«Mendekatu dut Historia, eta asaskaturik gelditu naiz»
1941ean Etxanon sortutako umeak grina eta irudimena mantentzen du bide oparoa osatu ahala. Bertsogintza irauli zuen eta Euskal Herriko txapelduna izan zen bi aldiz. Idazlea, itzultzailea eta ikerlaria da, Manuel Lekuona, Lauaxeta eta Monzon-Ganuza sarien jabea. Amuriza.eus-en atera du liburu berria.

Duela bi urte bezala, bizigarria eta pozgarria izan da Xabier Amurizarekin elkartzea. Arantza Plaza emaztearekin etorri da, egun handi batean. Alaba erditzear da eta hunkituta daude, aitita eta amama bihurtzeko itxaronaldi gozoan. Jendea agurtu, solas batzuk egin, eta patxadaz jarri gara terraza batean, eguzkiaren eta itzalaren artean.
‘Nik ere badakit hiltzaile izaten’ liburu berria plazaratu du Amuriza.eus webgunean, bere ordenagailuaren gordelekuko bertze dozena bat lanekin batera. Bi urte darama webgunearekin eta badu bisiten erreferentzia bat, jakiteko irakurleak badabiltzala hor.
Liburua idatzi berria al da?
Bai. Dena aurtengo partean egina, ze, artean, erabakita neukan gehiago ez idaztea. Webgune hori sortu nuenean, ordenagailuan neuzkan lan guztiak sartu nituen, amaitu zela pentsatuz. Erabaki irmoa zen, e! Urtebete horrela joan zen. Baina oraindik bizirik eta aurrera, bat-batean tximista bat bezalako bristada bat pasatu zitzaidan begietatik. Forma bat. ‘Hau egin dezaket’. Gauzak ez dira, noski, bat-batean etortzen, lehenago zerbait buruan erabili ez baduzu. Baina erabakia nuenez ez nuela gehiago idatziko, ba utzi. Baina atzera etortzen zitzaidan [Barrez]. Probatzen hastea pentsatu nuen. Julio Zesar, adibidez. Aurrera eta aurrera, konbikzio handi gabe, amaitu nuen nola edo hala. Azkenean beti gertatzen zait horixe. ‘Egiten ez badut, ez da egingo. Orain egiten ez badut, geroago ez dut egingo’. Eta jarraitzea erabaki nuen.
Gozatu al zenuen?
Gozamena gero izaten dut, egindakoa ontzen, lantzen, orrazten. Aurrekoa lan bat da. Hainbeste datu antolatu, aukeratu, ordenatu. Bigarren pertsonaia Agripina izan zen. Amaitu nuen, eta honekin ere, bertsio gordina egindakoan, gozatu nuen konpontzen, luzatzen, kentzen, elkarrizketa edo narrazio forma ematen...
«Konkistatzaile hauei elkarrizketa egin diet. Piztu eta neuk akabatu ditut. Uste dut lortu dudala kontundentea eta literarioa izatea, panfletarioa izan gabe»
Eta guztiekin berdin egin zenuen.
Ez neure buruarekin borrokatu gabe, baina bai. Eta azkenean, hiru inpresio nagusi geratu zitzaizkidan. Lehenengoa. Bizkaierako aditz bat ‘asaskatu’ da. Zerbait esaten edo egiten hustu zarenean sentitzen duzuna. Hustearen betetasuna, dios! Gustura, baina enfasiarekin, kontsolatuta. Ba, horixe. Asaskaturik gelditu naiz. Bigarren inpresioa. Gero pentsatzen nuen, eta eskaintzan ere hala diot, irakurle batzuek atsegin on bat hartuko dutela. Zenbatek ez dakit, baina batzuek, ziur. Esango dute: ‘Dedio! Ez nekien nola, baina hauxe nahi nuen!’ [irri egiten du]. Eta hirugarrena. ‘Hau hor geratuko da’. Eskoletan ez dute gomendatuko, baina irakasleren batzuek esango diete ikasleei, azpitik: ‘Hau ere irakurri’. Hain zuzen, atzo idatzi zidan batek: ‘Eskolan ikasi genituen Pizarro, Zesar eta abar, heroiak balira bezala. Zure liburua irakurrita, heroiak dira, baina alderantziz. Eta oraindik horrela irakasten jarraitzen dute’.
Kalifikazio gogor samarrak ere erabiltzen dituzu.
Jakina! Gogorrak ez. Objektiboak. Bigunegiak, gertaeren neurrirako. Figura horiek konkistatzaile kriminalak izan ziren. Konparazio bat jartzeko, futbolean esaten da: ‘Munduko titulua konkistatu dute’. Zer litzateke balitz: ‘Aurkari guztiak hilda iritsi dira titulura’? Militarki horixe baita. Ba al dakizu zer den ‘konkista’? Zeurea ez den lurralde bat inbaditu, aurrean jartzen zaizkizun guztiak akabatu, eta bizirik geratu direnak, edo hil, edo esklabizatu.
