
Euskal literaturarentzat beti bezpera balitz bezala. Zentzu orotako arrakasta ekarriko duen egun handiaren zain, non idazleak eta obrak egun batetik haragoko merezimendua eskuratuko duten, mundu mailako beste sortzaile anitzek bezala. Adibidez, bezperan hasi zen Saran idazleen biltzarra, Baiona Euskal Herriko Abesbatzaren eskutik, heiek diotenez Euskal Herri osoan ahotsez euskal musikaren sustapen eta hedapenean ari den koro profesional bakarra. Bezperan atondu zuten biltzarreko areto nagusia ere, han zebiltzan sortzaileak eta argitaletxeetako arduradunak postuak atontzen, eta egokiera horrekin eman zitzaion hastapena bazko astelehenez idazleen biltzarraren 42garren edizioari Saran.
Aste santuko oporrak eta Aita Santuaren heriotza askoren goizeko hizpide, horretan aurkitu dugu Mikel Epaltza apaiza, eta bere «samina» adierazi zion Battitte Laborde Sarako auzapezari, norbaitek bezperan telebistan agertu zela eta osasuntsu zirudiela aipatu duen arte. Baina, inor ez da bezperan hiltzen, baizik Sarako elizaren kanpandorreko idatziak dioen bezala oren guztiek kolpatzen bagaituzte ere «…azkenekoak du hobirat egortzen».
Biltzarra osasuntsu dago ordea, hala erakutsi du edizio berri honek. Jendetza goizean goizetik, eta geroz eta areto gehiago aurkezpenetarako. Goizeko 10etan François Bordes idazleak eman dio hasiera bere ‘Les Flammes de l’illusion’ aurkeztuaz, Ilusioaren Sugarrak. «1609 urteaz ari naiz, sorgin ehiza gupidagabe baten eszenatokia bihurtzen da Euskal Herria. Mitoaren eta errealitatearen artean, kondairaren eta manipulazioaren artean, Pierre de Lancre epaileak gidaturik pasarte odoltsuak daude. Errepresio honi buruz, sorgin deitzen zituzten horiek nortzuk ziren, zein ezkutuko interes zeuden jazarpen horien gibelean, kontakizun errealista bati heldu eta diskurtso ofiziala deseraiki nahiz ahalegintzen naiz», adierazi du.
Antton Kazabonek hartu du Bordesen txanda, Maiatz argitaletxearekin atera duen ‘Itsasoa noraino, haraino’ aurkezteko. Idazle oiartzuarra galdezkatzeko parada izan dugu gero: «Askotan etorri naiz Sarara, gazteentzat antolatzen dituzten Ikusi-Mikusi jardunaldientzat ere bai azken urteotan, eta poesiari heldu diot oraingoan, nerabeentzat edo helduentzat zuzendutako lanarekin. Haur tipiei begira hitz-joko eta abarrekin osatutako poemak baneuzkan idatziak aurrez, eta aldi honetan, sarrera idatzi didan Joxerra Gartziak dioen bezala, nire barneko minak kudeatzeko bi modu daudela agertzen dut, barnean edukita edo min horiei hitza jarri eta kanporatzeko, nahiz badakidan ez direla sendatuko, edo beste poeta batek esan bezala nolabaiteko ukendu izan daitezen».
Txomin Peillenen testuen bilduma aurkeztera hurbildu da Joseba Sarrionandia Sarara, eta aurkezpen aretoa bete-bete egin du. ‘Erroma eta Jerusaleme’ agertu digu Jabier Kaltzakortak, eta Jean-Baptiste Coyosek ‘Junes Casenave-Harigile-Zortzi pastoral berri II’. Ezinezkoa gertatzen zaigu aurkezpen guztien berri ematea hemen, egitarau oparoa eratu baitute antolatzaileek eta eguerdirako bostehun sarrera salduak zituztela eta kontent ageri ziren, iazko urteko kopurua gainditu ondoan arratsaldeko orduetan.
Liburuen postuetara bisita, eta hantxe aurkitu dugu Franck Dolosor: «Gernika Batailoia eta bere gudariak ohoratzera nator Sarara, hitzaldietatik harago doa lan hau, duela hamar urte dokumental bat egin ginuen bi gudarirekin, eta geroztik, bertze birekin mintzatzeko eta haiek mintza-arazteko parada izan dut, inoiz argitaratu gabeko argazkiak eta dokumentuak bildu ondotik liburu bat lantzeko aski material neukala ohartu nintzen, dokumentalak ezin zuena liburuak lortzen ahal zuela pentsatuta, testuinguruan sakondu. Gernika batailoiak aniztasuna erakusten du, eta gure herriaren historian biziki gutitan gertatu da denak batera aritzea zerbait edo norbaiten aurka, askatasunaren eta demokraziaren alde, hori hedatzeak merezi zuela sinistuta aritu naiz».
