NAIZ

Gizarte Aurreikuspeneko Plana duten milioi bat lagunek beren datuak ikus ditzakete app batean

Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Plan baten titularra den pertsona orok «modu erraz eta intuitiboan» kontsultatu ahal izango ditu bere datuak asteazken honetatik aurrera, Lakuak garatutako aplikazio baten bitartez.

Gizarte Aurreikuspenetarako Plan hauen federazioaren agerraldia, iazko datuak emateko.
Gizarte Aurreikuspenetarako Plan hauen federazioaren agerraldia, iazko datuak emateko. (Irekia)

Lakuako Administrazioak gailu mugikorretarako aplikazio bat garatu du, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakunde (EPSV, gazteleraz) plan bat duten milioi bat pertsona inguruk datu ekonomikoak kontsultatu edo pentsioa simulatu ahal izateko.

Finantza Politika eta Gizarte Aurreikuspen Zuzendaritzak eta Informatika Elkarteak batera sustatu dute Espainiako Estatuaren barruan aitzindaria den app hori abiatzea.

Aplikazioa App Store eta Google Play denda birtualetan eskuragarri dagoen Nik izaneko plataforman txertatuta egongo da, eta EAEko administrazio orokorrak plataforma horretan duen lehen zerbitzu aplikazioa izango da.

Plataformari esker, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Plan baten titularra den pertsona orok «modu erraz eta intuitiboan» kontsultatu ahal izango ditu bere datuak asteazken honetatik aurrera. Bertan biltzen diren datuak hilero eguneratuko dira.

Era berean, aplikazioak Gizarte Segurantzaren osagarri diren prestazioak kalkulatzeko aukera ematen du pentsio simulagailu baten bidez, erretiroa hartzen denetik hainbat urtera.

Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeak aurrezpen aurreikuspenerako tresnak dira, eta Gizarte Segurantzak ordaindutako hileko pentsioak osatzen dituzte.

%7ko hazkundea iaz

2024ko ekitaldian, balantze zifra 30.826 milioi eurora iritsi da, hau da, aurreko urtean baino ia 2.000 milioi euro gehiago (%7ko hazkundea). Termino makroekonomikoetan adierazita, ondare hori Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 2024ko Barne Produktu Gordinaren (BPG) ia herena da.

Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeek 1.178.891 bazkide dituzte hiru herrialde hauetan, eta 863.146 pertsona desberdin dira titularrak (EAEko 16 urtetik gorako biztanleen %45, Eustaten arabera).