Zein izan zen aipatu duzun tximista?
‘Konkistatzaile horiek piztu egin behar ditut. Elkarrizketa bat egin behar diet. Eta neuk akabatu behar ditut’ [irriak]. Elkarrizketetan, protagonistek gauzak naturalki esaten dituzte, sentitzen eta egiten zuten moduan. Haientzat normala zen. Loriagarri ere bai. Saiatu naiz elkarrizketa naturalak izan zitezen. Zehar-ironikoak ere bai. Uste dut lortu dudala aldi berean kontundentea eta literarioa izatea, panfletarioa izan gabe. Agripina, adibidez: Augustoren birbiloba, Tiberioren biloba, Germanikoren alaba, Kaligularen neba, Klaudioren emaztea, Neronen ama … Zer nolako alea! Bere semeak eraila izatetik libratzeko, bere burua hil zuen.
Sinestezina!
Ez hainbeste. Tazito historialariak dio Pison izeneko pontifize batez: ‘80 urte baino gehiagorekin, berez hil zen’. Harrigarria baitzen Erroman norbait inportantea ‘berez’ hiltzea. Normalean erailak edo suizidatzera kondenatuak izaten ziren. Julio Zesar halaxe hil zen. Zizeron asasinatua izan zen, eta izugarriak egin zituzten haren gorpuarekin.
«Gaur egun, 52 gerra daude martxan munduan. Konkistatzeko modua bat bakarra da: militarra. Eta ekonomikoa. Horrela izan da eta horrela da. Horiek al dira gure heroiak?»
Historiako hamar izen enblematiko hartu dituzu.
Azkena, Arthur Ingel. Izen-abizen horien jaberik ez da existitzen. Ez nuen aurkitzen pertsonaia bat, ondo identifika zezakeena Ingalaterrak munduan egin duen guztia, eta izendapen horixe eman nion haren historia koloniala irudikatzen zuenari. Alexander Handia ere denok aho zabalik ikasi genuen, artea, literatura, pentsamendua, dena alde zuela. Baina zenbat jende akabatu zuen! Zenbat lurralde txikitu zituen! Zertatik egin zen handi? Ahal zuen mundu guztia harrapatzetik, eta errenditzen ez zirenak suntsitzetik. Hamar izen horiekin gelditu nintzen, nahikoa direla pentsaturik. Pertsonaia modernoagoekin ere berdin egin liteke, baina distantzia batean, historian kokatuta eta goraipatuta gelditu direnak hartu ditut.
Egia da, hala daude. Kleopatra, Gaztelako Isabel I.a...
Amerika ‘deskubritu’ esaten dute. Han, aurretik, milaka urtetako zibilizazioak bizi ziren. Zer ‘deskubritu’ zuten? Espainolek egin zutena da Amerika inbaditu eta konkistatu. Pentsa nolakoa izango zen konkista, hizkuntzak ere galdu baitziren. Isabel I.a izan ei zen Espainia eratu zuena. Nola, ordea? Gerraz eta militarki. Inkisizioa ere berak ezarri zuen. Horiek al dira idealizatu behar diren figurak?
Honako oharra jartzen duzu bukaeran: «Fikzio bat: Historia idazten da gaizki gertatua ez errepikatzeko. Egia: Historia idatzi da errepikatzen jarraitu ahal izateko moduan».
Nire protagonistek eta orain denen ahotan dabiltzan Trumpek, Putinek, Netanyahuk eta beste zerrenda amaigabe batek bigarren horixe egiten dute. Gizarte formak aldatu dira, baina gorengo agintarien jokamoldeak ez dira aldatu. Pepe Mugicari entzuna diot, gaur egun, oraindik, martxan direla 52 gerra munduan. Konkistatzeko modua bat bakarra da: militarra. Eta ekonomikoa, noski. Horrela izan da eta da. Nafarroako Erresuma ere idealizatzen da, baina hura ere inperio txiki bat zen, izan zen bitartean. Nahiago nuke, noski, jarraitu izan balu, baina hor ere erregeak eta jaunak zebiltzan. Konkistatua izan zen, ezin izan zielako aurre egin beste konkistatzaileei. Nagusitu direnak inperioak dira, eta inperioko biztanleak harro daude euren historiaz. Denak ez, zorionez. Aurrerapena, neurririk handienean, basakeria militarrak eta lehia ekonomikoak ekarri dute. Hori guztia ez nuen nahi termino horietan adierazi, era literarioan baizik. Liburuaren azken sententzia honakoa da, historialariez eta pentsalariez: ‘Zuek ere harrapatuko zaituztet. Pentsatuko dut nola’.
Mehatxu hori noiz amaituko da?