Garai bertsua baina protagonista bakar bat zeukan ardatz Joritz Larraza urruñarraren itzulpen liburuak: «Joseba Elosegiren egunkaria itzuli dut frantsesera. Kolpez eten zen Josebak idazten zuen egunkari hura, 1970eko irailaren 18an, nazioarteko Pilota Txapelketa zela eta, Anoetako frontoian Franco diktadorearen aitzinean su eman ziolako bere buruari. Gerra sufritua zuen hark, eta frankisten kontra aritu zen, ihes egin zuen iparraldera, Saran bizitu zen, eta alemaniarren kontra erresistentzian aritu zen. Gernikako sua eraman nahi izan zuen Francorengana, eta bizirik atera zen hala ere, gero presondegira eraman zuten, handik atera eta senatari bilakatu zen, Madrilen bere batailoiaren ikurrina atzeman zuen trofeo gisa erakusten zuela armadak eta hura ebatsi eta bere kapitaina izan zenari itzuli zion… arras interesgarria iruditzen zait bere bizitza, hunkitu egin nau eta transmisiorako tresna gisa egin dut itzulpen hau».
Euskal ikasketetan eta historian doktorea den Argitxu Camus ere aurkitu dugu liburu postuen artean: «Guretzako hitzordu inportantea da idazleen biltzarra, euskarazko liburuak hor baitira, zentzu horretan eskaintza geroz eta zabalagoa da, eta lagunen ikusteko parada ezin hobea eskaintzen digu biltzarrak gainera». Euskal diaspora ikertzen urte luzeak eman ditu Onizepeako doktoreak «tesiaren barne ikertu nuen euskaldunak nola antolatu ziren Argentinan eta AEBn, geroago sakontzen joan naizen gaia da hauxe, diasporarena, elkarte horien inguruan zer nolako nortasuna sortu zuten eta baita horien bilakaera ere. Badu urte batzuk harat joan zirenen gutunetan zentratzen naizela, idatzi horiek bildu, aztertu, sailkatu eta informazio berriak ukaiteko».
Lan horren sakontzen ari den galdeturik, «orain pausatzen ari naiz, lan berri bati ekin behar baitiot ekainaren lehenean». Duela guti eman zen jakitera Terexa Lekunberriren postua hartuko duela Argitxu Camusek, Ortzaizeko antropologoak ondare sailburu gisa lan eskerga egin ondotik erretreta hartzen baitu Euskal Kultur Erakundean.
‘Mesfida zaitez’ eleberria eskuetan zeukala atzeman genuen Bea Salaberri, Donamartiriko idazlea. Baionara ikastera doan emazte baten militantzia du ardatz bere liburuak eta hari hori sakontzea eskatu diogu: «Memoria historikoari buruzko lan bat proposatzen du liburuak. Irakurle batzuk gurutzatu ditut hemen, urtebete egin baitu eleberriak argitara eman genuenetik eta horrek garrantzia handia du niretzat, haien iritzia jakitea gibelapenarekin biziki interesgarria zait. Bestetik idazleok gure burua plazan ager dezakegu Saran, gure artean mintzatu eta besteen lanaz ezagupena izan».
Kepa Anabitarte zendu berriari buruzko liburua aurkeztu du Eneko Bidegainek arratsaldean, jendetza zebilen postuetan, baita kanpoan Pontx pailazoaren emanaldiarekin ere. Eric Dicharra bere ‘Deus’ biniloa aurkezten, poesia eta musika, eskaintza bereziek biltzarrean tokia dutela agertuz. Eta hau dena heldu den urteko egunaren bezpera gisa.

Mujica hizo gala de ser «un poco vasco» y cumplió su deseo de visitar el país de sus ancestros

El comité de Aroztegia denuncia que la empresa ha frustrado los intentos de acuerdo

Indar Gorri denuncia una multa de 60.000 euros por un tuit que la justicia no consideró delito

Alertan de un intento de desalojo en Amurrio por parte de Ama Desokupa
