
Osakidetzan komunikatzeko hizkuntza gisa euskara lehenetsi duten pazienteek beste tresna bat izango dute eskuragarri osasun profesionalekin euskaraz errazago hitz egiteko, ‘e’ ikurra gehitu baitzaie erietxeetan ingresatzen dituztenean eramaten duten identifikazio eskumuturrekoetan, behealdean ‘euskaraz’ legendarekin. Osasun esparruan euskara lehentasunezko hizkuntza bezala ezarri duten 370.000 lagunek jaso ditzakete neurriaren onurak, Lakuako Osasun Sailak azaldu duenez.
Eskumuturrekoetan pazientearen datu pertsonalak jasotzen dira (izen-abizenak, jaioteguna, historia klinikoaren kodea eta abar), eta orain ‘e’ letra ere agertuko da euskara komunikatzeko hizkuntza lehenetsi gisa aukeratzen denean.
Identifikazio eskumuturrekoa ageriko elementua da, ospitaleratutako pazienteen ibilbide osoan zehar ikus daitekeena; nahitaez jartzen da erietxeko larrialdietara sartu bezain laster, eta ez da kentzen alta eman arte. Faktore hori erabakigarria izan da ‘e’ sinboloa ere sartzeko erabakia hartzeko orduan.
Eskumuturrekoetan ‘e’ ikurra gehitzea proiektu zabalago baten parte da. Proiektu horren helburua dira, alde batetik, prozesu asistentzialaren kalitatea hobetzea pazienteen hizkuntza lehenetsia aitortuz, eta, bestetik, euskara lehenesten dutenak identifikatzea, euren hizkuntzan artatuak izateko aukera izan dezaten beti.
Osasun Sailarentzat eta Osakidetzaren iritziz, «egoera ahulean dauden pazienteek aukeratutako hizkuntza erabiltzeak segurtasun eta konfiantza espazio bat sortzen laguntzen du, eskaintzen den asistentzia kalitatea hobetzeko».
Gogoratu dutenez, Osakidetzak hamarkada bat darama herritarrek osasun esparru publikoarekin komunikatzeko nahiago duen hizkuntza lehenetsia zein den erregistratzen. Pazientearen hizkuntza lehenetsia osasun zentroetako administrazio eta onarpen eremuetan erregistratu ohi da, eta profesionalek erabili ohi dituzten informazio asistentzialeko sistema nagusietan agertzen da. Ondorioz, profesionalek erraz identifika ditzakete euskara nahiago duten pazienteak. Gainera, hizkuntza lehenetsia Osakidetzako Osasun Karpetaren bidez ere erregistra daiteke.
370.000 lagunek hautatu dute euskara
Orain arte, 370.000 lagunek aukeratu dute euskara lehentasunezko hizkuntza gisa esparru sanitarioan. Aurrerantzean, Osakidetzaren sareko erietxeren batean ingresatuz gero, paziente horiek ‘e’ ikurra izango dute identifikazio eskumuturreko pertsonalean.
Pazienteen identifikazio eskumuturrekoetan ikurra txertatzeko ekimena ‘Parte Hartu’ ekimenaren barruan hobetzeko ideien proposamen baten ondoren etorri da, Osakidetzako profesionalen parte-hartzea eta lankidetza sustatzeko programa korporatiboaren barruan.
Aurkeztutako ekimen onenen artean hautatua izan ostean, pixkanaka hedatu da, euskara komunikatzeko hizkuntza gisa lehenetsi duten pazienteak identifikatzeko sistema garatzeko eta zabaltzeko xedearekin.

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

El bombardeo en Venezuela y el secuestro de Maduro desatan la desinformación en redes sociales

32 combatientes cubanos murieron en el asalto estadounidense en Caracas

54 urteko mendizale bat hilik aurkitu dute Aiako Harrian; Iban Apaolaza presoa da
