Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

«Diesel jendea» bildu du Bertol Arrietak zazpi ipuinetan

Bertol Arrieta (1975, Zarautz) idazleak ipuin liburu berria aurkeztu du Alberdania argitaletxearekin, ‘Diesel’ izenekoa. Zazpi narrazio ezberdinek osatzen dute liburua, baina aurkezpenean ipuin bakoitzak izan ditzakeen loturen inguruan hausnartu dute.

Arrieta, ‘Diesel’ ipuin liburua eskuetan duela.
Arrieta, ‘Diesel’ ipuin liburua eskuetan duela. (Maialen Andres | FOKU)

Lehen begiradan elkarren antzik ez duten zazpi ipuinek osatzen dute Bertol Arrietaren hirugarren ipuin liburua, ‘Diesel’. Astelehen goiz honetan aurkeztu du Alberdania argitaletxearekin kaleratu berri duen liburua, idazlearen hitzetan, egun ona da narrazio bilduma hau aurkezteko «pertsonaia denek bizitzari astelehena balitz bezala begiratzen diote».

Bizitzarekiko eszeptizismo puntu bat erakusten duten gizabanakoak dira ipuinetako pertsonaiak Aritz Galarraga editorearen esanetan, «ipuin txinpartatsuak». Izatez elkarrekin loturarik ez duten narrazioen arteko konexioak azaldu nahi izan ditu editoreak aurkezpenean.

Lehen konexioa: pertsonaiak. «Jende arrunta da, aspirazio handirik gabea, heroikeria handirik gabeko pertsonak, nahiz eta helbururen bat duten denek», adierazi du. Eta hortik «diesel jendearen» kontzeptua ere, «reprise handirik gabekoa, baina etengabe aurrera egiten duena».

Arrieta idazlea bat dator editorearekin. Bere ustez, pertsonaiak ezberdinak diren arren, guztiak daude 40 eta 50 urte bitartean, «beren bizitzaren biniloaren B aldea entzuten ari dira», eta bere iritziz, horrek eragina du beren bizitzetan ez ezik baita beren harremanetan ere. «Pertsonaien arteko harremanak arrakalaz beteta daude, sexu-harremanak inperfektuak dira, eta etorkizunari begi ertzetik begiratzen diote, batzuetan malenkoniaz, besteetan sarkasmoz», kontatu du idazleak.

Bigarren konexioa: gaiak. «Bizitza bera eta bizitzaren ezintasuna», horixe Galarragaren hitzetan ipuin liburuko erdigunea, eta Arrietak, aldiz, «dekadentziaren argazki» gisa definitu du. Errutinari aurrera egiteko grinarik dabilen idazle blokeatua, haurren urtebetetze ospakizunak kondena zaizkion aita etsia, laurogeitaka urteko pintore baten misterio deskubritu nahi duen kazetari prekarioa, suizidaren maitasuna bilatzen duen mutilzahar desesperatua…

Idazleak kontatu du «giza arimaren gutxien gustatzen zaizkigun gauzak» agertzen direla, eta saiatu dela «inperfekzioaren edertasuna» azaleratzen. Bakardadea, errua, mina, harremanak, lagunak, suizidioa… beste hainbaten artean horiek zerrendatu ditu idazleak, baina hala ere «kutsu bitalista» bat hartu dutela zehaztu du, «ipuin asko irribarre batekin irakurtzen dira, umorea dezente erabili dut», aitortu du.

Artearen inguruko hausnarketa eta erreferentzia asko jasotzen direla narrazio ezberdinetan gehitu du, izan ere, bere ustez, maitasunarekin batera artea izango da «salbatuko gaituena». Bizitzaren «absurdoaz» ere hausnartu du liburuan idazleak, idazkera «intuitiboa» izan duela ohartarazi du.

Kontaera eta begirada

Hirugarren konexioa: kontaera. «Ferrari askorik ez dugu aurkituko ‘Diesel’ liburuaren kontaeran, Daciaren bat bai. Baina irakurleetako zenbatek gidatzen du Ferrari bat?», egin du galde Galarraga editoreak. Eta gehitu du, bere iritziz, «su artifizialik» gabeko idazkera dela Arrietarena, eta «azpi korronte indartsuek» mugitzen dutela.

Idazterako unean, «bulkadei» jarraitu diela aitortu du Arrietak: «Tonu edota xehetasunen bat hartu dut abiapuntu gisa askotan, eta pentsatu gabe idazten jarraitu dut». Hala ere, zehaztu du,  zuzenketa eta orrazketan lan handiagoa eskatzen duela horrek.

Aurkezpenak aurrera egin ahala bururatu zaio laugarren konexioa Galarragari: begirada. «Ipuinek zure begirada filtratzen dute Bertol, irribarrea ateratzen duten narrazioak dira eta hori umoretik egin duzu». Eta nola egin hori umoretik? «Norbere buruari barre egiteko bulkadatik, hortik abiatuz sortzen zait umorea», zehaztu du idazleak.