«Manhattan, Santa Katalina eta Ipar kanalean galdutako 'kokoak' topatzen joango gara udaran»
Galdakaoztarra itsasoak zeharkatzen ohituta dagoen igerilaria da. Duela ia hamaika urte serio hartzen hasi zen kirol edo balentria hau, eta bere pasio bihurtu du. Denbora asko eskaintzen dio hainbeste maite duenari: uretan kilometroak eta kilometroak egin Eider Eibar bikotekidearen laguntzaz.

«Manhattan, Santa Katalina eta Ipar kanalean galdutako 'kokoak' topatzen joango gara udaran»

Iskander Sagarminaga prest da erronka berri baterako. Iazko abuztuan, Eider Eibar bikotekidearen laguntzarekin, Irlandara bidaiatu zuten, bertan Ipar Irlanda eta Eskoziako kostaldeak lotzen dituen eta 35 kilometro dituen Ipar Kanala igerian zeharkatzeko. Sagarminagak igerian eta Eibarrek balentria marraztea zuten helburua, kokoak.eus webgunean bizipenak jasotzen dituzten Zazpi Itsasoen Erronkaren baitan.
Helburua ezin izan zuten lortu; aurten, ordea, galdakaoztarrak hirukoiztu egin du erronka. Izan ere, hiruko koroa osatu nahi du: Manhattaneko irlari buelta ematea ekainaren 29an, Kaliforniako Santa Katalina irlatik Los Angeleserako gaueko zeharkaldia osatzea uztailaren 7-8an eta abuztuan iazko Ipar kanalekoa errepikatzea.
A zer hiru erronka dituzun udarako! Hiruretatik zein esango zenuke dela gogorrena?
Gogorrena, Ipar Irlandatik Eskoziara. Ur hotzak dira, historia osoan zehar 40 pertsonek bakarrik egin dute. Baina bakoitzak baditu bere zailtasunak. Adibidez, Kaliforniako Santa Katalinakoa gauez da eta animalia pila bat daude. Hor zure beldurrak...
Honekin, gainera, hiruko koroa osatuko zenuke, ezta?
Bai. Azkenean, hiruko koroa dira Mantxako kanala, Ingalaterratik Frantziara, 2023an egin nuena; Manhattan eta Kalifornia.
Ipar Irlandatik Eskoziara zailena izan daitekeela aipatu duzu. Iaz saiatu zinen eta ez zenuen lortu.
Iaz, ia hilabete egon nintzen irteteko itxaroten, eta eguraldi txarra zela-eta egun bat ere ez ezin izan nintzen irten. Azkeneko egunean esan zidaten ondo egon zitekeela, baina oso gaizki jarri zen, marmokak tarteko, eta ezinezkoa zen itsasontziak erritmo horretan niri norabidea mantentzea.
«Manhattan inguruko ibaian korronte handiak egoten dira; Santa Katalina irlakoa, aldiz, gauez egin behar da, ez da ezer ikusten eta animalia pila bat egoten dira...»
Zein ezaugarri ditu proba bakoitzak?
Adibidez, Manhattango buelta emateko distantzia 48,5 kilometrokoa da. Bertako ibaietatik pasatzen da eta korronte handiak egoten dira. Errekan zaude eta ur gazian baino pixka bat gutxiago flotatzen duzu. Eta luzea da, nahiz eta korronteak pixka bat laguntzen dizun. Santa Katalina irlatik Los Angelesera, derrigorrez, gauez egin behar da. Ez da ezer ikusten, baina animalia pila bat daude: itsas zakurrak, itsas lehoiak, izurdeak, marrazoak... Gainera, itsas zakurrak eta izurdeak zuregana hurbiltzen dira, oso kuriosoak dira. Agian ukitu egiten dituzu. Hasieran bakoitzaren beldurra izaten da. Mantxako kanalean goizeko ordu batean hasi nintzen, baina ez da hango bizitza.
Proba batek zenbat denbora irauten du?
Manhattangoa zortzi bat ordu izango dira, Santa Katalinakoa 10-11 ordu, eta Ipar kanalekoa 13 bat ordu izango dira.
Honek sekulako prestaketa fisikoa eskatuko du.
Bai, bai. Neguan, neopreno gabe sartu behar zara itsasoan, proba hauek neopreno gabe baitira. Ipar kanaleko ura 13 gradutan dago, eta 12-13 ordu egon behar duzu. Beraz, egokitu egin behar zara. Igerilekuan ere topera ibili behar da.
Sekulako aldea egongo da bainujantziarekin igeri egin edo neoprenoarekin.
Bai, bai. Neoprenoak epel mantentzen zaitu, eta gero, gainera, flotatu egiten duzu. Orduan, askoz ere azkarrago joaten da neoprenoarekin. Gainera, nekatzen zarenean, postura galdu egiten duzu, eta neoprenoak hori zuzentzen dizu. Neopreno gabe, nekatzen zarenean, hasten zara oker igeri egiten, eta kosta egiten da.
Hainbeste ordu igeri egitean, zer da garrantzitsuagoa, teknika ona mantentzea, posturak aldatzen joatea...?
Normalean dena crawl-en egiten dut. 45 minutuero edo gelditzen naiz eta hidratoak ematen dizkidate edateko. Hor pixka bat postura aldatzen dut, eta beti teknikoki oso ondo eta erritmo eroso batean mantendu beharra dago. Baina ezin zara joan oso astiro; adibidez, Ipar kanalean-edo ura oso hotza badago –Manhattanen ura 16 bat gradutan egongo da, Kalifornian 17 gradutan eta Ipar kanalean 13 gradutan–, oso astiro bazoaz, gorputzak ez du sortzen bero nahikoa, eta erritmo bat mantendu behar duzu. Horretarako joan behar zara sasoian.
