
Talde gehienek kontsolamendu gutxi izan dezakete asteburuan lehiatu den Kopako finala ez jokatzeagatik. Honek ez du esan nahi Athletici ez litzaiokeela jokatzea gustatuko –iazko titulua errepikatu ahal izateko, gainera–, baina ostegunean denboraldiko partidarik garrantzitsuena jokoan duela jakinik, eta urtean nolako lan karga izaten ari den kontuan hartuta, zuri-gorriei ondo etorriko zitzaien atseden egun gehiago izatea.
Are gehiago Barça eta Real Madriden arteko finala luzapenean erabaki zela ikusita. Hala ere, atsedena baino gehiago, Manchester Uniteden aurkako kanporaketa hobeto prestatzeko erabili ahal izan dituzte bilbotarrek egun hauek.
Apirila gogorra izaten ari da Valverderen jokalarientzat, eta lehiaketatik pixka bat deskonektatzeko baliatu dituzten egun hauek balio izan dute arazoren bat daukaten jokalariak osatzeko. Ez, ordea, Oihan Sancetentzat. Nafarrak aukera gutxi ditu osteguneko finalerdietako joaneko lehian prest egoteko, bere ezker hankako bizeps femoralean «lesio moderatua» sufritu zuelako Las Palmasen aurka.
Astelehen honetako entrenamenduan lehenengo 15 minutuetan taldekideekin aritu zen Sancet, baina zaila izango du garaiz osatzea. Eta ikusi beharko da datorren astean Old Trafforden, jokatzeko prest egongo den. Tartean, gainera, Realaren aurkako derbia jokatuko du Athleticek, igandean, gaueko 21.00etan, Anoetan.
Sanceten ordezkoa izan daitekeen Unai Gomez gaur lanean aritu da. Honen kasuan, ezin izan zuen Las Palmasen aurka jokatu, baina badirudi osatuta dagoela. Dena den, astearte honetan 11.00etan eta asteazkenean 18.00etan egingo diren saioetan hamaikakoa egokitzen jarraituko du Valverdek.
De Marcos, 76-rekin
Sancet ziur aski baja izango den arren, taldean bada protagonismoa izango duen beste jokalari bat. Nahiz eta berari pertsonalki honelako egoera ez gustatu, oharkabean pasatzea gustatzen zaion Oscar de Marcos Athleticekin Europan partida gehien jokatu duen jokalaria bihurtuko da, ostegunean jokatuz gero.
Oroitzapen onak ditu Manchester Uniteden aurka Guardiako hegalekoak, eta talde ingelesaren aurka lehiatuta, 76 partida beteko lituzke Europan. Horietatik 67 neurketa Europa Leaguen dira, eta beste zortziak Txapeldunen Ligan.
Zifra hauek Markel Susaeta jokalari ohiak ere baditu. Rankingean beste jokalari zuri-gorri hauek ageri dira: Iker Muniain (61), Ander Iturraspe (54), Mikel San Jose (53), Aritz Aduriz (48), Andoni Iraola (46), Gorka Iraizoz (45), Iñaki Williams (41) eta Carlos Gurpegui eta Aymeric Laporte (39).
Oscar de Marcosek 36 urte ditu eta denboraldi amaieran futbola utziko duela iragarri zuen duela hilabete batzuk. Dena ondo joanda, Guardiakoak etxean, San Mamesen, Europa Leagueko garaikurra altxatu ahal izango luke. Hala, Europan 78 neurketarekin amaituko luke ibilbidea.
Athleticen jokatu dituen 16 denboraldietan, orain arte 568 partida ofizial jokatu ditu arabarrak. Bere aurretik Jose Angel Iribar bakarrik ageri da, 614rekin. Aipaturiko 568 lehia horietatik 432 Ligakoak dira, Muniainen zifratik bi partidetara (434) –dena ondo joanda, nafarra gaindituko du, Ligako bost jardunaldi falta baitira–. Oso aurrean daude Iribar (466) eta Joseba Etxeberria (445).
Dispositibo estua
Osteguneko hitzordu garrantzitsura begira, Bilbok dispositibo estu bat antolatuko du, Udaltzaingoak, Ertzaintzak eta Athleticek koordinaturik.
Diseinatutako dispositiboak batez ere San Mames inguruei eragingo die, «bi zaletu taldeen eta, oro har, herritarren segurtasuna bermatzeko neurri batzuk zehazte aldera», adierazi zuen Athleticek. Izan ere, Europan horrelako ekitaldietan ohikoa den prozedurari jarraituz, bisitariei elkargune batera dei egingo zaie, zelaira denak batera joan daitezen, Ertzaintzako agenteek lagunduta.
Dispositibo estu honek trafiko eta garraio publikoan aldaketak ekarriko ditu. Manchester Unitedeko zaleen «meeting point»-a Iparragirre kalearen lehen zatian egongo da, Guggenheim Museotik hurbilen dagoen tartean. Ondoren, 18.00ak aldera abiatuko dira San Mameserantz.

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

La jueza decreta el sobreseimiento de la causa por el pelotazo a Xuhar Pazos

