Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Xabier Amurizak ‘Konfesio inkonfesableak’ lana argitaratu du bere webgunean

‘Konfesio inkonfesableak’ lan berria kaleratu du Xabier Amurizak bere webgunean, amuriza.eus-en. Abade egon zen herriei, Gizaburuaga eta Amorotori, eskaini die, non bere bizitzako urterik emankorrenak izan zituen. Elkarrizketek leku garrantzitsua dute gaztaroko bizipenak jasotzen dituen obran.

Xabier Amuriza, joan den apirilean Berrizen egindako elkarrizketan.
Xabier Amuriza, joan den apirilean Berrizen egindako elkarrizketan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Abade egon zen herriei, Gizaburuaga eta Amorotori, eskaini die Xabier Amurizak bere liburu berria, non bere bizitzako urterik emankorrenak izan zituen. Azkenaldian bezala, formatu digitalean plazaratu du idazle eta bertsolariak bere lana, amuriza.eus bere webgunean. Hantxe biltzen ditu bere ordenagailuko ‘gordelekuko’ idatziak, eta hantxe irakur daiteke azken obra hau ere, ‘Konfesio inkonfesableak’.

Izenburuak iradokitzen duen gisan, apaiz izan zen sasoiko bizipenak ageri dira lan honetan. 22 atal ditu, eta elkarrizketek leku handia dute. 

Honela hasten da ‘Perfumeak’ lehen kapitulua: «Armairu bertikal bat, bi metro gora, bat zabal. Metro bat altuerako atea. Goranzko baoa bi gortinak ixten, albo banatarantz konoan zabalgarri. Konfesatokia. Gizonezkoek, gortinak alboratuz, atearen pausalekura makurtzen gorputza, ukondoen gainean. Altueren arabera, makurtze txikiak, ertainak, handiak. Handien kasuan, ipurdiak nabarmenki irteten. Txikien kasuan, marmarra: ‘Horrek ez dauka ipurdirik ere’. Ertainen kasua ez da kontsideratzen. Armairuak albo banatan tranpaldo baxu bat dauka. Emakumeek, horietako batean belauniko, sareta forratudun leihoska txiki batera arrimatu behar dute ahoa. Beste aldean belarri bat, apaiz edo fraide batena. Iluntasuna. Honek dena irensten du».

«Apaiztu nintzenean konturatu nintzen perfumeen erabilera, konfesioetan, ez zela banitate dandy bat, adeitasun pastoral bat baizik. Zuzenbide kanonikoak, baimentzen ez ezik, behartzen gintuen kontaktu karnal indibidualetan, gizonezkoen burua, gortinape ilunean distantzien kontrol ezinezkoa bide, golkoraino sartzen zitzaizun. Barrukoaren eta kanpokoaren buruak, biak handiak baziren, normalak alegia, talka edo marruska inebitablea zen».

Amurizak (Etxano, 1941) iraultza ekarri zuen bertsolaritzara eta Euskal Herriko txapelduna izan zen bi aldiz. Idazlea, itzultzailea eta ikerlaria da, Manuel Lekuona, Lauaxeta eta Monzon-Ganuza sarien irabazlea. ‘Nik ere badakit hiltzaile bat izaten’ eta honen espainolezko itzulpena, ‘Yo también sé matar’, dira aitzinetik sarean argitaratu dituen lanak. 

Doan irakurri eta jaitsi daitezke, mota ezberdinetako bere bertze idatziak bezala.