Ura gero eta hotzagoa egon, gorputzak orduan eta energia gehiago gastatzen du gorputza bero mantendu nahian.
Energia gabe geldituz gero, astiroago joaten zara, hotz handiagoa sartzen zaizu eta bukle batean sartzen zara. Beraz, ondo entrenatuta joan behar da, hotzak ondo bilduta, elikadura ere ondo eraman behar duzu txakalaldirik ez izateko, erritmoa mantendu behar da eta psikologikoki 'helduko naiz' buruan izan. Gogorra izan behar zara horretan.
Nola jaten duzu igerian?
Zenbait bidoi ditut prestatuta: lehenengoa ura hidratoekin, bigarrena ura gelarekin, eta azkena ura isotonikoa. Kordel batekin botatzen dute, ezin dut eskuarekin barkua ukitu, edan egiten dut eta, adibidez, Manhattanen korronte handiak daude eta ezin naiz geratu. Orduan, egin behar dut denbora guztian hankak eman edo saiatu geldialdi bakoitza ahalik eta laburrena izaten.
Ez al zara aspertzen?
Ordu asko dira eta ordu horietan guztietan animikoki momentu onak eta txarrak izaten dira, gora eta behera, baina onena da deskonektatzea eta pentsatzea helduko naizela. Baina badira momentu batzuk gogorrak egiten zaizkizunak. Adibidez, Mantxako kanalean, gauez egitea gogorra egiten da; edo Jerseyko irlari bira eman nionean, egin dudan luzeena, bazeuden irlaren alboetan korronteak edo mareak, eta esaten nuen: 'Buf, zer ari naiz hemen sartuta?'.
Itsasoan, zure paisaia ur azpian egongo da.
Askotan hobeto da ez ikustea [barrez]. Mantxako kanalean, korronte oso handiak daudenez, eta sakontasun handirik ez dagoenez, sedimentu guztia igotzen da eta ez da asko ikusten. Eta Kalifornian, gauez... Manhattanen bai, ikusten da, poliki zoaz eta denbora guztian irlari buelta ematen. Edo zubien azpitik pasatzen zara eta hor dagoen jendea ikusten da. Interesgarria izango da.
«Ipar kanalean munduko marmoka handienak daude, 20 metroko luzerakoak, eta ehunka marmoka saihesten egon nintzen»
Aipatu dituzu itsas lehoiak, marrazoak... Psikologoekin lantzen al duzu hau guztia?
Ipar kanalean izurdeak pasa ziren azpitik eta marrazo batzuk ikusi nituen, baina ez dizute kasu handirik egiten. Txarrenak marmokak dira. Oso goian egoten dira eta adi egon behar zara ez ukitzeko, ziztada ez sufritzeko. Ipar kanalean daude munduko marmoka handienak, 20 metroko luzerakoak eta diametro oso handikoak. Han pila bat ikusi nituen saiakeran. Mantxako kanalean ere, erdialdean hiru bat ordu ehunka marmoka saihesten pasatu nituen. Ziztatzen badizute, agian batzuek egiten dizute erreakzioa eta antihistaminikoak hartzen ibili behar duzu txalupan, lehen laguntza moduan.
Jaso al duzu ziztadarik? Eta halakoetan, zer egiten duzu?
Bai, pila bat. Mina egiten du, eta pentsatzen duzu ahal dela, pasako dela mina. Aguantatu egin behar da. Azkenean erle batek ziztatzea bezala da. Gogoratzen dut nire lehen itsasaldian, Mallorcan, 10 kilometrotara marmoka bat sudurrean jarri zitzaidala. Kalanbre handia eman zidan, bi muskulu bikiak igo zitzaizkidan eta sudurra handitu egin zitzaidan. Azkenean, hori normala da.
Faktoreen artean, zein esango zenuke dela zailena?
Hotza eta beroa. Okerren pasa dudan itsasaldia izan zen Capri irlatik Napolira egindakoa. Sekulako sargoria zegoen, eta ura 28 gradutan. Mantxako kanalerako entrenatzen ari nintzen, azken momentuan joan nintzelako. Hotzera egokituta nengoen. Sartu nintzen, eta ura irakiten zegoen, kalanbreak izan nituen...
Bazegoen beste igerilari turkiar bat oso ona, karrera hasi eta 3 ordutara atera behar izan zutena bero kolpe batengatik konortea galduta eta sistema kolapsatuta.
Alboan, beti bezala, zure bikote Eider Eibar duzu egiten duzuna ilustratzen. Oraingo erronka 'Margo Pirataren' izenean egingo duzu.
Bai. 'Kokoak' irudimena gustatzen zaien bitxitxo batzuk dira, eta gero, 'Margo Piratak' dugu. 'Kokoak' mundu batetik bestera mugitzen dira, eta Eiderrek ilustratzen duenean eta ni igerian nagoenean, munduak elkartu egiten dira. Kasu honetan, joango gara topatzen Manhattanen galdutako 'Kokoa', Santa Katalinan galdutako 'Kokoa' eta Ipar kanalean galdutako 'Kokoa'. Magia, irudimena eta abentura elkartzen direnean, hor agertzen dira 'Kokoak', 'Margo Piratak' eta umeen mundu hori; abentura hau guztia kontatuko dugu kokoak.eus webgunean. Zuzeneko jarraipena egingo dugu erronka honekin.

Mujica hizo gala de ser «un poco vasco» y cumplió su deseo de visitar el país de sus ancestros

Fermin Muguruzak Anoetan eskainiko duen kontzertuko ordutegiak iragarri ditu

Erreakzio soka luzea eragin du Pepe Mujicaren heriotzak, baita Euskal Herrian ere

Vamo arriba, Pepe
