
Bilboko Iron Cup txapelketa hasiko da ostiral honetan, 19.00etan, Deportivo pilotalekuan. Grand Slam kategoria duen txapelketa honek bigarren edizioa du aurtengoa eta iazko arrakastaren bidetik jarraitu nahi dute.
«Grand Slam bat da, gauzak serioagoa jartzen dira, bikoteak oso ondo orekatuak daude», adierazi dio NAIZi Xabi Barandikak. Gernikako Winter Series moduko kategoria izango du honek eta, beraz, urrats bakoitzak balio handia izango du. Denboraldiko hirugarren Slama izango da –Donibane Lohizuneko All Starreko finala asteartean jokatuko da– eta honen ostean, beste bost jokatuko dira, uda betean.
Gernikako aurrelaria astelehenean itzuli zen kantxetara, bost astez min hartuta egon ostean eta Zumaiako Masterreko finalera sailkatzeko urratsa eman du. Bilbon, Basque izango du atzelari eta Urreisti-Ibarluzea eta Goixerri-Lopez bikoteak izango ditu aurkari B multzoan.
Hain zuzen ere, Ekaitz Mendizabal ‘Goixerri’ da berritasun handiena Bilboko Iron Cupen. Mutrikuarra Magic City pilotalekuko izarra da. AEBetan dabil 2019tik eta Daniako pilotalekua itxi zenean –bertan Jai Alai Fall Challenge irabazi zuen 2020an–, Magic Cityn trebatu da. Zenbait txapelketa irabazi ditu bertan, bere anaia Aratzekin batera, eta bertako puntista nabarmenetakoa da. «Jendea gogoz dago bere maila ikusteko eta ea ikuskizun handia eskaintzen duen», adierazi du Iñaki Osa Goikoetxeak, Eraman Jai Alai enpresako kirol zuzendiariak, Bilboko Deportivon eginiko aurkezpenean.
Orain ere Magic Cityko txapelketa nagusiko play-offerako sailkatu da eta Bilboko Iron Cupekin batera uztartuko du. Mutrikuarra «oso pozik» dago Euskal Herrira itzuli eta zirkuitu lehiakor batean aukera izateagatik: «Hainbeste urte eta gero bueltan naiz eta pozik nago. Denbora generaman Goikorekin [Iñaki Osa Goikoetxea, Eraman Jai Alaiko kirol zuzendaria] hitz egiten eta aurten posible izan da. Bi txapelketa handi jokatuko ditut, pilotaleku oso ezberdinetan, baina hau zen nahi nuena».
Magic Cityko denboraldia pilotaleku motzago batean jokatzen da, kristalezko hormak dituena eta pilota ezberdin batekin. Hala ere, Goixerrik onartu du azken sei asteetan Daniako kantxan aritu dela berriro ere pilotaleku luzera moldatzen eta indartsu ikusten du bere burua. Lopez bezalako beterano batekin osatuko du bikotea Bilbon eta lehen aurkaria bere lehengusu eta herrikide Eñaut Urreisti izango da, azken denboraldiko sentsazioa.
«Ume-umetatik ezagutzen gara, erlazio oso ona daukagu; AEBetara joan izan naizenetan ere asko lagundu dit. Pozik gaude biok, profesional mailan elkarren aurka jokatuko dugulako, Bilbo bezalako eszenatoki handi batean; pozgarria da guretzat, bai eta Mutrikuko gazteriarentzat ere», onartu du Urreistik.
Maila ezin hobea ari da eskaintzen 20 urteko gaztea. Gernikakoa kasualitatea izan ez zela berresten dabil: Gasteizko Araba Euskaraz masterra irabazi zuen, Lekeition finala jokatu zuen eta Zumaian, hurrengo astelehenean, eta Donibane Lohizunen, hurrengo asteartean, beste final bana jokatuko du, Manci bizkartzain izango duela. «Daukadan onena ematen saiatzen naiz beti; finaletara iritsi naiz baina guztiak irabazi ez arren, emaitza onak pilatzen nabil», dio. Egutegi oparoa ari da izaten eta aukera guztiak probestea da bere helburua. Bilbon, lehen urratsa finalerdietara iristea izango du.
