzaileen esanetan).

«Guk, gazte independentistok argi dugu zein den gure egitekoa –ziurtatu du Amalur Egurrola Ernaiko eledunak–: Euskal Herriaren askapen prozesua muturreraino eraman eta Euskal Herri aske sozialista eta feminista eskuratzea. Eta ez, hau ez da hautu sinple bat, ez da aukera bat, ulertu dugu herri honetako gazteon eginbehar politikoa dela. Ezinbestekoa dugulako independentzia eskuratzea inongo zapalkuntzarik gabeko herria, inongo zapalkuntzarik gabeko jendartea eraikitzeko».

Iraganeko eta oraingo erreferentziak tartekatu ditu hitzaldian. Laster beteko dira 50 urte Jon Paredes Manot eta Anjel Otaegi hil zituztenetik eta ‘Txiki’ zenaren sinbolismoa bere egin dute: «21 urte zituen irailaren 27 haren bezperatan, Bartzelonako kartzelan hurrengo hitzak idatzi zituenean; ‘Azken borondate gisa, beste hainbat gudari bezala, fusilatua izatea eskatu dut. Euskadiren alde hil direnak gogoan eta gure ikurrina akorduan eramanaz berarengatik urrun hilko bainaiz.’. Ba jakizu Txiki, gaurko gazteok ikurrina astintzen jarraitzen dugula, eta atzo bezala gaurko gazteok ez dugula etsiko Euskal Herria askatasunera eraman arte!».

Independentziaren izarra lotzen zuten kateak apurtuz abiatu da ekitaldia. (Iñigo URIZ | FOKU)

Garaiak aldatzen doaz, nola ez, eta hauek garai «nahasiak» direla ez dute ukatu. Gerrak, eskuin muturraren aurrerakada edota «basakeria kapitalistari» erreparatu die Egurrolak bere hitzaldian. Lehenari erantzuteko, Berriozartik oso gertu, Iruñean preso izan 800 gazte intsumiso baino gehiago  gogoan izan dituzte, honako hau argi uzteko: «Ez gara zuen gerretara joango! Ez gara zuen interesen izenean hilko. Gazteok burujabetza, gazteok bakea nahi dugu, gazteok inperialismo eta basakeria kapitalistaren aurka gaude. Eta ez gara konplize izango! NATO-ri ez! Gurea bakea eta askatasuna dira!».

«Beste mundu bat eraikitzea da zapalkuntza ororen gaindipenerako berme bakarra. Euskal Herritik jada horretan ari gara», nabarmendu du Egurrolak

«Aurrera urrats bat egin behar dugu –erantsi du Ernaik–, beste mundu bat eraikitzea da zapalkuntza ororen gaindipenerako berme bakarra. Euskal Herritik jada horretan ari gara». Ematen ari diren zenbait borroka (hau ere oraingoak eta garai batekoak) zerrendatu ostean, «gurean alternatiba badela» ondorioztatu dute, «herri borrokalaria izatearen ondarea da gurea».

Independentziaren izarra lotzen zuten kateak apurtuz abiatu da ekitaldia, hau irudikatzeko. Indibidualismoaren arriskuaren kontrako mezua ere islatu nahi izan dute honekin: hasieran nor bere kabuz aritu da ahaleginean, baina azkenean guztion artean egin dute, era kolektiboan, baita izarra askatu ere.

«Teoria perfektuak» aski ez direnean

Egungo trabak eta oztopoak aipatuz abiatu da ekitaldia, eta horri aurre egin zaie zenbait bertso eta olerkiren bidez. «Jauzi bat egin behar dugu», berretsi du gero Ernaik hitzaldian: «Orain da momentua, orain urratu behar dugu bidea, eta ziurrenik kontraesanekin topo egingo dugu, eroriko gara, hanka sartuko dugu. Ziurrenik erosoagoa litzateke teoria perfektuekiko koherentzia mantentzea, gatazka gutxiago suposatuko bailuke. Baina gu ez ginen horretarako jaio, herri honen askapen prozesurako bide egokienak sortzeko jaio ginen, herri hau askatasunera eramateko jaio ginen. Horregatik inoiz baino premia handiagoa dugu herri hau astindu, gaitasun guztiak askatu eta nazio bulkada berri bat abiaraztea, matxinada berri bati bide emateko garaia da».

4.000 gazte inguru izan dira topagunean antolatzaileen esanetan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Mobilizazioen beharra nabarmendu du Egurrolak, besteak beste Gure Eskuren ekainaren 7ko Bilboko hitzordua gogoratuz. Eta «Euskal Herrian ziklo politiko berri bat irekitzen ari dela» berretsi du Ernaiko bozeramaileak: «Ezkerreko independentismoak gero eta babes zabalagoa du, gero eta herritar gehiago gara ezkerreko independentismoak ordezkatzen dituen balioekin bat egiten dugunak. Gainera, gero eta biziagoa da euskal jendartearen artean aldaketa sozial eta politikoaren aldeko taupada. Gero eta herritar gehiagok, uste dugu gauzak dauden bezala mantentzea ez dela aukera bat».

Preso, iheslari eta deportatuen etxeratze prozesuari ere aipamena egin zaio ekitaldian. Ernai sortu zenean (2013an) 522 ziren sakabanatutako presoak eta orain 118 dira, baina «argi dugu, noski, hau ez dela amaiera. Preso guztiak etxean izan arte etsiko ez duen herri bat dago. Gure bidea ez baita presoak Euskal Herrian izatean amaitzen, gure bidea preso, iheslari eta errefuxiatu oro etxean izatean amaituko da. Gure bidea egiazko konponbidea erdiestean amaitzen da. Eta ez izan zalantzarik, une hori heldu arte ez dugu etsiko».

Hau guztia borobilduz, «gurea askatasuna da, eta horregatik, borrokara, lanera. Borroka izan da beti bidea –aipatu du Amaiur Egurrolak–. Eta bai, ederra da borrokatzea, ez dago egunez egun gure herriaren askatasunaren alde lan egitea baino ezer ederragorik. Ez dago, beste mundu bat eraikitzearen alde konprometitzea baino eskuzabaltasun handiagorik. Eta ez, ez dago hau gure kideekin, herri honetako gazteok elkarrekin egitea baino gauza politagorik».