Ez da amaituko, zoritxarrez. Gaixotasun arraroak dauden bezala, badira espezie arraroak ere. Arraroena, giza espeziea da. Hemen historia gertatu da gertatu den moduan, baina kontaera inperanteak dena exaltatzen du bere alde. Horretan ez dute gutxi eragin era guztietako pentsalari eta artistek, idazleak barne. Badirela beste era batera pentsatzen eta sentitzen dutenak? Bai, noski! Neu, adibidez. Eta nire moduan, asko eta asko. Baina kontaera dominantea bestea da. Horri buelta ematea ez dago nire esku, baina bai ematea alderantzizko kontaera bat eta sentiera bat. Horixe egin dut, eta asaskatuta geratu naiz, dedio! Mendekatu dut historia. Uste dut nire izena, batez ere, liburu honekin loturik geldituko dela. Orain bertan, ez hainbeste, baina mende bat barru, hor ibiliko da. Oso desberdina delako. (Iritzi boteretsu baten arabera, ‘desberdinegia’). Kontundentea delako. Eta literarioa delako.
‘Mende bat barru’ diozu?
Ez dakit. Nire pertsonaren konnotazioak ezabatzen direnean.
Eta orain? Ezin duzu baztertu gehiago idaztea...
Ez dakit. Oraindik argitasun bat geratzen zait, eta denbora bete behar da, zeren denbora hutsa baino zulo beltzagorik ez baitago. Badaukat ideia txiki bat. Aspaldi idatzi nuen: ‘Oroitzen naizena naiz’. Memoria. Asko itzultzen naiz neure memoriara, haurtzarora, nerabezarora eta iragan guztira. Duela 70 urteko pasarte bat gogoratzea eta orduko sentsazio berdina, ia berbera sentitzea mirari esentzial bat da. Hortxe baitago nire subjektua. Baina memoriak salto egiten du une batetik bestera, tximeleta batek bezala, batzuetan oso urrun. Gogoratzen ditudan gauzetako bat idazten jartzen banaiz, beharbada egunak pasatu beharko ditut oroitzapen hari forma bat ematen. Eta bide batez, poz hura gogoratzen, sentitzen, adierazten.
Orduan, denbora gustura pasatzeko era bat izan daiteke neure oroitzapenei, neure sentimenduei forma bat ematen plantatzea. Idazteak memoria geldiaraztera behartzen zaitu. Horrek denbora luzea bete dezake. Nik baditut hiru urte baino lehenagoko oroitzapen argiak. Gogoratzean, sentsazio berdinak sentitzen ditut. Eta bat-batean, beste sentsazio bortitz batek jotzen nau: ‘Baina bitartean 80 urte daude!’.
Jauzi hori ‘salto mortal’ bat bezalakoa da, gorputza eta gogoa dardaratzen dituena. Unea bera azkar joaten zait burutik, baina idazten hasten banaiz, adibidez: ‘Nik ez nuen ahorik irekitzen hiru urtera arte...’ eta abar, uneari eutsi egin behar diot. Idaztea gelditzeko modu bat da. Denbora behar du. Eta gero, idatzitakoa irakurtzean, berriz ere denbora dohatsu bat dator.
Nola ez, bertsoak ere jasoak daude Amuriza.eus-en.
Bai. Bat-bateko jarduna utzi nuenean, bertso eta kopla pila bat neukan gordeta, eta webgunean jarri nituen, zirkulua itxiz. Izenburua ere horixe: Itxi dezagun zirkulua. Geroztik, bertso eta kopla gehiago ere idatzi izan ditut, eta hortxe daude sartuak.
2016an, bat-bateko bertso gehiago ez kantatzeko hartu zenuen erabakiari tinko eusten diozu.
Kantatzen jarraitzen dut, noski. Adibidez, ‘Nire kantarik onenak’ saioan, eta abar. Hori gustatzen zait. Baina ez bat-bateko bertsolari moduan. Salbuespenik ez dut egiten, zeren, bestela, hurrengoari nola esan behar diozu ezetz?
Zirkulua ixten saiatzen zara, baina aktibo zaudenez, ezin.
[Irri algara] Gaur ere begira nolako egun zoragarria daukadan! Biloba datorrenean, hari ere kantatu eta kontatuko dizkiot direnak eta ez direnak.
[Berriro Arantzarekin elkartu eta desiorik onenekin agurtu gara. Bazkari eder bat egin dute ospatzeko, eta biharamunean jaio da Euri].

Mujica hizo gala de ser «un poco vasco» y cumplió su deseo de visitar el país de sus ancestros

El comité de Aroztegia denuncia que la empresa ha frustrado los intentos de acuerdo

Indar Gorri denuncia una multa de 60.000 euros por un tuit que la justicia no consideró delito

Alertan de un intento de desalojo en Amurrio por parte de Ama Desokupa