A multzoan ere maila handiko pilotariek neurtuko dituzte indarrak. Erkiagak –iaz Bilbon ere txapela jantzi zuen, Ibarluzearekin batera– Gorka Sorozabalekin osatuko du bikotea. Lekeitioko Masterrean garaipena eskuratu berritan, Iron Cupen ere bide beretik jarraitu nahiko dute Ispaster eta Biarritzeko puntistek, Jai Alai ligako bi onenek.
Olharan eta Lekerikak ere –gernikarra bigarren atzelaririk onena da rankingean– bikote oso indartsua osatzen dute, edozeini aurre egiteko modukoa, eta Laduche-Del Riok –aurre kanporaketako irabazleek– osatuko dute A multzoa.
Partida guztiak EITBren bitartez jarraitu ahal izango dira.
Emakumezkoen txapelketa, maiatzaren 16tik aurrera
Gizonezkoen Grand Slamean orotara sei jardunaldi jokatuko dira, ostiral bakoitzean multzo bakoitzeko neurketa bana jokatuz. Hauek finalerdietara iristen direnean, maiatzaren 16an, abiatuko da emakumezkoen txapelketa. Master kategoria izango du eta Jai Alai Ligarako puntuagarria izango da hau ere.
Elaia Gogenolak iazko txapela errepikatu nahi du, Frida bizkartzain duela. Berriatuarra sasoi betean dago, jokatu diren bost txapelketatik hirutan finala erdietsi baitu. Hala ere, ez du irabazteko aukerarik izan eta beraz, arantzatxoa kentzeko gogotsu dago. Aurkari gogorrak izango ditu lehen finalerdi horretan, Helena Barrenetxea –Winter Serieseko txapelduna– eta bere herrikide Maia Goikoetxea: «Zumaian beraien aurka jokatu nuen eta ezin izan nuen irabazi (13-15 eta 10-15)».
Hala ere, egiten ari den denboraldiarekin pozik agertu da –ligako rankingean aurrelaririk onena da–, azken urtean aurrerapausoa eman baitu. Ez soilik berak, baita gainontzeko puntistek ere. Modu berean, Berriatua ere izen larriz nabarmentzen ari da zirkuituan. «Zortzi puntistetatik lau berriatuarrak izatea gauza handia da», dio. Izan ere, Gogenolarekin batera, Maialen Aldazabal eta Maia Goikoetxea berriatuarrak lehiatuko dira Iron Cupen, bai eta Ihart Arakistain sopeloztarra ere, «aspalditik» Berriatuan entseatzen aritzen dena.
Goikoetxea ere harro sentitzen da horretaz. Zirkuituko gazteena da, 13 urte besterik ez ditu eta. Jendean harridura sortzen duela kontziente da baina, oro har, bera lasai sentitzen da. Disfrutatzen dabil eta «esperientzia asko» ari da pilatzen. Hala ere, oso argi dauka helburua: Jai Alai Ligako final fourrera iristea.
Helena Barrenetxearekin bikote oso indartsua osatuko du Bilbon eta beraz, finalerako hautagaiak izan daitezke. Hala ere, Elaiaren bizitasuna eta Frida Watkinsek atzean erakusten duen segurtasun eta argitasuna arerio gogorrak izango dituzte. Beste finalerdian, maiatzaren 23an jokatuko denean, Maialen-Ihart eta Maite-Oaia bikoteek neurtuko dituzte indarrak.

Mujica hizo gala de ser «un poco vasco» y cumplió su deseo de visitar el país de sus ancestros

Fermin Muguruzak Anoetan eskainiko duen kontzertuko ordutegiak iragarri ditu

Erreakzio soka luzea eragin du Pepe Mujicaren heriotzak, baita Euskal Herrian ere

Vamo arriba, Pepe
