Niagaran mugak batu zuena Trumpek banatu du
Kanada munduko bigarren estatu handiena da hedaduraz. Milaka kilometro luze den muga dauka, baina beste herrialde bakar baten mugakidea da: Estatu Batuak. Kanadaren historia markatu du etengabe. Donald Trumpen irainek mugaldeari erabat erasan diote. Niagarako ur jauzietan nabari da eragin hori.

Kanadaren sorrera AEBri lotuta dago. 250 urte beteko dira datorren urtean independentzia gerra piztu zenetik. Erresuma Batuaren aurkako gatazka haren ostean, Ipar Amerikako 13 koloniak Londresen agintetik askatu ziren. Britainiar koroaren menpe geratu ziren lurraldeek Kanadako federazioa eratu zuten mende bat beranduago. Egun ere monarkia britainiarraren zati dira, eta Charles edo Elizabeth erreginen aurpegiak ageri dira ifrentzuan. Esklabotzatik ihesi zihoazen lurpeko trenbidea izeneko sare klandestinoan ere rol berezia jokatu zuen mugak, 1850eko hamarkadan batez ere, askatasunaren sinboloa baitzen Kanadara ihes egitea esklabo egondako pertsonentzat. Sorreratik bertatik, beraz, lotuta daude Estatu Batuak eta Kanada. Egun ia bederatzi mila kilometro luze den muga daukate. Horietatik zazpi mila Atlantikotik Pazifikora doan lerroa dira, eta beste 2.500 kilometro Alaskarekiko muga da. Montreal eta Vancouver Kanadan, eta Detroit eta Seattle Estatu Batuetan, mugatik ordubete baino gutxiagora dauden hiri handiak ere. Winnipeg, Ottawa hiriburua eta Toronto, herrialdeko hiri handiena ere, AEBtik ordubete pasatxora daude.
Muga hori txoko bereziren batean nabari bada, Niagarako ur jauzietan da leku hori. Aintzira Handien eskualdean erdi-erditik doa bi herrialdeen arteko marra, itsasora bidean mila irlatxo hartzen dituen San Lorentzo ibaia bihurtu aurretik. Erie eta Ontario dira ekialdeen dauden lakuak. Bi aintzirak arroila estu batean lotzen dituen Niagara ibaia lerro horren zati da, mendebaldean Kanada eta ekialdean Estatu Batuak. Alderdi estu hori mundu osoan ezagunak diren ur jauzietan lehertzen da, aintziren arteko garaieran dagoen aldea berdintzeko.
IZEN BAKARRA, BI HIRI
Ipar Amerikako lekurik turistikoenetakoa izan da Niagara XIX. mendetik, eta Niagara Falls hiria sortu da ur jauzien inguruan. Izen bereko bi hiri dira: AEBko New York probintzian 50 mila biztanleko Niagara Falls dago. Ibaiaren gaineko zubia igarota, Kanadan sartzean Ontario probintziako Niagara Falls udalerria da lehena. Jim Diodati bertako alkateak ‘Publico’ri aitortu dionez, Trump 1980ko hamarkadan telebistan azaltzen hasi zenean, «itzel maite nuen, erosi nuen, eta pentsatu nuen presidente bikaina izango zela; azkenean negozio gizon bat herrialdea zuzentzen, politikari baten ordez». Behinolako lilura horrek berriki arte iraun zion alkateari, Trump Kanadari buruz mintzatzen hasi zen arte, AEBko 51. estatu bihurtu beharko litzatekeela errepikatuz.
Asko dira antzera pentsatzen dutenak. Ia muga ikusezina izan da luzaroan, asko baitira Niagararen alde batean eta bestean lan egiten duten kanadar zein estatubatuarrak. «Mugako herri batean bizita, muga ikusi ere ez dugu egiten. Orain jendeak neurriak hartzen ditu, birritan pentsatzen du. Kanadarrek ez dute ongietorririk sentitzen AEBra heltzean. Eta pixka bat tristea da; lehen ez zen horrela eta ez luke izan behar». Alkateak ere, herriko beste hainbat negoziok bezala, Kanada salgai ez dagoela dioen afixa darabil.
AEBko Niagara Falls hiri industriala izan zen historikoki, 1970eko hamarkadako gainbehera jasan zuen arte. Kanadakoak, aldiz, turismoan sekulako arrakasta izan du, eta ehun mila biztanle baino gehiago ditu, mundu osoko etorkinak tartean. Lehenaren lurraldean hiru ur jauzietatik bi daude, eta bertatik ikusteko lekua Estatu Batuetan dago. Kanadako aldean, Horseshoe ur jauzi handiena izateaz gain, ikuskizun naturalaren perspektiba osoa eskaintzen du.
Ohikoena mugaren alde bat eta bestea bisitatzea izan da. Kanada bereganatzearen diskurtsoak lehenbizi eta muga zergen ezarpenak gero, giroa erabat gaiztotu duten arte. Estatu Batuetako aldean, bereziki, kanadarren bisiten beherakada nabari dute.
Tourrak urritu egin dira, eta konpainia batzuek bertan behera utzi dituzte New Yorkerako txango guztiak. Kezka handia daukate, eta Trumpen agintaldiaren iraupenerako perspektiba ilunak dira, elkarrekin 2026ko futboleko Munduko Kopa ere antolatzeko ardura duten arren.
Mark Carney jarduneko lehen ministroa eta datorren asteleheneko hauteskundeetako hautagai liberala honaino etorri zen kanpainan, ur jauziak eta, beraz, muga atzean zituela agerraldia egiteko. Bi herrialdeen historia komuna aipatu zuen, eta gogora ekarri nola desadostasunak adeitasunez konpontzen jakin duten. Baina oraingo kaosa nazioarteko merkataritza sistema higatzen ari da; hala ere, aurretik ere krisietan eskarmentua daukala azpimarratu zuen Carneyk «Erresuma Batua gidatuz Brexitaren nahasmenean» eta prest dagoela «AEBk gure subiranotasunari egiten dizkioten mehatxuen aurrean». Horretarako, «Kanada indartsua eta librea eraikiko dugu, betiko Estatu Batuetatik independentea den Kanada».

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

Euskal musikaren sektoreak kezkaz begiratzen dio makrokontzertuen gorakadari

Científicos que trabajan en Groenlandia alertan del riesgo de una apropiación de Estados Unidos

«Rotundo rechazo» de EH Bildu, Elkarrekin y PSE a la presencia de Desokupacyl en Zornotza



